Urriaren 18ko Adierazpena. Minaren aitortza

ETAren biktimei mina adierazi, eta ez zela «inoiz gertatu behar» erran dute

Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek «atsekabea» adierazi diete ETAren biktimei, «jasan duten sufrimenduagatik»: «Asko sentitzen dugu». Sufrimendua «arintzeko konpromisoa» hartu dute

Aieteko jauregia. Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegi, atzo, Donostian egindako agerraldian. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Urriaren Hemezortziko Adierazpena irakurri zuten atzo «euskal ezker independentistaren» izenean, Donostiako Aiete jauregiaren eta komunikabide ugariren aitzinean. Bortz puntukoa da adierazpena, baina hirugarrenak piztu du bereziki arreta, aldaketa nabarmena baitakar ezker abertzaleak orain arte erabilitako eleetan. «ETAren indarkeriak eragindako» biktimei egiten die «aipamen berezia», eta «atsekabea eta mina» adierazi dizkie «jasan duten sufrimenduagatik». Honela dio hurrengo esaldiak, hitzez hitz: «Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere». Euskal ezker independentistako bi buruzagiek adierazi dute, hain zuzen, «Aietera lehenago iristea lortu» behar zutela.

[YouTube]https://youtu.be/mNAFSeAlt2U[/YouTube]

Zoritxarrez, iraganak ez dauka atzera-bueltarik, esan dezakegun ezerk ez du eragindako mina ezabatuko», aitortu dute testuan. Baina Otegik eta Rodriguezek adierazi dute «konbentzituta» daudela min hori «arintzea behintzat» posible dela, «errespetuan, adeitasunean eta memorian» oinarrituta. Hala, «bihotzez» adierazi dute «asko sentitzen» dutela biktimek «jasan duten sufrimendua», eta hura baretzen saiatzeko engaiamendua hartu dute: «Esan nahi diegu [...] ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula. Beti izango gaituzue horretarako prest».

Aieteko Konferentzia gertatu eta hamar urtera ailegatu da ezker independentistako bi ordezkariek leitutako adierazpena, eta, ETAren biktimei ez ezik, bertzelako biktimei, ETAk azken urteotan egindako urratsei, euskal presoei eta «arazo nazionalari» ere egiten die aipamena. Otegik eta Rodriguezek adierazi dute, hain zuzen, «ETAk indarkeriaren amaiera iragarri» zuenetik hamar urtera «konpromiso hura osorik bete» dela «egiaztatu besterik» ezin dutela egin: «Haren jardueraren amaiera osoa eta erabatekoa izan da». Lehen puntuan jaso dute hori, eta erran dute, halaber, armagabetze eta desegite prozesuak «modu egokian» egin zirela, «nazioarteko estandarrek zehazten» duten gisan. Sortuko eta EH Bilduko liderren ustez, «halako prozesuak zailak izaten direla aintzat» hartuta «balioa aitortu» behar zaio «ETAk bere erabakiak batasunez» hartu izanari. Haien hitzetan, izan ere, horrek «saihestu» du «antzeko ezaugarriak dituzten beste prozesu batzuetan gerora sortu izan diren arazo larriak» agertzea. «Modu irmo, ausart eta arriskatuan bide erabat baketsuen aldeko apustua» egin zutenek «arrakasta erabatekoa eta eztabaidaezina» lortu dute, Rodriguezen eta Otegiren arabera: «Lidergo bakarrez aritu zirela argi geratu da». Hala ere, nabarmendu dute «euskal gizarte osoarena» izan dela «arrakasta»: «Zalantzarik gabe».

Iruzurrik gabe

Adierazpenaren bigarren puntuak dio jarduera armatuaren akabera ez zela «kalkulu taktiko bat» izan: «Ez zen iruzurrik egon». Otegiren eta Rodriguezen erranetan, hain zuzen, ordutik pasatu den denborak «agerian» utzi du «orduan hartutako erabakiaren izaera estrategikoa». Halaber, adierazi dute «euskal ezker independentistak bide soilik baketsu eta demokratikoekiko hartutako konpromisoak konbentzimendu etiko eta politikoei» erantzuten diela, bai lehen eta bai orain ere: «Aldatu ezineko eta betirako erabakia da». Nabarmendu dute, era berean, ezker independentistak «egiaztatu» egin duela «egindako apustuaren zintzotasuna eta emandako hitzaren betetzea».

ETAren biktimei ez ezik bertzelakoei ere egin diete aipamena testuaren hirugarren puntuan, azpimarratuta ez dutela «haietako bat bera ere ahazten». Haien hitzetan, «bake justu eta iraunkorrerako bidea egiteak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen du». Eta zehaztu dute: «Guzti-guztiena».

Preso politikoei» buruzkoa da laugarren puntua, eta ohartarazten du «beharrezkoa» dela haien «auziari irtenbidea» ematea: «Saihestu ezineko erronka da guztiontzat, eta horretarako beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politika amaitzea eta konponbide integrala ematea». Aldarrikatu dute euskal presoek «estrategia armatua gainditzeko parte hartze aktibo, irmo eta erabakigarria» izan zutela, baita «bide baketsu eta demokratikoekiko konpromisoa» ere. Ezinbertzekotzat jo dute: «Haiek gabe, ez zen posible izango».

Gatazkaren jatorrian dagoen arazo politikoari irtenbidea emateke» dagoela oroituta bukatzen da adierazpena. Ezker independentistako bi ordezkariek nabarmendu dute, hain zuzen, «elkarrizketaren, negoziazioaren eta adostasunaren aldeko konpromisoa berresten» dutela, «hori baita ezberdintasun politikoak ebatzi eta konpontzeko metodo eraginkor eta demokratikoena». Otegiren eta Rodriguezen hitzetan, «ezinbestekoa» da «arazo nazionalari konponbide demokratikoa» ematea: «Herri bat gara, nazio bat, eta neurri horretako aitortza eta errespetua dagokigu». EH Bilduko eta Sortuko liderren ustez «bestelako etorkizun» bat eraikitzeko «lehen pausoa» euren «nazio nortasunarekiko errespetua» da, eta etorkizun horretan «erabakia gizartearen esku» egonen dela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.