Aste honetan epaitu dituzte Ipar Kataluniako bost alkate, euren udaleko osoko bilkuretan katalana erabiltzea baimentzeagatik. Auzapezek erabakia hartu, eta atzetik heldu ziren prefeta eta prokuradorea, Frantziaren Konstituzioa eskuetan, «berdintasunaren printzipioa» urratzea egotzita. Bitxia da, zeren, alkateek hartutako neurria ez zen sobera erradikala: nahi duenari katalanez hitz egiten uzten diote, baina hark esandakoa frantsesera itzultzen dela bermatuz, eta aktan frantsesez jasoko dela ziurtatuz.
Alta, Frantziaren handitasunak ezin du jasan halakorik. Ez zuen onartu aurreko hamarkadan Uztaritzek euskara ofizial izendatzea, eta ez du onartzen Seaskan ikasten duten ikasleek azterketak euskaraz pasatzea. Peio Jorajuriak dioen legez, euskara debekaturik da Ipar Euskal Herrian.
Badago asmo bat, gutxienez Frantziako Errepublika indarrean denetik, estatuko hizkuntza eta kultur aniztasuna desegiteko. Horrek berdinduko dituherritar guztiak, nonbait. Milaka lagunek egin diote aurre, berriro ere, Parisen euskarafobiari. Euskalgintzak eta herrigintzak eusten diote euskarari Iparraldean, euskaraz bizitzea galarazten duen estatu baten aurrean ez baitago zirrikitu askorik: eustea eta legea aldatzen saiatzea beste aukerarik ez dago, zaila izango baitu bestela Iparraldeko euskarak mende honetatik harago iristea.
HIZPIDEAK
Euskara debekaturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu