Gauza jakina da liburuak erretzeko kapaza dena edozer gauza egiteko kapaza izango dela, aukera izanez gero. Begira zer gertatu zitzaion Bittori Etxeberriari. Baztango ikastolako sortzaileetako bat izan zen, Errepublika garaian. Txokote auzoan inauguratu zuten, Elizondon, berak eta bailarako beste euskaltzale batzuek, 1935eko irailean. Ez zuen asko iraun egitasmoak. 1936ko uztailean, gerrako lehen ekintza gisa, falangistak ikastolan sartu eta dena txikitu zuten. Bereziki anker jokatu zuten ikastola hartako liburutegiarekin. Ez zen edozein liburutegi, kaputxino baten donazioa medio, ondo hornitutako altxorra baizik. Malapartatu horiek liburu guztiak herriko plazara atera eta hantxe erre zituzten, Bittori bera testigu zela. Ikastolaren eraikina kuartel bihurtu zuten gero.
Flash-forward orain. Bost urte pasa dira liburu suntsiketaren egunetik, 1941eko uztailaren 3an gaude, eta Bittori Etxeberria Madrilen dago, tribunal militar baten aurrean, beste hemeretzi abertzalerekin batera, sententziaren zain. Ordu pare bateko epaiketa lotsagarriaren ostean, heriotza zigorra egokitu zaio, bera eta beste hamazortzi abertzaleri, «matxinada militarrari atxikimendua egotzita». Alava sareko kideak ziren denak, gerraosteko euskaldunen elkartasun eta informazio sarea.
Soka luze eta trinko batek lotzen ditu, noski, bi egun horiek, 36ko uztaileko egun abaildu hura eta 41ekoa. Bost urtetan gorantz egin du errepresio faxistaren oldarraldiak. Ezer baino lehen, liburuak erre dizkiote Bittoriri. Gero: deserria, atxiloaldia, tortura. Amaitzeko, odol hotzean erailtzeko teatro guztia martxan.
Izan ere, zer bilatzen du liburu bat suntsitzen duenak? Beti gauza bera, Alexandriatik Sarajevoraino. Ideia, memoria eta identitate baten bortxazko ezabaketa. Liburua erretzen duenak ez du erretzen liburu horrek mina ematen diolako (hala balitz, ez irakurtzearekin nahikoa litzateke), baizik erretzearen ekintzak besteari ematen dion minarengatik. Eta ez hori bakarrik. Irene Vallejok dioen moduan, liburua ez da soilik tradizioaren edukiontzia, etorkizuneko ideiekin lotzen gaituen artefaktua ere bada. Eta liburua suntsitzen duenak badaki hori: ideia, memoria eta identitatea ezabatzearekin batera, balizko etorkizun hori ere ezabatu nahi du.
Heriotza-zigorra ezartzen duenak bezalaxe. Horregatik da memoria betebehar morala, faxismoaren aurrean.
Beste flash-forward bat. 2023ko neguan gaude orain, eta talde bat Baionako liburu denda batean sartu da. Liburu bat dute jomugan, euskarazko liburu bat, baina ez hura irakurtzeko preseski. Liburuak Puta zikinak. Sexu langileen eskubideen aldeko borroka du izena eta bi sexu langilek idatzi dute, Juno Macek eta Molly Smithek. Euskaratu, Amaia Astobizak egin du, eta argitaratu, berriz, Katakrak argitaletxeak. Talde honek egin duena, harrigarriki (edo ez), liburu honen ale guztien azalak apurtzea izan da, eta barruan pegatinak ezarri. Liburu dendako gainerako liburuak bakean utzi dituzte, baina Puta Zikinak-en ale bat bera ere ez da geratu hondatu gabe, eta liburu dendak erretiratu behar izan ditu denak.
Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, kolektibo feminista batek aldarrikatu du liburu suntsiketa. Pentsatzekoa da feminismoaren baitan dagoen banaketa horren ondorio dela, beraz, erasoa. Nik gehiago ikusten dut feminismoaren baitako talde batek hartu duen bide integrista eta autoritarioaren hamaikagarren adibide gisa.
Zeren eta funtsean irrelebantea da eraso hau burutzeko erabili dezaketen aitzakia (adibidez: prostituzioaren abolizioa). Prostituzioaren gaineko nire iritziak ere ez du orain inporta (nahiz eta horretaz publikoki idatzi dudan, non, eta txoko honetan bertan, orain dela hilabete batzuk). Talde horren ideologiaz jakin behar dudan guztia ekintzak berak adierazten du: liburuak suntsitzea borroka bide zilegi dela dioen ideologia da eurena.
Katakrakek adierazi bezala, «liburu zehatzak propio hondatzeak liburu denden, argitaletxeen eta idazleen bizitzak kaltetzeko helburua du». Baita irakurle eta hiritarron bizitzak ere, gehituko nuke. Edo beste modu batean esanda: liburuak suntsitzen baditu, ez da hor. Ez zaidalako batere kostatzen ikustea soka luze eta trinko horren ibilbidea: Baionako liburu denda batean hasi eta etorkizuneko tribunal arbitrario batean amaitzen dena.
Bide batez, Bittori Etxebarriari heriotza zigorra bizi osorako kartzelaldiagatik aldatu zioten errekurtso baten ostean. Hemeretzi kondenatu horietatik bat bakarrikfusilatu zuten azkenean: Luis Alava. Bittori, Luis eta Alava sareko beste kide guztiei, ohorea eta memoria. Liburuak suntsitzen dituztenei, mespretxua besterik ez.
LAUHAZKA
Liburuak suntsitzen dituztenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu