Zallako Euskadi plazan, kioskoaren oinetan jarritako lore sortek eta kandelek gogora dakarte herriko seme bat desagertuta dagoela, eta, barandatik zintzilik dagoen pankartan, goizero eguneratzen den zifra batek adierazten du itxaronaldia luzatzen ari dela: 20 egun Joaquin aurkitu gabe, dio gaur. Bizkaiko beste muturrean egon arren, Zallan hurbil sentitu dituzte Zaldibarko luiziak eragindako kalteak eta eztabaidak; ez bakarrik bertako bizilagun bat zendu delako, baizik eta antzeko zabortegiak dituztelako bi herrietan, eta Zallan eta Gueñesen ere Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekiko gatazka bizian daudelako, Zaldibarren hainbesteko larridura eragin duten dioxinak eta furanoak etengabe isurtzen dituelako Glefaran biomasa plantak. Tentsioa nabari da Zallan, baina Javi Portillo alkate ohiak etsipenez dio mugimendu gehiago nahiko lukeela: «Kezka handia dago, baina jendea ez da beste leku batzuetan bezala mobilizatu. Gizartea oso polarizatuta dago. Orain, Zallako udal gobernuan EAJ eta PSE daude; adierazgarria da bi alderdiek ez dutela ezer egin hemen egoera hau salatzeko, nahiz eta herritar bat hil den».
Zalla Bai herri plataformarekin izan zen alkate Portillo, 2011tik aurrera, bi agintaldiz. Maiatzeko udal hauteskundeetatik, aldiz, Unai Diagok hartu dio lekukoa; oraingoan, baina, oposizioan. Joaquin Beltran herrikidearen omenez egin duten eranskailua bularrean dutela agertu dira biak, eta harentzat izan dituzte lehen hitzak: «Hemen bizi zen, Otxaran auzoan. Eta bere familia ia osoa ere bai: zortzi anai-arreba dira 8.000 biztanleko herri batean; denok ezagutzen dugu senideren bat». Portillok nabarmendu du familia oso eskertuta dagoela desagertuen bila ari diren larrialdi taldeekin, baina kritikoa dela politikariekin. «Sentsazioa da ez direla pertsonak lehenetsi, ez direla baliabide guztiak jarri Joaquin eta Alberto aurkitzeko, eta bai errepideak askatzeko». Iñigo Urkullu lehendakariarekin ere minduta daude: «Esan du bitan batzartu dela familiekin, baina gezurra da. Urkullu zabortegira joan zen otsailaren 16an, inori abisatu gabe, eta han topatu zituen senide batzuk. Hori bilera gisa saltzeak adierazten du ez direla pertsonak lehenesten ari, baizik eta marketina. Eta hori tamalgarria da guretzat, herri plataforma bat garelako, auzokide talde bat; pertsonak defendatzeko gaude».
Besteak beste, CESPA enpresak Zallan 2005ean irekitako zabortegiaren inguruko «gardentasun faltak» bultzatu zituen Zalla Bai plataforma osatzera, Portillok oroitu duenez: «Hondakindegia martxan zenik ere ez genekien: kamioien joan-etorriekin ohartu ginen. Eta jakin genuen CESPAk beste zabortegi bat zabaldu nahi zuela Otxaran auzoan, lur kutsatuentzat». 2011ko udal hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago sortu zuten taldea. «Gure asmoa zen zinegotzi pare bat ateratzea informazioa lortu ahal izateko, baina, iskanbila haren erdian, irabazi egin genuen, ia nahi gabe», gogoratu du Unai Diagok; «Gero ere zabortegia oso garrantzitsua izan da: uste genuen baino askoz gehiago zegoen hor».
Jarduteko modu bera
Zaldibarren gertatutakoa ikusita, Zalla ispilu bat izan daitekeela uste dute. Izan ere, mota berekoak dira bi zabortegiak: hondakin ez-arriskutsuak jasotzen dituzte. «Baina izena oso engainagarria da: begiratu zer gertatu den»; adierazi du Portillok: «Badakigu zer hondakin onartzen dituzten zabortegian, baina ez dugu inoiz jakin benetan zer ekartzen duten. Gauza bat da paperetan jartzen dena, eta beste bat egiaz egiten dena». «Eta beste bat kamioilariek hedabideetan esaten dutena. Guk susmoak ditugu, baina frogarik ez», erantsi du Diagok.
Hala ere, udal gobernutik informazio gehiago eskuratzen saiatu ziren, eta ohartu ziren «patroi berdina errepikatzen» dela zabortegi guztietan, alkate ohiaren arabera: «Herri txikietan egiten dituzte, udalek baliabide tekniko gutxi dituztenetan; askotan, hauteskundeak baino lehenago, tramitazio azkarren bidez, esposizio publikora atera gabe, isilpean. Gero, badago elkarrekiko interesa alderdi politikoen eta negozioa egiten dutenen artean, eta klientelismo sareak sortzen dira. Horrek dakar kontrol zehatzak eskasak izatea, ez baitira bakarrik ezagunak edo alderdi berekoak; hemen gertatu zen Jaurlaritzako teknikari batek ardurak zeuzkala enpresan. Gero dator etekinak banatzea, enpresa horietan lanpostuak emanez alkateei, zinegotziei eta haien senideei, baita oposizioko kideei ere, haien isiltasuna erosteko; gure kasuan, CESPAn amaitu dute PSEko eta EAko zinegotziek. Eta, azkenik, irudi garbiketa dator, herriko kirol jarduerak babestuz, adibidez».
Hala, hondakinak kudeatzeko sistemak horrelako krisietan duen efektuari erreparatu dio: «EAJk bultzatu du Bizkaiko zabortegi guztiak pribatuak izatea: tramitazioak errazten ditu, ez du ikuskaritzarik egiten, arazoren bat dagoenean ez du isunik jartzen, eta ezbeharrak gertatzen direnean esaten du enpresaren errua dela. Biribila da: ez dute dirurik gastatzen hain ospe gutxiko jardueretan —hau ez baita errugbi finala ekartzea bezalakoa—, beren lagunek negozioa egiten dute, eta haiek ez dute inolako erantzukizunik». Diagok berretsi du administrazioak ez duela ia kontrolik egiten, enpresen txostenekin fidatzen delako: «Zabortegian istripuren bat izan denean, CESPAk txostena egin du, eta gero, azalpenak eskatu ditugunean, Jaurlaritzatik jasotakoa berdina edo oso antzekoa izan da».
Zabortegia itxi
Zalla Bai udal gobernura iritsi zenean, ordea, bestela jokatzen saiatu zen. Portillok onartu du haien hasierako asmoa zabortegia ixtea izan zela, baina ingurumen aholkularitza batek bestelako gomendio bat egin ziela: «Esan zigun zabortegia zegoen bezala ixteak arazo ekologiko handia ekar zezakeela, lixibatuen kutsadurak urteetan iraungo zuelako. Izan ere, beste zabortegi batzuetan bai, baina hemen ez zegoen horiek bideratzeko sistemarik, eta arriskua zegoen erreketara edota ortuetara filtratzeko. Beraz, gomendatu ziguten araztegi bat egitea».
Daviden eta Goliaten arteko borroka abiatu zuten orduan, enpresak araztegia eraiki zezan: «Gure eskumenetatik zabortegiaren jarduna ahalik eta gehien kontrolatzen hasi ginen: uraren kutsadura aztertzen eta analisiak Jaurlaritzara bidaltzen, presioa egiten... Eta azkenean lortu genuen CESPAk bi milioi inbertitzea araztegian, baita mendiko errepideak erabiltzearen truke tasa bat ordaintzea ere». Kontrol eta presio neurri haien ondorioz, Zallako zabortegiaren hazkundea nabarmen moteldu zen: milioi bat tona zabor jaso ditu 2011tik, aurreko sei urteetan lau jaso zituen arren.
Orain, berriz, Zaldibarko krisiak kezka berpiztu du Zallan: ez dakite nora joango diren hango hondakinak. «Hasieran aipatu zuten Zallara eta Mallabiara ekarriko zituztela. Eta horrek jendea asaldatu zuen: 'Hango berdina al dugu hemen?'», adierazi du Diagok. «Gero esan da kanpora eramango zituztela; ondoren, hainbat zabortegiren artean banatuko direla... Etengabe ari dira bertsio ofiziala aldatzen», deitoratu du Portillok.
Hala ere, zabortegiak bestelako buruhauste batzuk ere eragin zizkien udalean zeudela: 2018ko udan sute bat piztu zen. Enpresak adierazi zuen tximista baten ondorio izan zela, baina udalak, meteorologia agentzien bidez, jakin zuen inguruan ez zela tximistarik erori. Hortaz, zerk eragin zuen sutea? «Ez dakigu», esan du etsipenez Diagok. Portillok gaineratu du bi hipotesi dituztela: «Adituek diotenez, sua eragin dezake, batetik, zabor organikoak sortutako metanoak —printzipioz, hiri hondakinik ezin da egon hemen, baina, halere, arrasto organikoren bat irits daiteke gainerako gaietan—; eta, bestetik, Zabalgarbiko zaborrek, berotasunarekin».
Eta azken horretan dute beste zalantza handi bat: ekainetik abendura errauste plantako hondakinak Zallan tratatzeko proiektu pilotu bat onartu zuten, baina Diagok ez du lortu egitasmoari buruzko informaziorik. «30.000 tonarekin egin behar zuten proba. Epea amaitzean, Jaurlaritzari galdetu genion emaitzen inguruan, eta erantzun digu ez duela proba horien berri; ez dakite egin dituzten edo atzeratu diren».
Dioxinen beldurrez
Eta suteek, noski, gai kutsakor arriskutsuak isurtzen dituzte. «Baina, dioxinak eta furanoak neurtzeko, laginak Madrilera bidali behar dira. Hori ez dute egin hemen, ez zabortegiko suteekin, ez Glefaranen isuriekin». Portillok Gueñes eta Zalla artean dagoen biomasa planta hartu du hizpide: «Hemen dioxinak eta furanoak egunero igortzen dira, une oro, ez istripu bat gertatu delako. Hemen ez da neurketarik egin, baina frogatuta dago halako plantek asko kutsatzen dutela eta minbizia eragiten dutela».
Izan ere, Zaldibarko krisiak bat egin du Glefaranen aurkako mugimenduaren goraldiarekin. Gueñes Bizia plataformak deituta, manifestazio jendetsu bat egin zuten urtarril amaieran, herritar batek gose greba egin du, eta joan den astean txosten zientifiko batek aholkatu zuen plantaren jarduera etetea, osasunarentzat kaltegarria delako. Alkate ohiak uste du antz handia dutela batak eta besteak: «Zabortegien kasuan enpresarien eta alderdien artean dauden loturak Glefaranen ere badaude; ukaezina da».
Pastguren paper fabrika zegoen tokian jarri zuten biomasa planta, 2016an: «EAJk jarri zuen. Bazegoen proiektu bat, baina Andoni Ortuzarrek konkurtso kudeatzaileari deitu zion, eskatuz hiru hilabete itxaroteko. Eta horrela iritsi zen Orue familia —Juan Maria Atutxaren lagunak—, eta hemen jarri zuten Errigoitin jartzen utzi ez zieten biomasa planta. Gero jakin genuen inbertsioaren erdia Jaurlaritzak egin zuela, hau da, diru laguntza bat jaso zuela».
«Zorte txarra dugu: lurralde handia dugu, baina jende gutxi gara», gaitzetsi du Diagok; «Eta gogoan hartzekoa da nolako langabezia tasa dugun Enkarterrin. Zallan, orain arte paper fabrikatik bizi izan gara: jendea ohituta zegoen 14 urterekin sartzera eta erretiratu arte bertan lan egitera. Hori itxita, trebakuntzarik gabe, zer egin?». Hala, azpiegitura kutsatzaileekin zigortu dute eskualdea, Portillok salatu duenez: «Zergatik daude hemen Bizkaiko erraustegi eta biomasa plata bakarrak eta zabortegirik handiena? Gosekil batzuk garelako? Zergatik egin dituzte hain inbertsio eskasak hezkuntzan eta osasunean? Non dago duela hamazortzi urte agindu zuten ospitalea?».
Ingurumena. Luizia Zaldibarren
Zaldibarren ispilua, Zallan
Zaldibarren gertatuari adi erreparatzen ari dira Zallan: bertakoa da hildakoetako bat, eta antzeko zabortegi bat daukate. Zalla Bai plataformarekin maiatzera arte alkatetzan egondakoek berretsi dute kontrol gutxi dagoela hondakindegien inguruan, eta «elkarrekiko interesa» dagoela alderdien eta enpresen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu