Sagarrak ez baitu ulertzen

Sagardotegi asko sagarra biltzen hasita daude. Uzta astebete atzeratu da aurten, eta ez-urtea tokatzen da (horretan ere): ale gutxikoa, alegia. Garai «delikatua» dela diote sagardogileek, eta protokoloa aintzat hartuta ari dira lanean: sagastian batzuk eta upategian besteak, aparte.

Maskarekin. Segurtasun protokoloak zainduz ari dira sagarrak biltzen Petritegi sagardotegian. GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ez luke garai honetan geldialdi bat ulertuko». Eta ez dira ari pertsona bati buruz: sagarrari buruz ari dira. Eta ari dira «arriskuez». Eta ari dira garaiaren «delikatuaz». Sagardogileak mintzo. Horrenbeste gauza ulertu eta egun batetik bestera barneratu eta aldatu beharraren poderioz, ematen baitu naturaren zikloak eta sagarren heldutasuna ere komenentziara protokolizatu daitezkeela, eta ez da horrela. Lehendik kolpatuta dagoen sektorea berriak urratzen ari da, eta beti urratutakoak egoera berrira egokitzen. Baina lehengairik gabe alferrikakoak dira ideia onak. Ziurtatu nahi dute mama goxoa, izan geza, gozo edo min. Egoera deskribatzeko zapore ezin hobeak.



Ez-urtea edo urte biz behingoa da, gainera. Sagarrondoek uzta kaskarrena ematen duten hori, alegia. Lehen ere badoa nahikoa ez-urte aurtengoa, baina ari dira sagardotegiak ere egoera berrira egokitzen. Sagar bilketa ere antolatu dute, tentuz. Oihana Gainzerain Hernaniko Zelaia sagardotegiko (Gipuzkoa) arduradunak eman du gordinean egoeraren berri: «Zalantzak izan ditugu bilketan, jakiteko nola asmatu eta nola bete protokoloa. Jaurlaritzarekin kontrastatutako protokoloa izan da, ziurtatzeko bilketan ari direnak eta upategian gaudenak hartu-eman handirik ez dugula. Batzuek gelditu behar badute, besteak ez gelditzeko». Gainzerainek nabarmentzen du garai «oso delikatua» dela: «Orain gelditzea litzateke... sagarrak ez du ulertzen gelditu egin behar denik. Ziurtatu behar dugu hori, talde txikietan lan eginez, segurtasun neurri zorrotzekin. Zaila izan da». 

Igualtsu ari dira denak. Helburua da prozesua ez etetea kutsatzeren batengatik. Hori da haien beldurrik eta ardurarik handiena. Ainara Otaño Astigarragako Petritegi sagardotegiko (Gipuzkoa) arduradunaren irribarreak ez du kezka ezkutatzen: «Eten bat balego hor... sagarra galduko litzateke, eta ezingo genuke sagardorik egin». Protokoloak ikasten eta egokitzen aritu dira. Antolakuntza «zaila» izan dela onartzen du: «Beldurra duzulako. Zeren momentu honetan konfinamendu batek sagardoa egin ezinda utziko gintuzke. Bi talde egin ditugu, eta sagastiko taldea ez da upategiko taldearekin nahastuko. Arriskuak gutxitu behar ditugu. Materialaren desinfekzioa, eskuen garbiketa, maskara... dena ahalik eta zorrotzen betetzen saiatzen ari gara, ez dadin egon sustorik ekoizpen momentuan».

Sagardotegi batzuek, gainera, irekita dituzte ateak oraindik, eta ari dira denboraldi berrirako sagarrak biltzen. Ez du horrek jarduna asko errazten. Irekita behar zutenean itxita egon ziren, eta itxita behar luketenean, irekita daude. Horixe da Aramaioko Iturrieta sagardotegiaren (Araba) kasua. «Garairik garrantzitsuenean egon gara itxita. Berez, orain egon beharko genuke itxita, uzta biltzeko eta sagarra prentsatzeko, baina irekita mantentzea erabaki dugu, jendeak etortzen jarraitu nahiko balu ere», azaldu du Iturretako Juanjo Peciñak.

Urte «zaila» doa

Txotx denboraldia bete-betean harrapatu zuen itxialdiak. Dena gelditu behar izan zuten, bat-batean. Zalantzak eta beldurrak. Eman diote apur bat buelta, eta badute itxaropena emango diotela gehiago, baina ez doa urte erraza, Oihana Gainzerainek onartu duenez: «Bat-bateko etenaldi hura kolpe handia izan zen. Etorkizunik beltzena eta txarrena ikusten genuen. Salmenta eten zen, txotx garaia eten zen... eta beldurra pasatu genuen. Egia da udan salmentak martxa hartu duela. Egia da agian ostalaritzan baino gehiago beste kanal batzuen bidez saldu dela, eta sagardotegiek ere jakin izan dutela aldatzen, beste eskaintza bat egiten, eta ondo egin dira gauzak».

Iritzi berekoa da Ainara Otaño: «Urte zaila tokatu zaigu. Hiru hilabete geldirik. Guk sagardo gehiena ostalaritzara bideratzen dugu, eta hori dena itxita, salmenta asko jaitsi zitzaigun. Egia da ere eskaerak izan genituela sagardoa etxera eramateko, eta gutxienekoarekin lanean aritu ginela. Udan buelta eman zaio egoerari. Asko saldu da, baina soberakin bat geldituko da». Eta sagar bilketaren ez-urtea izatea ez da berritasuna, baina egia da ez duela lana errazten. Juanjo Peciñaren Iturrieta sagardotegia Araban dago, baina Gipuzkoarekin mugan. «Arabako hegoaldean hobeto daude, Trebiñu aldean eta. Gure kasuan, Araba iparraldean gaude, baina Arrasate ondoan. Eta Gipuzkoan bezala, klimatologia aldetik urte txarra izan da guretzat ere. Gipuzkoa aldean sagar gehiago topatu beharko ditugu, nahiz eta zailtasunak izango ditugun, gure jarduna ekologikoa delako, baina produkzioa ere ez da handia, eta lortuko ditugu».

Petritegin irailaren 11n hasi ziren sagarrak biltzen. «Gure etxean beti erabili izan dugu hemengo sagar asko. Iaz %90 zen hemengoa. Egin izan ditugu urteak %100ean hemengo sagarrarekin. Aurten ez dakit, aurreikuspenak dira %30 edo %40 inguruan ibiliko garela. Egia da produzitu ere gutxiago egingo dugula, baina kanpokoarekin osatuko dugu. Normalean Frantziatik, Galiziatik eta Alemaniatik ekartzen dugu, sagar gazia eta geza bilatu nahian».

Aurrera begira

Txarrari zuku onik ateratzen ez dago erraza, baina egia da orain arte gertatutakoak asko irakatsi diela sagardogileei. Aurrera begira eta baikor daude. Gainzerainek, «ikasten» joan behar hori aipatu du: «Bilketa eta ekoizpena dator orain, baina etorriko da berriro txotx garaia, eta jada hasi beharko dugu begiratzen zer aldaketa egin beharko ditugun. Egunero moldatzen eta ikasten joatea da hau».

Peciñak ere nahiago du etorkizunera begira jarri: «Aurrera egin beharra dago, eta garai eta egoera berri honetara moldatu».

Otañok «egokitzeko gaitasuna» nabarmendu du, eta atera du pandemia garaian ondorio «positiborik» ere: «Talde gaztea daukagu Petritegin, eta egokitzeko gaitasuna badugu. Ez du esan nahi erraza denik. Baina ari gara. Udan txotxa izan dugu, eta osatu ditugu protokoloak, eta %40ko edukierari eutsiko diogu urtea amaitu arte. Mahaira botilako sagardoa atera dugu —jatorri izeneko erreferentzia gehiago ere bai gureaz gain—, eta mahaikoak txandaka eraman ditugu gero upategira. Oso positiboa izan da ariketa hori, zeren bezeroak galderak egiteko aukera gehiago izan du, eta guk haiei erantzuteko. Irten dira gauza positiboak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.