HIZPIDEAK
Hizkuntza eskasten
Katalanaren eta euskararen urritze prozesuak ezin dira alderatu zuzenean. Baina Marta Rojals idazlearen gogoetei erreparatuz gero, harrigarria da ikustea prozesu batzuk nola errepikatzen ari diren han eta hemen, aldi berean. Adibide bat: gaztelaniazko ahoskera imitatzen ari dira hiztun gazteak; esaterako, ll-a ahoskatzeko ohiko modua galtzen ari dira katalanak, euskaldunak bezala. Rojalsek esan ohi du gaztelaniaren txantiloi edo ereduak kopiatzen dituztela katalan hiztunek; euskaraz ere halaxe, baita hizkuntzaren profesionalen artean ere. «Pilotari bat da oso azkarra dena» estiloko esaldietan ikusten da nola ari diren euskal hiztunak gaztelaniazko txantiloiak erabiltzen. Ez ote da ba askoz errazagoa «pilotari oso azkarra da» esatea? Beste bat: zergatik idazten da «Sestao, Tolosa edo Lizarra» (bat ala beste), «Sestao, Tolosa eta Lizarra» (hirurak) esan nahi denean? Gaztelaniazko o juntagailua imitatzearen poderioz. Joera horiek erakusten dute eskaste prozesu betean daudela katalana eta euskara; eta hizkuntza politikak, legeak, diru laguntzak eta diskurtsoak gainditzen dituen arazo bat da, sakona. Euskara bere burua birsortzeko indarra galtzen ari da, elebakarrak galduta eta arnasguneak itota, eta hizkuntza gutxituek ziztu batean amiltzeko arriskua dute egoera horretan. Gauzak argi esateko garaia da: arnasguneak babestu eta soilik euskaraz biziko den jendea behar da, euskara galduko ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu