Martin Garitano. Kazetaria

«Zerbitzu eta militantzia gisa bizi izan dut kazetaritza»

Kazetaritza eta politika izan dira haren bizitzaren ardatz eta konpromiso nagusietako bi. Propio bilatu gabe etorri zaizkio ardura garrantzitsuak. Gauza asko ditu kontatzeko, baina itxaron egin beharko da haren memoriak irakurtzeko.

GORKA RUBIO / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Eguerdi gozoa Donostiako Antigua auzoko Matia kalean. Kafe kikara huts bat, zigarrokinak eta Gara-ren ale bat espaloi estua hartzen duen terrazako mahai baten gainean. Aulkian eserita, dandy itxurarekin, Martin Garitano (Bergara, Gipuzkoa, 1963) kazetaria eta Gipuzkoako diputatu nagusi ohia. Iazko abuztuan hartu zuen erretiroa, eta ordutik «sei larunbateko eta igande bateko» asteak ditu.

Kazetari zaildua da, eta prentsan lan egin du batez ere (Egin, Euskadi Información eta Gara), eta ardura postuak bete izan ditu. Irratia ere probatu du. Gipuzkoako diputatu nagusi izan zen 2011 eta 2015 artean.

Monzondarren Olaso dorrearen hirugarren solairuan jaio zinen. Frankismo garaian Sindikatu Bertikalak, Zirkulu Karlistak eta Falangeko Emakumeen Sailak hartu zuten dorrea. Nolakoa zen elkarbizitza?

Falangeko neskatilak gora eta behera ibiltzen ziren, baina ez geneukan harremanik besteekin.

Harremanik izan zenuen Telesforo Monzonekin?

Bai, txikitatik. Oso gizon atsegina zen, eta asko maite ninduen. Ez zuen seme-alabarik, eta ni nintzen haren etxean bizi zen ume nagusiena. Behin galdetu zidan ea zer ikasi behar nuen. «Kazetaritza», erantzun nion. Monzonek esaten zuen herri honek, aske izan arte, poetak eta kazetariak behar zituela. Gero beharko zirela ingeniariak eta bestelakoak.

Zergatik zara kazetari?

Hiru aukera nituen buruan: kazetaritza, euskal filologia eta zuzenbidea. Kazetaritza aukeratu nuen, ez dakit zergatik. Jakin-nahia zuen mutil gazte bat nintzen.

Loiola irratian egin zenituen praktikak, eta irratian ere egin izan dituzu lan gehiago; baina kazetaritza idatzian aritu zara batez ere. Irratian eroso sentitu zara?

Irratiak harrapatu egin ninduen. Trebezia handiagoa dut idazten hitz egiten baino, baina irratiak badu bere magia eta xarma.

1984ko martxoan iritsi zinen Egin-eko erredakziora, 20 urterekin. Zer topatu zenuen?

Erredakzioko gazteena nintzen orduan, eta gazteena izaten jarraitu nuen urte batzuetan. Joxe Felix Azurmendi zen zuzendari. Asko estimatzen dut. Sail guztietan sartu ninduten. Pilota partiden kronikak eta Iruñeko zezenketenak ere egin nituen. Erredakzio guztia pasatu nuen, eta asko ikasi nuen.

Politika sailean finkatu zinen.

Jabier Salutregi, Xabier Oleaga... zeuden, oso jende interesgarria. Pentsa, neure moduko gazte batentzat, mundu berri bat zen.

Garai politiko gordina zen, eta Egin ez zen egunkari soil bat.

Gogoan dut egun batean, 18:15 aldera, telefonoa hartu nuela eta [Jexuxmari] Zalakain zela, Bilbotik, esanez Santiri [Brouard] tiro egin ziotela. Badakizu zer den 21 urterekin telefonoa hartzea eta hori entzutea? Horrek beste jokaleku batean jartzen zaitu. Beste mundu bat zen.

Lanean oso giro ona genuen, eta adin horretan belaki bat zara, dena xurgatzen duzu. Niri hori egokitu zitzaidan, eta asko balio izan dit bizitzan aurrera egiteko ere.

Garai hartan uler zitekeen kazetaritza militantzia politikorik gabe?

Ez, beti bizi izan dut kazetaritza zerbitzu eta militantzia gisa.

Ezkutatu gabe.

Bai. Nik erabaki nuen Egin-en sartzea eta beste komunikabide batzuetan ez sartzea. Eskaintzak izan nituen.

1998an itxi zuten Egin. Non eta nola harrapatu zintuen?

Sanferminetako azken eguna zen, eta Iruñean nengoen. Baina Hernanin [Gipuzkoa] Mertxe Aizpuruaren omenez egin behar zuten afarira joatea erabaki nuen. Zuriz jantzita etorri nintzen. Afaldu genuen, eta, gauean, zerbait hartzen ari ginela, telefonoak joka hasi ziren. Atxilotuak zeudela zioten. Egin-era joan ginen, Eziago industrialdera, eta txakurrez josita zegoen.

Eta zuek zuriz jantzita.

Bai.

Hasieratik garbi zenuten beste egunkari bat atera behar zela?

Bost edo sei lagun bildu ginen. Zer egin? Juan Carlos Elorzak esan zuen: «Kazetariak gara, eta egunkari bat egin behar dugu». Lehen orduan erabaki genuen.

Eta zu zuzendari.

Mantxeta bat behar genuen. Zuzendaritzako kideok Alvaro Reizabal abokatuaren bulegoan elkartu ginen, eta esan zidaten bazutela mantxeta: Euskadi Información. Garai bateko aldizkaria zen, eta ni nintzen paperetan azaltzen zen zuzendaria. Zuzendari jarri ninduten. Onartu nuen. Bizitzan gauzak hala gertatu zaizkit sarritan.

Bilatu gabe etorri zaizkizu?

Bai.

Itxiera hark jaso al zuen behar besteko gaitzespena, bai gizartearen aldetik, bai komunikabideen sektorearen aldetik?

Gizartearen partetik, bai; sektorearen aldetik, ez. Sektoreak itsu, mutu eta gor jokatu zuen. Beldur handia zegoen. Une hartan ez duzu ulertzen, baina gerora bai.

Egunkariek bizkarra eman zizueten Euskadi Información argitaratzeko?

Bai. Azkenean, ez dakit nork aurkitu zuen anarkista bat, Bidebieta auzoan [Donostia], Lucio Urtubia anarkistak lapurtutako makina bat zeukana, Solna bat. Han inprimatu genituen Euskadi Información-en 3.500 ale edo. Kopurua ugaritu egin zen, fotokopien bitartez eta. Egunkaria-ren erredakzioan eta Hernanin lan egin genuen, Euskadiko Kutxarena izandako lokal batean.

Batzuetan ezizenen atzean ezkutatu duzu zeure burua: Maite Soroa, Kepa Jauregi... Zergatik?

Asko idazten nuelako eta nire sinadura toki denetan ez agertzeko.

Ez zen babesteko neurri bat?

Ez zen sekretu bat. Kazetarioi gustatzen zaigu protagonismoa, baina gehiegizkoa ez da elegantea.

Kazetariaren lana izugarri aldatu da azken hamarkadetan. Nolakoa izan zen Interneten iritsiera Martin Garitanorentzat?

Egin-en hasi nintzenean, idazmakinekin, Olivettiekin, idazten genuen. Gero ordenagailu bat jarri zuten diseinurako. Euskadi Información-en jendeak oparitutako ordenagailuak izan genituen.

Nola aldatu zuen zure lana?

Ikasteko gogoa baldin badaukazu, dena ikasten duzu.

Gaur egungo kazetaritzari egiten zaion kritika nagusietako bat da bulegokoa dela, kazetariak gutxiegi ibiltzen direla kalean eta gutxiegi hitz egiten dutela herritarrekin. Ados?

Kazetari erromantikoa naiz, eta nahiago dut, maite dut, lehengo estiloa. Orain, izurrite garaian, esaten da etxetik lan egitea erosoagoa dela; baina erredakzioko bizitzak aberastu egiten zaitu, iritziak partekatzen dituzu, hitz egiten duzu, entzun egiten duzu. Garai batean erredakzioan hiru gauza genituen: idazmakinen eta jendearen zarata; kea, erre egiten zelako; eta garagardoa. Halako batean, dena desagertu zen.

Gehienetan gaztelaniaz aritu zara. Zergatik ez euskaraz?

Euskaraz idazten eroso sentitu naiz, baina hobeto idazten dut gaztelaniaz. Banitate kontua izango da. Garai bateko semea naiz. Gaztelaniaz irakurtzen dut batez ere, eta horrek ematen dit erraztasuna. Nire mugak ezagutzen ditut.

Kazetari zinela, inoiz pentsatu zenuen politikan aritzea?

Ni beti aritu naiz politikan, militantzian: herrian, auzoan... Baina ez nuen pentsatu ere egiten.

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko aukera ere etorri egin zitzaizun, zeuk bilatu gabe.

2011ko Korrika bukatu zen egunean, Donostian, lagun batek esan zidan pertsona bat etorriko zitzaidala, marroi batekin. Amaitu genuen gure kilometroa, eta ezker abertzaleko militante kualifikatu bat etorri zitzaidan, nortasun agiria eskatuz eta ordubete geroago topaketa bat jarriz. Eman nion, ohituta geundelako halako gauzak ematera, galdetu barik. Topaketara agertu nintzen, eta hiru edo lau paper eman zizkidan, sinatzeko. «Gipuzkoako zerrendaburu joango zara», esan zidan.

Eta ez zenuen zalantzarik izan?

Kontxo, ezustean harrapatu ninduen, baina ez.

Ez zenien etxekoei deitu?

Ez. Hainbeste urtean jendeari konpromisoa eskatzen ibili eta gero, zeuri eskatzen dizutenean, ezin duzu ezetz esan. Gauean amari deitu nion, aurkeztuko nintzela eta diputatu nagusia izango nintzela esanez.

Aurretik politikan aritzeko eskaintzarik jaso zenuen?

Ez. Kazetaritzan oso eroso eta oso gustura bizi nintzen. Politika nire lagunentzat zen.

Aurkeztu, irabazi, eta Gipuzkoako diputatu nagusi. Inork espero zuen?

Hasieratik pentsatu nuen irabaziko genuela. Inork ez zidan sinesten. Irabazi eta gobernatu. Pentsatzen zuten erotu nintzela.

Oposiziotik, kazetaritzatik bada ere, ardura politiko batera jauzi egin zenuen. Nolakoa izan zen?

Oso galdera zorrotzak egiten zizkiguten, eta gupidarik gabe tratatzen gintuzten. Pentsa, egin zidaten lehen galdera izan zen ea zer pentsatzen zuen Bilduk Bin Ladenen hilketaz. Baina, aurretik toreatzailea izan nintzenez, gero toreatzen ere ikasi nuen.

Agintetik gauzak ezberdin ikusten dira? Adibide bat baino ez: Bilduk, oposizioan, kritikatu egiten zuen erakundeetan Espainiako bandera jartzea; agintean, jarri egin zenuten.

Tentsio handia sortu zigun. Gure taldeko Iñaki Errazkinek esan zigun: «Ez dugu jarri nahi, baina ez gara joango diputaziotik hori ez jartzeagatik, ezta? Ez diegu gobernua betikoei emango ez jartzeagatik, ezta?». Pragmatismoa izan zen lehentasuna. Gobernatzean beti sortzen dira kontraesanak, eta kudeatu egin behar dituzu.

Zuen kontrako oposizioa eta jarrera asko oinarritu zen zaborren kudeaketan, atez ateko bilketaren kontra. Gaur egungo ikuspegitik, egindako zerbait aldatuko zenuke?

EAJk horri heldu zion, eta egurra eman zigun. Baina, denbora pasatu ahala, perspektiba pixka batekin begiratuta, guk planteatzen genuen eredua da gaur egun zabaltzen ari dena. Gizartean oraindik ez zegoen kultura hori zabalduta, baina zabaltzen ari da. Agian aurreratu egin ginen, gizartea baino aurrerago joan ginen, eta horrek kostu bat du epe laburrean; baina luzera begira ikusten ari da ez zela erokeria bat.

Diputatu nagusiak jasotzen ditu, zuzenean edo zeharka, mezuak, mehatxuak, abisuak... herrialdeko botereguneetatik?

Nik ez nuen halakorik jaso. Agian hori egitera ohituta zeudenek bazekitelako gurekin alferrik zela.

Zure moduan, badira politikara pasatu diren kazetariak. Kazetaritzara bueltatzekotan, horrek ez du sortzen deserosotasunik?

Ez da erraza.

Ez du sinesgarritasuna kolokan jartzen?

Ez da erraza. Azkenean, jende batekin harremana duzu maila batean, eta gero haiengana jo behar duzu, baina beste maila batean. Nik oso garbi nuen nire ogibidea kazetaritza zela eta bueltatu behar nuela.

Memoriak idazten ari zara?

Bai, baina gauza asko ezin dira kontatu, bai pertsonalak, bai politikan ikusitakoak. Oraindik ez da dena kontatzeko garaia, eta, ez baduzu dena kontatzen, hobe da ezer ez kontatzea.

Erretiroa hartuta, musikari denbora gehiago eskaintzen diozu?

Tronpetarekin jarraitzen dut. Txaranga bat sortu genuen auzoan, Do Ta Ke, baina azkeneko urtean ezin izan dugu entseatu, birus madarikatu honen eraginez.

Umetan, etxean zenuten Telesforo Monzonen pianoa.

Isats erdiko pianoa. Han dago. Faxistak sartu zirenean, gure etxera igo zuten, eta estalita zeukan nire amandreak. Nik han ikasi nuen.

Pianoa jotzen?

Pianoa zigortzen.

Besterik?

Egin behar dena egin behar da, nahiz eta momentu guztietan ez izan oso erosoa. Horrekin, bizitzan ibiltzen zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.