Mugak Zabalduz karabana. Ekialdeko Alpeetako muga

Alpeetako tranpa zeharkatzeko bidelagunak

Italiatik Frantziarako muga gurutzatu nahi duten migratzaileei laguntzeko, hainbat talde eta dozenaka herritar mobilizatu dira Alpeetako herrietan: aterpetxe sare bat antolatu dute, mendian aritzeko materiala uzten diete eta erreskate talde bat ere abiatu dute. Lan politikotzat dute hori, eta etorkinak subjektu gisa hartzea aldarrikatu dute.

Neguan oso arriskutsua da Alpeetako muga: elurra eta hotz handia izaten dela oroitu dute irudietan. DABID SANCHEZ / EKINKLIK.
Maite Asensio Lozano.
Montgenevre-Oulx
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Egunez, oporretarako leku ametsezkoa dirudi Montgenevrek: ur jolasak egin daitezke bi laku artifizialetan, golfean jokatu zelai dirdiratsuetan, eta ibilaldi ikusgarrietan murgildu inguruko mendietan. Gauez, ordea, paisaia aldatu egiten da: Italiatik Frantziara igaro nahi dutenen pasabideetako bat da, eta gune bereziki arriskutsua neguan, eskiatzaileen paradisua dena migratzaileentzako tranpa bihurtzen baita. Alpeetan dago Montgenevre, ekialdean: Italiako Val di Susa eskualdearen ondoan, Frantziako lehen herria da, eta mendikateko puntu beroenetako bat, turistentzako denden eta azpiegituren artean dagoen polizia etxeak adierazten duenez: Europa barruan salbuespenezkoak diren muga kontrolak arau bihurtu dira han. Herritarrek, ordea, elkartasunez erantzun diote migratzeko debekuari: etorkinei harrera egiteko eta bidean laguntzeko sare zabal bat osatu dute mugaren bi aldeetan. «Ez da karitatea, baizik eta borroka politiko bat. Migratzaileak subjektuak dira, ez arreta behar duten objektuak: eskubide eta justizia auzi bat da», aldarrikatu du Piero Gorza MEDU Eskubide Humanitarioen aldeko Medikuen elkarteko ordezkari eta harrera sareko kideak.

Ikusi gehiago:«Jende asko dabil mendian, herrialde askotakoak»

Han izan zen Mugak Zabalduz karabana orain bi aste, besteak beste, Italiako Carovane Migranti taldearekin batera. Europara sartzeko oztopoak salatu izan ditu karabanak 2016tik, baina aurten barne mugei erreparatu die, bai Irundik (Gipuzkoa) abiatuta, bai ekialdeko Alpeetara joanda.

«Barne mugek beste ikuspegi bat ematen dute Europako Batasuneko atzerritartasun politiken inguruan», azaldu du Giacomo Donadiok, Carovane Migrantiko kideak: «Mugak esternalizatzearen antzeko mekanismoak daude EB barruan: asilo prozedurak sarrera herrialdeetara lotzea, polizien arteko lankidetza akordioak, migratzaileak atzeman eta berehala itzultzea...». Gogora ekarri du Frantziako Gobernuak itxita dauzkala mugak, «terrorismoaren aitzakian»: 2015etik Italiakoa, eta 2018tik Euskal Herrikoa. «Nahiko konparagarriak dira bi muga horiek: estatu bat, Frantzia, bereizten dute EBko bi estatu periferikotatik; Espainia eta Italia Europarako sarbide baitira».

Ventimigliako kostaldean polizia jazarpena areagotu ahala joan ziren migratzaileak muga pasatzeko bidea aldatzen eta Alpeetara gerturatzen. 2015ean agertu ziren igaroan zihoazen lehen etorkinak Val di Susan, eta 2017tik aurrera nabarmen areagotu zen haien presentzia. Azken zazpi urteotan, 30.000 laguni egin diete harrera; iaz, 10.000 inguru igaro ziren Italiako Oulx, Bardonecchia eta Claviere herrietatik. Halere, ez da bilakaera lineala izan, Gorzaren hitzetan: «Aldagai askoren araberakoa da: beste mugen egoera, Poliziaren jarrera, familiek bil dezaketen dirua, sasoia... Bi eta sei urte arteko bidaiak izaten dira; exodo luzea da, beraz».

Aldakorra izan da, era berean, migratzaileen soslaia eta bidea. 2020an jarri du inflexio puntua Gorzak: ordura arte, migratzaile gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik —Ginea, Gambia, Senegal...— iritsitako gizon gazteak ziren, Mediterraneo itsasoaren erdigunea zeharkatuta Italiara heldutakoak. 2020tik aurrera, berriz, Afganistango, Irango, Kurdistango eta Siriako iheslariak ugaritu dira, Balkanetako bidea hartutakoak. «Asko familian ateratzen dira: aitona-amonak, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin; baina, sarri, bidean banatu egiten dira, diru arazoengatik. Emakume batzuek umeak izaten dituzte migrazio bidean zehar: latza da haurdunak edo jaioberriak heltzen direnean».

Adingabeen artean antzemandako joerez ere mintzatu da: «Familiekin doazenean ere, 13 eta 16 urte arteko nerabeak ari dira nolabait lidergoa hartzen: sakelakoa erabiltzen dakitelako, ingelesez edo beste hizkuntza batean moldatzen direlako edo haurrak direlako, errazago egiten dituzte harremanak, eta haiek kudeatzen dute informazioa eragileekin. Erantzukizun handia dute, eta motibazio sendo bat ibiltzen jarraitzeko: gurasoak babestea».

Sare zabala

«Baina barne mugez aritzean, injustiziez ez ezik, aliantzez ere hitz egin behar dugu, gizarte zibilaren rolaz», esan du Donadiok. Hala da Irun-Hendaian, eta hala da Alpeetan ere: herri txikiez osatutako eremua izan arren, eragile eta pertsona ugari mobilizatu dira migratzaileei harrera egiteko. Val di Susan, gainera, beste borroka batzuekin uztartu dute iheslarien eskubideen aldekoa: eskualde horretakoak izan ziren Italiako lehen intsumisoak, eta nazioartean ezaguna da AHTaren kontra 30 urtez eramandako jarduna.

Askotariko eragilez osatutako sarea dela berretsi du Gorzak: «Migratzaileak jasotzeko hainbat leku ditugu: batzuk aterpetxe formalak dira, eta beste batzuk, etxe okupatuak. Hemen elkarlanean ari gara anarkistak, katolikoak, eskautak, etorkinen elkarteak eta lagundu nahi duten pertsonak. Desorekez osatutako oreka bat da: aniztasunak dakar topaguneak aurkitu behar izatea, eta ez da beti erraza; baina desberdintasun politikoen gainetik, elkarrekiko aitortzan oinarritzen gara, eta helburu zehatz berdina dugu: jendearen alboan egotea».

«Portu seguru» gisa jardun nahi dutela gaineratu du Silvia Massara harrera sareko kideak: «Migratzaileek jakin behar dute haien zain gaudela». Harrera prozesuak hiru xede dituela zehaztu du. Bat, elkartasuna: «Denbora gorde behar da, entzuteko, hitz egiteko, elkarrekin topo egiteko, harremanak sendotzeko». Bi, osasuna: «Esperientzia oso gogorrak gertatzen dira hemen goian: zauriak edo anputazioak bezain garrantzitsuak dira beldurra eta antsietatea. Osatzeko denbora behar dute». Hiru, segurtasuna: «Neguan hotz handia egiten du: zero azpitik hogei gradura iristen gara, eta metro askotako elurra pilatzen da. Arriskua erreala da: hotzez hiltzea». 2015etik 46 pertsona zendu dira Italiako ekialdeko mugan.

Hain justu, Alpeak gurutzatzeak guztiz baldintzatzen du harrera sarearen lana. «Migratzaileen bizitzaz arduratzen gara», berretsi du Gorzak. Oreka konplexu batez mintzatu da: «Ezin diegu esan muga nondik pasatu behar duten, lau urteko kartzela zigorra arriskatzen baitugu legez kanpoko migrazioa laguntzeagatik. Baina esan behar diegu non dauden leku arriskutsuak, arnasteko arazoak dituztenei aholku eman behar diegu, eta ohartarazi behar diegu oinetako eta eskarmentu profesionalik gabe hiltzeko arriskuan egon daitezkeela». 130 boluntario arduratzen dira Italiako aldean migratzaileak jasotzeaz eta haiei materiala emateaz. «10.000 pertsona pasatzeak esan nahi du 10.000 oinetako pare lortu behar direla, motxilak, janaria...». Erantsi du frantziarrekiko harremana funtsezkoa dela, «batetik, oinetakoak eta hotzerako materiala bueltan jasotzeko, eta, bestetik, jakinarazteko zenbat pertsona doazen harantz, heldu ezean haien bila atera daitezen».

Mendi erreskateak

Izan ere, mugaren bestaldean ere prest dago solidarioen sarea, baina beste helburu bat ere izaten dute: mendian galtzen diren migratzaileak erreskatatzea. Mendiko gida profesionala da Stephanie Besson, Briançon herriko Tous Migrants kolektiboko partaidea, eta talde bat osatu du lankide batzuekin: «Badakigu ezinezkoa dela mendi hauetan bakarrik ibiltzea. Guretzat pentsaezina da mendian galtzen direnak han uztea; beraz, erreskate talde solidarioak eratzen hasi ginen, eta txabolak zabaltzen. Gauez ateratzen gara; elurra bada, erraketekin».

Erantsi du mendian ohikoak direla lesioak, zauriak, erorikoak, baita anputazioak ere; beraz, erreskatearekin eta osasun arretarekin batera, beste premia bat ere antzeman zuten: migratzaileei ostatu ematea. Aterpetxe bat ireki dute, baina elkartasunak beste aukera bat eman die: «Denbora gutxian 80 familiako sare bat sortu genuen: gauez deitzen genien, norbait erreskatatzen genuenean, eta pertsona horiek etxean hartzen zituzten». Herri txiki asko mobilizatu ziren: 347 biztanleko batean 40 sendik eskaini zuten beren burua migratzaileak Briançonera laguntzeko. «Horri esker, gure arteko harremanak ere estutu ditugu».

Gizarte zibilaren inplikazioak, ordea, errepresioa ekarri du bueltan. «Eremu militarizatu bat da hau», deitoratu du Bessonek, Montgenevreko errepideko polizia etxolari begira: «Muga ez da soilik puntu bat: poliziak hamar kilometroan sar daitezke Italian, eta pasaeran daudenak jarraitu, itzularazi...».

Frantziako Muga Polizia jendarmeekin nahasten da han, eta kontrol zorrotzak egiten dituzte, gauez zein egunez; Mugak Zabalduz karabanaren autobusak ere gelditu zituzten. «Eskualdean 12.000 pertsona bizi gara, eta 200 polizia daude mugan; misio berezian daude, egonaldia ere ordaindu behar zaie: eguneko 40.000 euroren gastua da». Poliziaren presentzia itogarriak ondorio larriak dituela dio Bessonek: «Militante solidarioek gero eta arazo gehiago dituzte justiziarekin. Eta migratzaileek ere arrisku handiagoak hartu behar dituzte».

Schengenen irizpideak

Polizia kontrol horiek Schengen eremuko irizpideekin bat datozen aztertu du Giacomo Donadiok. Haren aburuz, araudiak aurreikusten du barne mugetan kontrolak jartzeko aukera, baina ez dira betetzen horretarako jasotako irizpideak. «Batetik, iraupena: gehienez bi urtez berrezar daitezke mugak, baina Frantziak zazpi urte daramatza etengabe kontrolak egiten. Eta, bestetik, arrazoiak: mugak itxi daitezke terrorismoarekin lotutako mehatxu larria badago, baina ez migrazioa eragozteko, eta argi dago kontrol hauen xedea dela etorkinak sar daitezen galaraztea; bestela, Alemania eta Belgikako mugetan ere kontrolak egingo lituzkete, eta han ez dago halakorik».

Carovane Migrantiko kideak berretsi du Europako barne mugei erreparatuta «milaka kilometrotara gertatzen denaren isla bat» ikus daitekeela: «Melillan zerbait gertatzen denean, zaila da Europaren benetako inplikazioa antzematea. Baina hemengo mugetan, ezin dugu ardura hori besteen esku utzi: EBko herriek egiten dute lan zikina». Eta urruneko sarraskiak bezain mingarriak dira gertukoak: «Europaren bihotzean gaude, eskubideen lurraldean, baina hemen ere jendea hiltzen ari da: Mediterraneoa zeharkatu duten edo dozena erdi herrialde gurutzatu dituzten pertsonak zendu dira ibaian itota, edo mendian izoztuta, edo errepide batean auto batek harrapatuta, edo tren baten sabaian elektrokutatuta. Bidasoan gertatzen ari dena beste mugetan gertatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.