Nola bota dezake halako harri jasa uztailaren hogeita hamarrean? Izotzezko ehunka jaurtigai teilak metrailatzen, amamaren ortua suntsitzen ari dira. Almak adats oraino hezea orrazten dihardu komuneko ispiluaren aurrean. Hondartzatik bueltan harrapatu du ekaitzak. Ikusten duen irudiak ez du antza handirik duela hilabeteko nerabearenarekin. Azal beltzaranari, begi dirdiratsuei eta eguzkiak argitutako ileari askatasuna darie, eta, duela minutu gutxira arte, poza.
Alma, izen egokia bere existentziaz zalantza egin ohi duen norbaitentzat.
Haien barreak heltzen zaizkio sukaldetik. Lagun minak dirudite, elkar ezagutu berri duten arren. Mehatxua sumatzen du.
Apal gaineko kaktusari erreparatu dio. Gustuko ditut kaktusak. Aurkako giroetan bizirauten dute, eta hostoak izateari uko egiten diote euren burua defendatzeko arantzen truke. Eskuaz inguratu du. Gogor estutu du. Arantzek azala zulatzen diote, haragian iltzatzen zaizkio. Ehunka nerbio-bukaerek min seinaleak igortzen dituzte garunera. Irribarre egin du, malkoek bide kresaltsuak marrazten dutela aurpegian.
Kanpoan, ekaitza baretzen ari da.
Amamaren etxea itsasertzeko herrixka batean dago. Herriko emakumeek kipulak eta baratxuriak ereiten dituzte lurrean, eta txirlak eta berberetxoak padurako harea lohitsuan. Han eman izan du uda, txiki-txikitatik.
Duela hilabete bat, poz bizia ezkutatu zuen trenaren ondoan agur egitean. Besteen irribarre gogogabea imitatu du, amak, aitak eta Andreak, lau urte gazteagoa den ahizpak, ez zezaten uste poztu egiten zela haiek begi bistatik galduta. Treneko leihoaren beirak irudi ezaguna itzuli zion: lau aurpegi hauskara, itzalek inguratutako begiratu nekatuak. Minak berdindu dizkie hazpegiak, partekatzen dituzten geneek baino gehiago.
Bueltan etorritako emigranteen auzo bateko pisu batean, beste askoren antzekoa, bizi ziren. Hango bizitza sukaldeko atean zintzilik zegoen egutegiaren arabera moldatzen zen. Hark antolatzen zuen Andrearen denbora, eta, ondorioz, guztiena. Egunek, asteek edo hilabeteek ez zuten garrantzirik. Bizitzaren zikloak terapiek, ebakuntza aurreko aldiek, ebakuntza ondokoek eta susperraldiek markatzen zituzten.
Halako batean, ahizparen oheari helduta ikasi zuen oinez, eta, zerbait gaizki zihoan ziklo baten erdian, ulertu zuen familiari egin ziezaiokeen ekarpenik handiena zela ezer behar ez izatea, ez eskatzea, trabarik ez egitea. Bakarrik jaikitzen zen, zegoena jaten zuen, malkoak berarentzat gordetzen zituen eta asko ikasten zuen. Ez zuen arazorik sortzen, hirurogeita hamar metro koadro haietan ez baitzegoen beste ezertarako tokirik.
Ilea txanoen azpian ezkutatzen zuen, ahizparen antzekoa izateko, eta gurasoek bere urtemuga ahazten zuten aldiro, kandela mutur bat erreskatatzen zuen tiraderaren batetik eta logelan egiten zuen putz, gaixotasunen bat eskatzen zuen bitartean. “Itis” amaiera zutenak maite zituen. Hala, ama bere ondoan etzango zen, eta aitak herriko denda guztiak ibiliko zituen irribarrea piztuko zion opari baten bila. Baina eskolatik kalenturarekin itzuli zen aldi bakarrean, gertu bizi zen izeko batengana bidali zuten. Arrisku bat zen ahizparentzat.
Andrearen gaixotasunarekin borrokatu zen. Eta galdu egin zuen. Hark eraman zuen dena: denbora eta airea bera ere, botiken, gonbitoen eta belar kirasdunez egindako infusioen usainez kargatua.
Harik eta uda heltzen zen arte. Trenak beste mundu batera eramaten zuen, non aireak kresala usaina zuen eta esnatzen zuten oihu bakarrak kaioenak ziren. Non amamaren besoek hartzen zuten; haren bular oparoa baino toki hoberik ez zuen ezagutzen burua pausatzeko. Uda honetara arte.
Aurten Louise agertu da. Louise, o-rekin eta amaierako “e” batekin, idatzi bai baina ahoskatzen ez dena, sekretu bat, hitz debekatu bat bailitzan. Louise, Andrearen adinekoa eta amaren lehengusina baten alaba, egun batzuk lehenago heldua zen Frantziatik. Irribarre xarmangarri batez eta «Kaixo, cherie!» esanez egin zion harrera. Inork ez zion lehenago cherie esan. Inork ez zuen errea horrela ahoskatzen. Inork ez zion halako irribarrerik egin. Dar-dar egin zuen eskutik heldu zionean; bestearekin, txanoa kendu zuen. Adatsak, libre, bizkarra estali zion.
Louisek biologia ikasten du. Eguzkia zegoen egunetan, Arnelara, bi harkaitzek babestutako kala batera joaten ziren. Poltsez eta flaskoez betetzen zituzten motxilak, eta haietan gordetzen zituzten harea-laginak, maskorrak, algak eta itsasbeherak sortu putzuetan harrapatzen zituzten ornogabe txikiak. Euria bazegoen, etxean geratzen ziren, eta Louisek jangelako mahai gainean zabaltzen zituen bildutakoak, lupaz aztertzen zituen, liburuak kontsultatzen zituen, eta flaskoetan itsasteko etiketak idazteko eskatzen zion. «Idazkera oso polita duzu, Alma», esaten zion. Amama formol usainaz kexatzen zen. Berak gustuko zuen.
Almak ondo ezagutzen zuen itsasertza. Elkarrekin ibili zituzten ordura arte bakarrik ezagututako bideak, haitzuloak eta txokoak. Kala seguruetan bainatu ziren, urlaster arriskutsuetako inguruak saihestuta.
Gaur goizean hondartzara joan dira, hodeiek ekaitza iragartzen zuten arren. Amamak ez luzatzeko eskatu die, sorpresa bat izango dutela zain. Amamaren sorpresak beti dira gozoak. Korrika jaitsi dira harearaino. Almak estropezu egin du eta jausi da. Odol sendoa atera zaio zangoko ebakitik. Mina isilarazi du. Jaikitzeko denbora izan baino lehen, aldamenean jesarri zaio Louise, eta bere zangoen gainetik jarri du hanka zauritua. Makurtu egin da eta odola xurgatu dio, zauria miazkatu dio. Almak dar-dar egin du ukitze epel eta hezearekin. Sutan zuen aurpegia, gorputz osoa.
—Desinfektatu egiten du, eta orbaintzen laguntzen du —esan du Louisek.
Begiradek topo egin duten unean, Alma jaiki egin da. Aldapan behera korrika hasi da, aztoraturik. Gelditu gabe, motxila eta arropak hareetara bota ditu. Uretara sartu da. Gesalak azkura eman dio zaurian. Aurrera egin du. Ur izoztua izterretan kolpeka. Murgildu da. Apurka-apurka, hotza onartu du, gozatu du. Uhinek jitoan kulunkatu dute. Zoriontsua zen. Louiseri itxaron dio.
—Alma! —deitu dio itsasertzetik—. Euria hasi da! Itzuli egin behar dugu!
Zerua ilundu da. Atsekabeturik atera da uretatik. Berehala lehertu da ekaitza. Euripean egin dute korrika. Arnasestuka heldu dira.
Atea zabaldu orduko, belar kirasdunen infusio usinak jo du bete-betean.
—Begira nor etorri den! Askoz hobeto dago. Eta hilabete osoan geratuko da! —amamak egongelako atea zabaldu du, sartzeko keinua eginez. Irribarre egin die Andreak sofatik.
Eta orain, hor daude biak, Andrea eta Louise, elkarrekin, barrezka, konplizeak, lagunak. Eta amamak haiekin batera egiten du barre, Andrea laztantzen duela.
Eta Louisek errea luzatuz ahoskatzen du ahizparen izena, dastatuko balu bezala, ezpainen artetik atertzen uztean musukatuko balu bezala. Eta Almaren izenak ez du errerik.
Itzultzailea: Bego Montorio
Udako ekaitza
Larachan (Coruña) jaio zen, 1964ko martxoan. Biologia ikasi zuen Santiago de Compostelako unibertsitatean. 1990az geroztik, Biologia eta Geologia irakasle dihardu bigarren hezkuntzan. Maite du lanbide hori, inoiz ez baitio ikasteari uzten. Eta, oraindik ere, izugarri gustatzen baitzaio natura aztertzea. Gaur egun Larachan bizi da, jaio zen etxe berean, eta herri horretako Agra de Leboris BHIn lan egiten du. Aspalditik izan du narratibaren zaletasuna, baina, iaz arte, irakaskuntzarekin lotuta zeuden bere argitalpen guztiak: DBHko eta batxilergoko testu liburuak eta irakaskuntza gidak. 2020. urtean, Flores de ferro bere lehen nobelak Garcia Barros saria irabazi zuen. Aitortza horrek eta euren iritziak helarazten dizkioten irakurleen onespenak jarraitzeko indarra eman diotela dio. Uste du entzunak izatea merezi duten ahots isildu asko daudela oraindik: esaterako, Almarena, kontakizun honetako protagonistarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu