Beste hainbat lanen artean, poesiari eta feminismoari lotutako liburuak nabarmendu dituzte 2019ko uztan BERRIAko kritikariek. Imanol Mercerok haur literaturari begiratu dio; Joannes Jauregik, itzulitako lanei; eta Aiora Sampedrok eta Irati Majuelok helduentzako euskal ekoizpenean jarri dute arreta.
AIORA SAMPEDRO Literatura kritikaria
'Afrikanerrak'
Egilea: Eneko Barberena
Argitaletxea: Elkar
Aurten irakurri dudan lanik berezienetakoa da Eneko Barberenaren nobela. Euskal Herria, zehazki Arrasate, gertuko distopia batean kokatzen du. Idazteko estilo nahiko berezia du Barberenak; batek esan lezake poesiatik gertu dabilen prosa bat dela, eta beste batek prosazko narrazioa dela, beharrezkoa baino kontatzen ez diona irakurleari; eta biak leudeke zuzen. Eskertzen da ahots propioa antzematen zaion testurik irakurtzea. Fikzioaren alderdiari dagokionez, idazleak ondo asmatu du idazketan sortu duen balizko mundu ia apokaliptiko hori gertukoa zaigun errealitatetik ez gehiegi urruntzen. Nahiz eta iruditu zaidan testuak badituela bere ahulguneak ere; batez ere, hainbat gai jorratu baino, ukitzen hasi eta barneratu orduko albo batera uztea. Arretaz irakurtzea eskatzen duen lan bat osatu du Barberenak, hain ohikoa ez dena, eta horregatik estimatu dudan lana izan da.
'Disoluzio agiriak'
Egilea: Jose Luis Otamendi
Argitaletxea: Susa
Ez da gehiegikeria esatea Jose Luis Otamendiren poesia bilduma izan dela aurten gehien ukitu nauen literatur lana. Poesia narratiboa da azpeitiarrarena, eta irakurleari zuzenean hitz egiten dion ahots poetiko hori baliatuko du egileak bilduma zeharkatuko duten hausnarketa nagusiak helarazteko: giro soziopolitikoaren eta ni poetikoak kolektiboarekiko duen harremanaren inguruko gogoetak —belaunaldien arteko gatazkak, postkolonialismoa, feminismoa—. Zenbait unetan lehorra den idazketa hori ez da, hala ere, aseptikoa; edo hobeto esanda, preseski lehorra delako da mingarria; irakurlea ere inguruarekin duen posizioa berrikustera bultzatzen duelako. Hala ere, gailentzen den kritika soziala ez da suntsitzailea; izan ere, kritikoki eraitsitako bizibidetik beste proposamen berri batzuk egingo ditu idazleak, desegindakoa eraikitzeko asmoz.
'Idazleen gorputzak'
Egilea: Eider Rodriguez
Argitaletxea: Susa
Aurreko lanarekin konparazioan, beste era batera ukitzen zaituen liburua da Eider Rodriguezen saiakera hau: izenburuarekin bat datoz irakurlearengan eragiten dituen sentipenak, oso fisikoak baitira. Banako zehatzak elkarrizketatuz gauzatutako lana bada ere, badago gremioaren arazo nagusi bat ordezkatua. Bestalde, lanaren parte handiena esperientzietan oinarritzen bada ere, Rodriguezen sarrera teorikoak marko kontzeptual guztia ematen die ondoren etorriko diren elkarrizketa pertsonalei. Feminismoak aldarrikatu duen ekinbide komunitarioaren eta teorizazio akademikoaren lotura gorpuztuz: Ideia vs sentipena beharrean, ideia eta sentipena daude hemen, oso era bortitzean adieraziak, eta horregatik da baliagarria.
IRATI MAJUELO Literatura kritikaria
'Disoluzio agiriak'
Egilea: Jose Luis Otamendi
Argitaletxea. Susa
Aurreko liburuekin erakutsitako maisutasunari jarraikiz, ondo ondutako lana argitaratu zuen urte hasieran Otamendik. Nabari da bere sorkuntzaren eta bizitzaren helduarora iritsitako poeta batek sortutako lana dela, denboraren eta esperientzien joanari perspektibaz begira diezaiokeen norbaitek idatzitakoa. Berezkoa duen estilo narratibo eta sentikorra bidelagun izanik, gain behera datorren mundu bati behatzen dio, pesimismo samur batez. Aurreko belaunaldiek bereari eta bereak datozenei ondorengotzan utzitakoa du hausnargai, belaunaldien arteko etenuneak kezka. Birkokatze saiakera bat egiten du Otamendik: ohiko duen kontzientzia soziala beste ikuspegi batetik jorratzen du, borroka berriek beste plano batean kokatzen dutela jakitun. Baina betiere ni poetikoa kolektiboaren parte ulertuta. Are, haren poesia bezain hauskor eta kontziente den herri baten parte.
'Irautera'
Egilea: Castillo Suarez
Argitaletxea: Elkar
2019an gehien harritu nauen liburuetako bat da Castillo Suarezena. Ausardia bare batez mintzatzen da bakardadeaz eta galeraz, dramarik gabe, estereotiporik gabe. Ez da erraza minari buruz aritzea errukirik piztu gabe, erresistentzia gaitzat hartzea epikaren aldarririk egin gabe. Baina Suarezen hitzetan ez dago damurik ez erresignaziorik, ez norbere buruarekiko errukirik, ezta besteen erabakiekiko herrarik ere. Horiei ihes egiteak egiten ditu poemak eder. Izan ere, kontraesanen onarpena da sarri liburu honetan erakargarriena: zoriona heldu orduko galera dakarren maitasuna, abailtzen ari den horrekiko lotura saihetsezina, gizaki piztiatuak eta natura etxekotua. Azken finean, azala maiztu behar baita iraun nahi bada. Sinbolismo propioz eratu du idazleak bere ekosistema, eta jaioterriari lotutako paisaia sentimental horrek ematen dio osotasuna eta edertasuna lan honi. Esanen nuke idazle honen lanik borobilenaren aurrean gaudela.
'Kontrako eztarritik'
Egilea: Uxue Alberdi
Argitaletxea: Susa
Lisipe bilduman egiten den ezinbesteko lana azpimarratzeaz gain, Alberdiren saiakera koralak liburu interesgarrienen zerrendara ekartzea merezi du. Izan ere, emakume bertsolariek bizi dituzten trabak, zapalkuntzak, ahalduntze-prozesuak eta ilusioak aztertzeaz gain, horiek teorizatu eta sailkatzean izena jarri dio emakume sortzaile askok urteetan zehar bizi izandakoari, eta ez soilik bertsolaritzan. Finean, elkarrizketatu dituen hamabost emakume bertsolariek plaza publikoko zapalkuntza-sistemak eta iraupen-estrategiak dituzte mintzagai, eta, ibilbide artistiko desberdinak izanik ere, jatorrian zoru komun bat azaleratzen dute: sistema patriarkala. Testigantzetan azaleratzen diren bizipen eta hausnarketek argi uzten dute bertsolaritza eta sorkuntzaren mundua ez direla gizarte honen erro patriarkalez libratzen. Opari ederra da gure kultur sistema sarri idealizatuari hautsa kentzen hasteko, baina kontuz! Eguberrietako afaria kontrako eztarritik joateko arriskua izanen duzu!
JOANNES JAUREGI Literatura kritikaria
Azkendu berri den urteak eman ditu bereak itzulpenean ere, eta izan dugu ale ederrik eta mugarririk. Isabel Etxeberriak, Alice Munro euskaratu eta 2019ko Itzulpenaren Euskadi saria jaso duen itzultzaileak, adierazi du mugimendu kolektibo baten ordezkari gisa hartu duela saria; hain zuzen, urtez urte, argitaletxez argitaletxe eta itzultzailez itzultzaile egiten den lanak ederki erakusten du mugimendu horren bizitasuna.
'Aldibereko'
Egilea: Ingeborg Bachmann
Itzultzailea: Idoia Santamaria
Argitaletxea: Erein-Igela
Literatura Unibertsala bildumak ale parea eman digu aurten, eta horien artean dago Ingeborg Bachmannen Aldibereko ipuin-sorta, Idoia Santamariak itzulia: bost ipuin, eta beste hainbeste emakume protagonista, guztiak ere ederki taxutuak ahots narratibo sendo eta emankor batean. Azpimarratzekoa da lehen ipuina, zail xamarra narrazio-fokuaren aldaketa etengabeengatik eta aldizkako hizkuntza-nahasteengatik, baina ederki garatua, teknika literario landu baten erakustaldi petoa. Gainerako ipuinetan nabarmentzekoa da protagonisten eraketa ere, batik bat pertsonaien taxutzea narrazio-moldearekin uztartzen den moduagatik.
'Poesia kaiera'
Egilea: Louis Aragon
Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun
Argitaletxea: Susa
Udazkeneko labealdiko kaier hau dugu, zalantzarik gabe, aurten itzulitako poesiaren alerik pindartsuena, eta gehienbat Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileari esker, gainera; izan ere, jatorrizko hitz neurtua orobat neurturik itzultzeak erraza dirudi kaier honetan, buruhausteak eta bi eman ohi dizkion arren itzultzaileari. Halatan, poesiaren musika nagusitzen da hemen, hoskidetasuna eta neurria artez uztartzen baitira, erritmo poetikoaren akuilu, irudi eder eta surrealisten iturri.
'Bihotza nora, zu hara'
Egilea: Susanna Tamaro
Itzultzailea: Fernando Rey
Argitaletxea: Igela
Azkenik, Igela argitaletxearen aletxo bat dugu, oharkabean pasatu dioguna aurtengo ekoizpenaren artean (Stevenson, Gaël Faye, Sherlock Holmes...), baina azpimarratzeko modukoa, halere: Bihotza nora, zu hara, Susanna Tamarok 1994an idatzi eta Fernando Reyk aurten euskaratua. Amona batek bilobari idatzitako eskutitz-sorta hunkigarri batek osatzen du eleberria, eta, nahiz eta agian urrun duen Goi-Literaturaren Parnaso Distiranta, nobelaxka polita da, oro har ongi eusten diona istorioaren sentimentaltasunari eta arintasunari.
Ez da ahaztu behar indartsu segitzen dugula feminismoa euskaratzen ere, eta horren erakusgarri dugu Eskafandra bildumaren aurtengo alea, Irene Arraratsek euskaratua: Simone de Beauvoirren Bigarren sexua, ikerlan mardula eta sakona, erabateko mugarria duguna, feminismoan ez eze, euskal itzulpengintzan ere, bai behintzat 2015ean James Joyceren Ulises argitaratu zenetik. Patxadaz eta orain euskaraz irakurri beharreko lana, gainerako guztiak bezala, bestalde.
HAUR ETA GAZTELITERATURA
IMANOL MERCERO Literatura kritikaria
'Etxe honetan'
Idazlea: Aintzane Usandizaga
Ilustratzailea: Asier Iturralde 'Gaston'
Argitaratzailea: Pamiela
Tapa gogorreko edizio txukunean, musikazale porrokatu baten etxea erretratatzen duen album ilustratu honek irabazi du aurtengo Etxepare Saria. Bertan dauden erreferentziak (Led Zeppelin, Eric Clapton, Akelarre, Itoiz), irakurle helduari keinuka ari dira, baina badakite haur-irakurlea asetzen, kontakizunak darion umorearen bidez.
Barruan zer aurkituko dugun, azalak oso ongi irudikatzen du: aitonaren eta bilobaren arteko harremana, onarpen eta elkar-aberaste bide bezala.
Generoaren baliabideak erabilita, sorkuntza estetiko ongi zaindua baino dezente gehiago lortu dute. Narratzailea haur protagonista izanik, sinesgarria egiten da haren ahotsak duen parte hartzeko modu sotil eta irrigarria, irudiekin sortzen dituen kontrasteekin.
Bost urtetik aurrerako irakurleei proposatzen zaien obra bat da, baina goiko adin mugarik ez duena.
'Siberia treneko ipuinak'
Idazlea: Bernardo Atxaga
Ilustratzailea: Hainbat
Argitaratzailea: Erein
Aspaldidanik itxaroten genuen berrargitalpena da. Liburuaren sarreran tren batean doazen lau pertsonaia aurkezten zaizkigu, Moskutik Siberiarako bidean, ipuin kontari. Aipatu hurrenkeran kontatzen dituzte: Antonino Apreta, Txiten istorioa, Asto bat hipodromoan eta Jimmy Potxolo. Lehenengo eta hirugarren ipuinak Jon Zabaletaren ilustrazioekin jantzita daude, bigarrena Asun Balzolarenekin, eta laugarrena Antton Olariagarenekin. Ipuinok tradiziozko ahozko kontakizunen ezaugarriak dituzte, baina idazlearen asmoetara moldatuta. Guztietan literatur eta hizkuntz-estetika nahia gailentzen da, irakaspen asmo bakanen gainetik.
Bildumak 1986an jarraipen musikatua izan zuen, Flanery eta bere astakiloak (Elkar) LP/CDan. Lau ipuin hauenaz gain beste sei kanta ditu diskoak —letra guztiak Atxagarenak dira— JC Perezek erritmo dantzagarri-jostalariekin musikatu zuena, eta Itoizko hainbat jotzailerekin grabatua izan zena.
'Atãria'
Idazlea: Yolanda Arrieta
Malaxetxeberria
Argitaratzailea: Denonartean
Distopian oinarritutako eleberri bat eraiki du Arrietak, berezko duen baikortasunarekin bada ere. Ez da bakarra izan aurten bide hauetatik aritu dena gazteentzako literatura sortzen. Distopia eremuetan dabil Garazi Albizuak 2018an abiatu zuen Ahire munduak bilduma ere, aurten bigarren alea jada kalean duena, Geun izenarekin. Zientzia-fikzioaren beste azpiatal bat den ukronia aukeratu du, aldiz, Nerea Loiolak, Azken lanhütarra obrarekin.
Eskertzen da fikzioaren b serieko eremu hauetara euskal idazleek egiten duten ahalegina, urteko bizpahiru ale baino gehiago ez badira ere.
Beste kontu bat da argitalpenetan zein gutxi nabarmentzen diren generoak, zeren oraintxe bertan ez baitaude bi motatakoak baizik: album azal gogorrak eta gainerakoak, horrek dakarren duen irakurlearentzako kaltearekin, bere gustukoak aurkitzeko garaian. Adibide paradigmatikoa Elkarren Xaguxar saila da: irakurketa mekanizatzen ari direnentzako obrak, gore kutsukoak zein lila kolorekoak, denak bertan aurkituko dituzu.
Itzulpenak
Haur eta gazte literaturan ere izan da nabarmentzeko moduko itzulpenik. Ia ehun urteko itxaronaldia egin ostean bada ere, aurten ikusi du argia A. A. Milne-ren Winnie Pooh ipuin bildumak, Juan Kruz Igerabideren itzulpenarekin (Denonartean, 2019). Aldez aurretik irakurri gabea nuelarik, harritu egin nau nola erretratatzen duen haur psikologiaren aro goiztiarra. Bitxia bezain errepikaezina iruditu zait.
Aurten itzuli dituzte Istorio amaigabea eta Momo ere, Begiko argitaletxekoek. Aukera paregabea irakurtzeko Michael Endek gazte literaturari egindako ekarpen garrantzitsuenak, duten balio sozialarengatik. Azkenik, bi album aipatuko ditugu, haien paregabeko kalitateagatik bezainbeste zabaltzen duten mezuagatik: Tim Bowleyk tradiziotik berreskuratu zuen Jakes eta Herio (Txalaparta) batetik, erraietaraino sartzen dena Natalie Pudaloven ilustrazioekin; eta, bestetik, David McKeeren Orain ez Beñat (Pamiela-Kalandraka), haurrak eta helduak aurrez aurre, arimaz biluzik, jartzen dituena.
Poesia eta feminismoa
Euskarako liburugintzak aurten eman duena laburbiltzeko orduan, poesia lanak eta feminismoari lotutakoak azpimarratu dituzte BERRIAko literatura kritikariek. Euskarara ekarritako liburuen kalitatea ere nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu