Azken hamarkadotan zientzia politikoen arloan gehien komentatu diren aurreikuspenetako bat izanen da, segur aski, Francis Fukuyamak 1989an proposaturiko Historiaren amaiera. Gerra Hotza AEBen garaipenarekin bukatuko zela iragarri zuen, eta munduan ordena bakarra ezarriko zela: AEBetakoaren irudiko «demokrazia liberal kapitalista».
Hamarkada neoliberal anglo-saxoiaren olatu betean egin zuen Fukuyamak bere teoria, eta urteak pasatu ahala doitu zituen bere ideiak, errealitateak pentsalari neoliberal anglofiloen hasierako triunfalismo hura zapuztu ahala.
Hiru hamarkada geroago, Europako herrialde anitzetan errotzen ari den ideia da zerbaiten bukaera gertatzen ari dela pixkanaka; edo, agian, aurreikusi baino agudoago. Euskal Herrian bertan suma daiteke. Gasolinaren prezioa markak gainditzen ari da egunez egun, elikagaiena duela urtebete baino %10 garestiagoa da —gutxienez azken hogei urteotako igoerarik handiena—, eta, oro har, jende langilea erosahalmena galtzen ari da. Herritar anitz ari dira hezur-haragietan sentitzen azken urteetan maiz aditu den hori, datozen belaunaldiak aitzinekoak baino okerrago biziko direla. Alegia, historia bukatzen ari dela, baina batzuentzat bakarrik. Horregatik, ideia hori azkartu baino ez du egiten aditzeak herritar gehienen ongizatean erabakigarria izan den arlo bat, osasun sistema unibertsala, murrizten hasiko dela. Nahiz eta gero mezua doitu, Fukuyamak egin zuen bezala.
HIZPIDEAK
Historiaren bukaerara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu