Ever Given kargu-ontzia trabatu ondoren, gure auzoko betiko harategia itxiko dela ezagutu nuen. Bi gertaerok zerbaitek lotzen ditu, eta ez da oraingo pandemia.
Suezko kanala buxatzean, geldituriko hogei bat itsasontzietan ehun mila inguru abere zeuden, bizirik, Ekialde Ertaineko merkatuak Europako ekoizpenarekin asetzeko. Gure auzoan, berriz, behin biziz beteriko dendetatik erosleak poliki desagertuz doaz. Okelaren kontsumoa ez da jaitsi, erosketa ohiturak aldatu bai, ordea.
Biak joera beraren gauzatze dira, kontsumo eta ekoizpenaren bilakaerarena, eta horrekin, aztarna ekologikoarena. Erosle aunitz, hemen eta Ekialde Hurbilean, hipermerkatuetara goaz janaria erostera, non edo nola ekoitzia den asko begiratu gabe. Berdina arropekin, jostailuekin, aparatu elektronikoekin... Suezen bestaldean trabatu zen gauza askorekin. Aldaketa ez da norbanakoen ardura soilik, agente pribatu eta publikoen bultzadak eta onarpenak merkataritza zentroen eta denda-kate predatorioen ugalketa errazten dute. Bitartean, joera horrekin ez doazen alternatibak zaildu direla dirudi —nork erranen luke, auzoko harategira joatea edota bertan eginiko espartinak erostea ekintza transgresoretzat jo zitezkeela?—.
Joera berdinaren parte da ekoizpen industrialaren bilakaera: beste zenbait herrialderen eskulan merke eta araudi ahulek erakarrita, bertara daramate gradualki enpresa askok ekoizpena, Tubacexeko altzairu hodiak ere bai agian. Hurbil egiten zena orain urrun ekoiztea eta urrundik erostea komeni zaigu —geroz eta gauza gehiago—. Ondorioak? kalitatezko lanpostu galerak eta planetaren ustiapena, Marx Anaiek zuraz elikatzen zuten trenaren modura.
Dinamika hauek helburu batek bultzatzen ditu gehienbat: epe motzerako gastu murrizketak eta diru irabaziak, norbanakoenak zein enpresenak. Gobernuentzat, helburu hau BPGaren hazkundearen gisa azaltzen da. Hazkunde grinak kargu-ontzi erraldoiak betetzen ditu.
BPGaren kontzeptua nazioen merkatuko balioa neurtzeko asmatu zen, asmatzailearen ohar batekin: garapena neurtzeko ez du balio. Halere, nazioen aurrerapenaren adierazletzat tronuratu da eta horri so gabiltza itsu: Nafarroan 2020an BPGa eta Jaurlaritzaren 2021erako hazkunde iragarpena jaitsi direla entzun berri dugu, guztiz ulergarria ez den egonezina eraginez.
Baina gure jardueren helburu bakarra ez da merkatu balioa puztea. Beste helburu garrantzitsuak badaude: enplegu egonkorra, kalitatezko produktuak, denentzako hezkuntza eta bizi aukerak, berdintasuna, gure eta ekosistemen osasuna, eta abar. Enpresa edo nazio batek helburu hauetakoren bat sakrifikatuz diru-irabaziak maximizatzen baditu, ez litzaioke horri garapena deitu behar. Aspaldian askok esan eta duela gutxi Erresuma Batuko Ogasunak enkargaturiko Dasgupta Txostenak indartu bezala, garapena gizartearentzat oinarrizkoa denaren arabera neurtu behar da, eta neurri hori politika publikoen gidaritzat hartu. Hau egiten duten hainbat adierazle martxan daude, hala nola Giza Garapenaren Indizea, Aberastasun Inklusiboaren Indizea edo adierazleen bildumak.
Ekonomia berreraikitzeko, funtsezko erabakiak dira zein helburu lortu nahi diren eta tarteka egindako bidea nola ebaluatu eta komunikatuko den. Bada garaia mugagabeko hazkundea handiesten utzi eta beste adierazleei gailentasuna emateko. Horrelakorik gizarteak (agente pribatu zein norbanakoek) jarraitu diezaiokeen eredua emango luke. Ever Given gutxiago, ingurumen hobeagoa eta ongizate handiagoa ere erakarriko luke.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN
Dirua baino, ongizatea neurtu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu