Elikadura industria. Txerrikiaren garestitzea

Txerrien apokalipsia

Izurri afrikarrak dozenaka milioi abereren heriotza eragin du Txinan. Gobernua haragi erreserba izoztuak erabiltzen ari da Urteberri eguneko eskaerari aurre egiteko, eta muga zergak kendu dizkie inportazioei.

Txerri atalak pusketaka salgai, Hong Kongeko harategi batean. ALEX HOFFORD / EFE.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Norbaitek Txinako inflazioa soilik txerrikiaren prezioarekin kalkulatuko balu, Asiako Venezuela bilakatu dela pentsatuko luke. Baina benetako arazoa animalien osasunarena da. Urtebetetik gora darama txerrikiaren salneurriak igo eta igo, herrialdeko milioika txerri hil dituen izurrite afrikarraren epidemiaren ondorioz.«Lehen, prezioan ia ez zegoen gorabeherarik, baina, orain, ezohikoa da prezioan igoerarik ez dagoen eguna. Arazoa da eskaria eskaintza baino handiagoa dela», azaldu du Shanghaiko Carrefour saltokiko langile batek. Garestitzea beste haragi batzuetara ere iritsi da, eskaria haietara bideratu baita.

Arazoa oso serioa da Txinarentzat. Txerrikia da txinatarren elikaduraren zutabe nagusietako bat: 1.400 milioi lagunek kontsumitzen duten okelaren %60 da txerrikia. Datu ofizialik ez dago, baina, kalkulu batzuen arabera, Txinak 2018an zituen 400 milioi txerrietatik ia erdiak galdu ditu. Horrek esan nahi du urte horretako abuztuan planeta osoan zeuden txerrien laurdenak sakrifikatu dituztela izurri afrikarra zutelako edo hura izateko arriskuan zeudelako. Gizakientzat ez, baina txerrientzat oso birus arriskutsua da: aberea hiltzeko arriskua ia %100 da. Gainera, itsasoa zeharkatu eta inguruko zenbait herrialdetara ere hedatu da: Filipinetara, esaterako.

Txinako Gobernua hondamendia arindu nahian dabil, gizartea asaldatzen duen gai bat baita txerri eskasiarena. Horrela, haragi izoztuaren erreserbak erabili ditu, orain arte herritar gehienentzat ezezagunak ziren erreserbak. Krisiaren kudeaketan data garrantzitsua da urtarrilaren 25a: egun horretan ospatzen dute txinatarrek Urteberria, eta hura da txerria gehien kontsumitzen den eguna. Eskasia arintzeko, erreserbetatik 20.000 tona atera ditu Pekingo gobernuak —jada 120.000 tona erabili ditu—.

Zenbateko erreserbak geratzen diren, hori inork ez daki zehazki, baina egoeraren larria erakusten du Txinak AEBetako txerrikiaren gaineko muga zergak kendu izanak. Merkataritza gerra arintzeko borondate oneko keinu gisa saldu du Txinako Alderdi Komunistak, baina beharrak bultzatutako neurri bat da.

Kalte handiena, abeltzainei

Kontsumitzaileei eragin die gutxien txerrikiaren izurriteak: abeltzainen egoera da larriena. Asko, etxalde txikietakoak bereziki, dena galtzeko beldur dira. Kritika ugari jaso dituzte agintariek, birusaren hedapena kontrolatzeko neurriak berandu etorri direla eta. Beste batzuk kexu dira abeltzainei emandako laguntzak oso txikiak direlako. Txerri bakoitzeko 1.200 yuan ematen ditu gobernuak (150 euro); gutxiegi abeltzainentzat, baina asko estatuaren kutxarentzat.

Eta, abeltzainen zoritxarrerako, herritar gehienek ez dute ekoizleekiko enpatia handirik. «Birusa hainbeste hedatu bada, etxaldeetan higiene baldintzak penagarriak direlako hedatu da, eta txerriei ematen dieten bazkaren kalitatea eskasa delako.Espero dut gobernuak garbiketa egiteko baliatuko duela aukera», azaldu dio BERRIAri Liao Feng gazteak, Shanghain. Neurri batean arrazoia eman dio FAO Nazio Batuen elikadurarako agentziak, zikinkeria eta pentsu txarrak baitira gaixotasuna kutsatzeko bide nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.