Seietako taldea azaldu zen ingeleseko eskolak hartzeko. Haur txikiak. Denak haurrak, baita Yonatan gaixoa ere. Inor ez zen esertzen haren ondoan akademian, galtzetan txiza egiten zuela eta. Eskola guztietan egin ere gixajoak.
Inor ez zen azaldu zazpietako eskolara. Arraroa. Eta zortzietakora ere ez. Zer ari zen gertatzen? Hala ere, akademian gelditu nintzen, nagusiak zereginen bat ematen bazidan ere.
Juanjo iritsi zen gaueko azken eskolara, bederatzietan. Ulertu ez nion murmurio arin bat egin zuen. Eta joan egin zen.
Etxera itzultzerako, han zen etxeko andrea, bera eta haren hiru alabak. Denak, noiz eta herrian pasiatzen aritzen zireneko ordu horretan.
Pazi mintzatu nintzaion, alaba zaharrena eta ingeles akademiako nire nagusia zenari, etxeko lehenengo solairuan. Aitak, etxeko jaunak, zapata denda bat izaten zuen lehen solairuan. Familia eta ni etxearen goiko aldean bizi ginen. Ostatua eta jornal apal bat jaso nituen Aranda de Dueroko eta inguruetako jendeari ingelesa irakasten emandako orduen truk.
- Juanjok estatu kolpea esaten zuen aldiro. Zer esan nahi du horrek?
Pazek kopeta ilundu zuen. Ingelesa zoragarri mintzatzen zuen, oso finki eta nobleki, BBCko aurkezleek bezala. Egongelako apalategiko liburu handi eta gorria hartu zuen, gaztelania-ingelesa hiztegia. Hitzak bilatu genituen. Golpe aurkitu genuen. Tiro, koskor. Jo. Estado bilatu genuen. Adierazi. Baina han ez zegoen golpe de estado sarrerarik.
- Kolpe bat, estatuari eginikoa —esan zuen Pazek, zapuztuaren ahotsarekin, baina are gehiago—, eraso bat da.
Ingelesez ari ginen, seinale elkarrizketa bion artean gelditzea nahi zuela.
- Armada kalean ibiliko da, zioen, azaltzen saiatuz.
1981a zen. Falls Roaden jaioa eta hazia nintzen, Belfasten, karriketan soldadu asko izaten zen leku batean.
Pazek ikusi zuen nire aurpegian soldaduenak ez ninduela askorik lagundu golpe de estado-arena ulertzen.
- Armak eramango dituzte.
- Bai, halaxe joan ohi dira, jeneralean.
- Eta tankeak izango dira.
- Eta, akaso, bonbak ere?
Ohartu nintzen Paz hunkitu egin zela.
- Barkatu, Paz, ez zaitut mindu nahi. Kontua da nire aberria deskribatzen ari zarela, nire egunerokoa.
Pixkanaka, Pazek kontatu zidan zer gertatu zen arratsalde hartan. Haurrekin Hiru sagutxo itsuena abesten ari nintzen bitartean, soldaduek kongresua hartu zuten, Madrilen, eta balak tirokatu zituzten, telebistako kameren aurrean. Jende askok telebistari begira jarraitu zuen arratsalde osoan, baina ez zuten Juan Jose Garcia Corral besterik ikusi bere zezena hiltzen, bere denborarik onena hobetu zuelarik. Hura, zezen plazako ikusleak, ni eta Yonatan gaixoa zer gertatzen zen konturatzen ez ginela gelditu ginen.
- Estatu kolpea eman dute. Kongresuaz jabetu dira.
Azkenean ulertu nuen.
- Un coup d'état? Coup d'état bat gertatu da?
- Coup d'état? Frantsesez esaten da? Egiaz hitz hori darabilte ingelesek, frantsesei harturik?
Algaraka hasi ginen ingelesaren etimologia inperiala zela medio, baina bat-batean isildu egin ginen.
- Ez zaizu ezer gertatuko, esan zuen Pazek, sakon arnastuta.
Saiatu ginen Irlandara telefonoz deitzen, familiari esateko onik nintzela. Telefono lineak etenda zeuden.
- Ongi gordeko zaitugu, onik eta osorik. Ezkutatu ahal zaitugu. Badira lekuak erabil ditzakegunak, zioen Pazek.
- Baina irlandarra naiz, ez ingelesa. Horrek ez du balio arriskurik ez izateko?
Pazek tinko begiratu zidan.
- Katoliko suharra naizela pentsatuko dute, andre elizkoia, esan nuen.
- Beharbada. Baina zer gertatuko zaigu gainerakooi?
Telebista piztuta eduki genuen, berriren bat baldin bazen ere. Kantuan ari ziren Bing Crosby, Bob Hope eta Dorothy Lamour, ingelesez, eta gaztelaniaz ari ziren Camino a alguna parte sailean.
Txokolate beroa hartu genuen. Jaunak eskailerapeko armairuko atea ireki zuen tartean behin, han baitzuen ehizean erabiltzen zuen eskopeta. Igandean hil zuena, hau da, untxia edo erbia edo faisana, asteazkenean jan genuen.
Beste txokolate katilukada bero bat prestatu genuen. Jaunak koñak tanta bat bota zuen berean.
Pazek liburu bat atera zuen apalategitik irakurtzeko. Feli eseri egin zen aulki batean gurutzegrama batekin, tarteka negar zotinak eginez. Conchi oraindik eskolako uniformearekin janzten zen, eta eskolako lanak egin zituen. Goizeko hamaiketako taldearen zuzenketei ekin nien. Hondoan, Bingen musika burrunba entzuten zen oraindik. Dorothy berriz maitemindu zen hartaz. Bob nahigabetua gelditu zen, beti bezala.
Tiro hotsa entzun genuen, oso urrutian. Ondoren, isiltasuna.
Oso berandu, gau hartan —edo oso goiz goizean— errege gaztea iritsi zen telebistako pantailara, galoi militar distiratsuz beteriko jantzi batekin, zilarrezko botoiekin eta urrezko galoiekin. Beste pauso bat eman zuen frankismoa hilobiratzeko.
Haurtzaroan Belfasten ikusitakoak eta Francoren jarraitzaileen izaera basaren ezjakintasunak lagundu ninduten gau hartan lasai lo egiten. Jaunak, ordea, bizkarra etxeko atean zuela egin zuen lo, ehizeko eskopeta eskuetan zuela.
Itzultzailea: Markel Lizasoain
Estatua joz
Realtan Ni Leannain Belfasten jaio zen, Irlandan, 1960an. Dublinen bizi da. Lau liburu argitaratu ditu: poesia bilduma bat, eleberri bat eta bi ipuin bilduma. Haren ipuinak zenbait aldizkari eta antologiatan azaldu dira. Orain, ipuinen antologia bat editatzen ari da Eabhloid argitaletxearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu