Arduradunak daude. Plastiko beltzaren atzean daudenak ez baitira soilik plastikoa eusten ari direnak. Arduradun politikoak daude. Jaizkibelekin atzo desfilatu zuten emakumeek ez zutelako halako traturik merezi. Ezta iaz edo duela bost urte ere, baina atzokoa mingarriagoa izan zen atzerapauso bat izan zelako: bozgorailuak, plastikoak gerritik gora... Atzokoa ez zen izan arma erakustaldi bat, ezta historiaren gertakari bat ekartzeko tradizio bat. Atzokoa gorroto erakustaldi bat izan zen, beste garai batean emakumeak kalean umiliatuta pasearazten zituztenen amorrua gogorarazten duena. Errepikatu beharko ez liratekeen irudi horiek izango dira historiara pasatuko direnak, herri honen historia beltzera. Emakumeak baztertzen dituen tradizio batek ezin du balio etorkizunerako.
Jaiegun bat behar zuena egun beltz bilakatu dute ustez maite dutenek. Egutegian iltzatuta geratu den puntu beltz bat da irailaren 8a, arrotzena ere lotsarazten duena. Lotsaren eguna. Emakumeak iraindu dituzte, kazetariei eta argazkilariei eraso diete, eta ertzain bat ere jo dute. Eta horren aurrean arduradun politiko eta polizialek ez dute ezer egin. Gaur egungo euskal gizarteak ez du halako tradizio eta arduradunik merezi, ezta tradizioaren defentsan halako piztia beltz, amorratu, zapaltzaile eta biolento bat ere. Politikarien eta Poliziaren ardura da hori geratzea. Plastikoaren aurrean zaude, edo atzean. Erdibiderik ez dago. Erdia plastikoa da.
HIZPIDEAK
Piztia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu