DIRUAREN LOKARRIAK

Afrika mendebaldean CFA frankoa 'eko' izeneko diru berri batekin ordezkatzeko akordioaren berri eman zuten abenduan Alassane Outtarra Boli Kostako presidenteak eta Emmanuel Macronek. Aldaketa sakonak dira, haien bultzatzaileen ustez; sinbolikoak, Frantziaren jokaera «neokolonialista» kritikatzen duten afrikarrentzat.

DIRUAREN LOKARRIAK.
Irune Lasa.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Akats larria, hutsegite sakona» izan zen, Emmanuel Macronen ustez, Frantziaren Afrikako kolonialismoa. «Frantziari buruzko Afrikako kritika eta eztabaida ugari kristalizatzen ditu CFA frankoak. Entzun ditut kritikak, ikusi dut zuen gazteriak kritikatzen gaituela, haientzat postkoloniala den harremanarekin jarraitzeagatik. Orduan, hauts ditzagun lokarriak».

Frantziako Errepublikako presidenteak adierazpen horiek egin zituen egun eta toki berean, abenduaren 21ean Abidjanen (Boli Kosta), Alassane Ouattara Boli Kostako presidenteak —eta UEMOA Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuneko presidenteak— iragarri zuen 2020. urte honetan Mendebaldeko Afrikan diru berri batek ordezkatuko duela CFA frankoa.

Hortaz, aldatzera doa kolonialismotik neokolonialismorako jauzian Afrikan ia bere hartan mantendu den sinboloetako bat. Hiru izango dira aldaketa nagusiak: CFA frankoak izen berria izango du; Eko izena jarri nahi diote diru berriari. Sorreran, CFA inizialek Colonies françaises d'Afrique esan nahi zuten, eta deskolonizazioarekin inizialei eutsi zieten, Communauté financière Africaine esateko.

Beste bi aldaketarekin, printzipioz, murriztu egingo da diruak Frantziarekiko duen lotura: batetik, zortzi herrialdeak ez dira egongo behartuta beren erreserben %50 Frantziako Bankuan izatera; eta Frantziak ez du ordezkari ofizial betodunik izango BCEAO Mendebaldeko Afrikako Estatuetako Banku Zentralean.

Baina lokarri guztiak ez dira hautsiko, inondik ere. Diru harreman berrituan, CFA frankoak euroarekiko bere truke finkoari eutsiko dio, eta Frantziak bere bermatzaile rolarekin jarraituko du.

Trikimailua

Hori ikusita, bada uste duenik Macronek eta Outtarak aurkeztutako erreformak prestidigitazio trikimailu bat besterik ez direla, eta herrialde afrikarren Frantziarekiko mendekotasun harremanak hor jarraituko duela oraindik. Hori pentsatzen du, adibidez, Mendebaldeko Afrikako Estatuetako Banku Zentraleko gobernadore ohi Philippe Henri Dacoury-Tableyk.

Dena aldatu ezer ez aldatzeko. Kezka bera du Ndongo Samba Sylla ekonomistak, zeinak Fanny Pigeaudekin batera idatzi duen L'arme invisible de la Françafrique, une histoire du franc CFA (2018) liburua. Ekonomista senegaldarrak Jacobin aldizkarian hilabete honetan argitaratuko artikuluan azaltzen duen moduan, erreforma sinbolikoek ez dute zertan aldaketa nabarmenik ekarri BCEAOren diru eta truke politikan.

«Aitzitik, CFA frankoa bere sinbolismo kolonialenetatik libratzeko logikan daude. Frantziar ordezkaritza BCEAOko organoetan, afrikar gordailuak Frantziako Altxorrean, eta franko franc izena bera —hala nola CFA franko billete eta txanponak Frantzian irartzea—, sinbolo gehiegi dira mugimendu panafrikarrak eta Afrikako iritzi publikoak orokorrean gogor gaitzetsiak».

Prestidigitazio trikimailu horren adierazle litzateke, Syllaren ustez, Frantziak BCEAOn ez izatea ordezkari ofizialik, eta haren tokian, ordezkari independente bat egotea, nork eta Frantziak izendatutakoa. Ordezkari independente hori banku zentralaren gordailuen eguneroko kudeaketaren kontrolean egongo da. Funtsean, iragarritako erreformak, Syllaren arabera, CFA frankoaren sistemaren lau zutarrietako bakarra aldatuko du egiaz, erreserben kontrol zentralizatua.

CFA sistema nora joan daitekeen ikusteko, komeni nondik datorren ikustea. Frantziar kolonialismoa indar betean zegoen oraindik II. Mundu Gerra amaitu zenean. Gerra osteko metropoliaren egoerak eta Bretton Woodsera egokitu beharrak (AEBetako dolarrarekiko truke finkora), liberaren debaluazio handi bat behartu zuen. Debaluazio hori kolonia guztietara ez zabaltzea erabaki zuen Parisek. Eta, hala, CFA frankoa sortu zen 1945eko abenduaren 26an.

Ofizialki, Afrikako koloniei debaluazio handia saihestea zen diru berriaren helburu nagusia. Baina diru berriaren truke balioa ikusgarria zen. Truke tasa finkoa zuen liberarekin: 1 CAF franko 1,7 libera ziren. Hiru urtera balio are handiagoa hartu zuen CFA frankoak, bi liberakoa, eta, praktikoki —balio errealean—, horrela iraunzuen 1994. urteko debaluaziora arte —zeinak, Frantziak alde bakarrez behartua, diruaren balioa erdira jaitsi zuen—.

Ndongo Samba Syllak azaldu moduan, horrek ondorio zuzenak izan zituen CFA frankoaren eremuko herrialdeentzat, bai Frantziaren kolonia zirenean, bai ofizialki kolonia izateari utzi ziotenean ere. Lehengaiak esportatu eta beste guztia inportatzen zuten herrialde horietan, diruaren gehiegizko balioak, hain zuzen,barne kontsumoa moteldu izan du, eta esportazioen lehiakortasunari kalte egin die. Metropoliarentzat, berriz, abantaila agerikoa zen; Frantziako konpainiek diru propioarekin, merkatuko prezioaren azpitik, eskuratzen zituen kolonietako lehengaiak.

Truke finkoak badu beste ondorio bat ere. Frantziak, Frantzian pentsatuz, liberarentzat—eta gero euroguneak euroarentzat— hartutako erabakiek zeharkako eragina zuten Afrikako herrialde haietan, eta beti ez zen mesederako.

Lotura estuak

Deskolonizazioa Afrikara iritsi zenean, beste potentzien pean egondako eremuetan diru propioak agertu ziren, baina Frantziarekiko loturak hor jarraitu zuen Saharaz hegoaldeko hainbat herrialderentzat. Finean, independentzia aitortuko bazien, Frantziak elkarlanerako akordioak sinatzea jarri zien baldintza bere koloniei. Eta akordio horien arabera, besteak beste, herrialdeek CFA frankoari eutsi behar zioten.

Hori guztia, Parisen arabera, herrialde horien mesedetan zen; inflazio eta debaluazio zakarrak eragozteko egonkortasuna eskaintzen zien Frantziak. Truketasa finkoarekin adierazitako bermea zen, azken buruan Frantziako Altxorrak behar adina frantziar franko mailegatuko zizkiela bi banku zentralei, haiek atzerriko erreserba nahikorik gabe gelditzen baziren. CFA frankoaren historia guztian ez da halako erreskate baten beharrik izan. 1994ko debaluazioan Nazioarteko Diru Funtsak eman zuen laguntza, eta Frantziak soilik zorraren zati bat barkatu zien herrialdeei.

Frantziaren bermeak, hori bai, kontraprestazioa zuen: Frantziako Altxorraren kontrola. CFA frankoaren eremuko herrialdeek euren atzerriko diruen erreserbak Frantziako Altxorrean gorde behar zituzten. Hasieran erreserba guztiak ziren, 1973tik aurrera %65 eta 2005etik gaurdaino erreserben %50. Trukean, %0,75eko interes eskasa jaso dute.

Baldintza hori desagertu egingo da orain. Frantziaren bermeak jarraitu egingo omen du, hori bai, Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroaren arabera, «beste aukerarik ez dagoenean soilik erabiltzeko». Historian zehar, dena den, Frantziaren eta haren kolonia ohien arteko lokarriak gehiagotan erabili izan dira aberastasunak lotzeko salbamendurako baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.