Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Euskaraldia: ardura hartu

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Itxialditik Euskaraldira ariketa hasiko da bihar: konfinamendua baliatuz, etxeko hizkuntza ohituretan eragiteko helburua du. Erabileraren geldialdia agerien dagoen lekuetako bat da etxea. Jorratu beharreko eremua da, beraz. Eta eragiten zailenetakoa ere bai.

Udazkenean izango da bigarren Euskaraldia, eta horren entrenamendu gisakoa izango da itxialdi garaiko ariketa. Bistakoa da udazkeneko egitasmoa egokitu egin beharko dela, anbizioa apaldu, establezimendu asko oso egoera makurrean egongo baitira, asteetan edo hilabeteetan jarduna etenda. Hain justu, hori zen 2018ko Euskaralditik 2020korako saltoa: norbanako herritarrak soilik ez, askotariko entitate publikoak eta pribatuak modu praktikoan engaiatzea.

Bidegabea litzateke, hala ere, zailtasun horien argudiopean herritar soilen bizkar uztea ardura. Entitateek badute ardura, gizarte erantzukizuna, egoera zailetan ere. Konfinamendu eta alarma egunotan, ordea, agerikoa da euskarak presentzia publikoa galdu duela. Gainera, erakunde batzuen jokabidea urrun dago beharko lukeen eredugarritasunetik: erdara nabarmen lehenesten ari dira.

Garai zailak datoz, ziurgabetasun eta aldaketa garaiak, eta arriskua argia da: euskararen indarberritze prozesuak lekua galtzea agenda publikoan. Ezinbestekoa izango da ardura partekatua: herri ekimenari tinko eustea, eta erakundeek erantzukizunari izkin ez egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.