«Agintariek Europaren gomendioak bete behar dituzte». Kontseilua eta Behatokia bat etorri dira adituek Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren azken ebaluazioaren gainean egin duten gogoetan. Hori azaltzeko, agerraldi bateratua egin zuten atzo Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, Iruñeko Katakrak gunean. Biek ala biek nabarmendu zuten Europako Kontseiluak «bere» egin dituela euskalgintzaren aldarrikapenak eta, zehazki, Kontseiluak eta Behatokiak adituei helarazitako oharrak.
Bilbaok nabarmendu zuen Euroitunean jasotako konpromisoak ez direla Nafarroa osoan aplikagai, euskararen legeak ezarritako zonifikazioaren ondorioz: «Europako Kontseiluko adituen batzordeak hala jasotzen du bere ebaluazioan ere: euskara ofiziala den eremuan besterik ez dira aplikatzen sektorekako konpromisoak, eta, hala ere, argi eta garbi adierazi dio Nafarroako Gobernuari euskara sustatu behar duela ofiziala ez den eremuetan».
Bilbaoren arabera, Europako adituek lanpostu publikoen inguruan eginiko oharrak «oso argigarriak» dira: «Euskararen ezagutza ezarria duten lanpostuak nahikoak ez direla jasotzeaz gain, adituek agerian utzi dute berezkoak ez diren hizkuntza batzuen ezagutza baloratzen dela euskararen gainetik». Horren argitara, Kontseiluko idazkari nagusiak uste du Nafarroako Gobernuak «euskarazko lanpostu gehiago» atera beharko lituzkeela.
Are: azpimarratu zuen adituen ebaluazioak «aukera» zabaltzen diola Nafarroako Gobernuari uneotan prestatzen ari den euskararen dekretu berria «aurrekoa baino ausartagoa» izan dadin. Hain zuzen, gogora ekarri zuen duela aste batzuk Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpen batek euskararen dekretua kamustu zuela: «Orduan esan genuen epai horrek talka egiten zuela Euroitunarekin, eta Europako adituen txostenak hori erakutsi du. Ez dugu ulertzen zergatik ez zitzaion helegiterik aurkeztu epai horri; dena dela, orain Nafarroako Gobernuak badu irizpide berri horiei jarraitzea dekretu berria prestatzerakoan».
Gaubekak, bestalde, eskerrak eman zizkien herritarrei, Europako Kontseiluaren ebaluazioari eginiko ekarpenagatik: «Guk Estrasburgoko adituei helarazitako txostenak herritarren bizipenetan du oinarria; herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak baliatzen ditugu ikusarazteko non ez diren betetzen Euroituneko konpromisoak».
Kritika Espainiari
Behatokiko zuzendariak kritika gogorra egin zion Espainiari, Euroituna «derrigorrean» bete beharreko hitzarmena izanda ere Madrilek ez baitu bete aurreko urteetako gomendio bat bera ere: «Lehen ebaluaziotik eskatu dio Estrasburgok jarrera aldatzeko, baina, gomendioei muzin eginda, Espainiako Gobernuak agerian utzi du axolagabe ari dela. Hortaz, zertarako berretsi nazioarteko itunak, bertatik datozen gomendioei erreparatu behar ez bazaie?».
Zehazki, Gaubekak «eskandaluzkotzat» jo zuen justizia administrazioaren egoera: «Estrasburgon badakite esparru juridikoa eta Botere Judizialaren Lege Nagusia aldatu behar direla, eta halaxe ari zaio eskatzen Espainiari azken urteotan. Auzi horretan, estatua, hizkuntza eskubideak ez ezik, defentsa eskubidea eta babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere urratzen ari da».
Bestalde, Behatokiko zuzendariak Eusko Jaurlaritzari gogorarazi zion osasunaren eta segurtasunaren esparruak «behin eta berriro» agertzen direla Estrasburgoren ebaluazioetan: «Europak aitortu du, bai, aurrerako urratsak izan direla, baina oraindik dauden gabeziak ere aipatu dituzte».
Euroitunaren neurriak betetzeko eskatu die euskalgintzak gobernuei
Kontseilua: «Europak aukera eman dio Nafarroari hizkuntz politika ausartagoak diseinatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu