Mari Luz Guenaga. Informatikan doktore eta Emakumeak Zientzian-eko koordinatzailea

«Informatikan urtero-urtero jaisten ari da emakume kopurua»

Ingeniaritza geletako egoeren jakitun, emakumeei alor hori erakargarri egiteko lanean dihardu Guenagak. Oinarrizko teknologia ezagutzak orokortzeko beharra aipatu du. Modu analogikoen bidez ikas daiteke ere.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iker Tubia.
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Ingeniaritza Informatikoan doktore da eta Deustuko Unibertsitatean irakasle aritzen da Mari Luz Guenaga (Donostia, 1975). Unibertsitate horretako LearningLab taldeko arduraduna da, eta STEAM hezkuntza ereduaren aldekoa da. Kezkaturik dago bere ikasgelan emakumeak oso gutxi direlako gizonen aldean. Herenegun abiatu zen Emakumeak Zientzian egitasmoa Gipuzkoan eta Bizkaian, eta bertako koordinazio taldean hasi da Guenaga, aurten. Bihar Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izanen da.

Ikusi gehiago:Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko dute larunbatean

Emakumeak Zientzian jardunaldiak hasi ziren herenegun. Zergatik behar da emakume zientzialarien lana ikusarazi?

Emakumeak zientzian eta teknologian ari gara lanean eta ekarpen interesgarriak egiten; gizartean egunerokoan behar ditugun aurrerapausoetan hor gaude, gure ikuspegia eta esperientzia jartzen. Hori ikusarazi behar da: alde batetik, badirudielako gizonek bere gain hartzen dituzten lanak eta arloak direla; bestetik, atzetik datozen belaunaldiei ispilu bat jarri nahi diegu beren burua islaturik ikusi eta etorkizuneko aukeratzat har dezaten. Gaur hasi gara bigarren seihileko eskolekin unibertsitatean; duela pare bat ordu jaitsi naiz ikasgelara lehenengo ikasgaiaren aurkezpena egitera, eta berrogeita piko ikasleren artean hiru neska zeuden ingeniaritzan. Hori ez da ez genetikoa, ezta biologikoa ere.

Jarduera zientifiko-teknikoa gizonezkoen kontua delako ustea zabaldurik dago oraindik ere?

Bai, gehienbat lan jakin batzuetan, teknikoenetan; nire arloari dagokionez, adimen artifizialean, errealitate birtualean... Eremu batzuk geroz eta teknikoagoak izan, orduan eta uste sendoagoa dago gizonen kontua direla. Emakume gehiago daude aplikazioa duten arlo teknikoetan: osasunerako aplikazio teknikoetan, energian, hezkuntza teknologian...

2017an hasi zen Emakumeak Zientzian egitasmoa. Zer bilakaera izan du orduz geroztik?

Urte gutxitan hazkunde handia izan du. Gipuzkoan egiten zen, eta, aurten, Bizkaian bultzatu eta indartu nahi dugu.

Zergatik sartu zinen antolakuntzan?

Ingeniaritza fakultatean lan egiten dut, eta ikasgeletako errealitatea ikusten dut. Inspira STEAM programako arduraduna naiz, eta horren helburu orokorrak partekatzen ditu Emakumeak Zientzian egitasmoak. Interesgarria iruditu zitzaidan indarrak batzea.

Aipatu duzu ikasgelan emakume gutxi dituzula. Zu hasi zinenean, zein zen egoera?

Desberdina zen. Informatikan, urtero-urtero jaisten ari da emakume kopurua. Ni duela 30 urte hasi nintzen informatika ikasten, eta gelan emakume dezente zeuden, %40-edo izango ginen. Ez zegoen gaur egungo aldea. Ikasgelara jaitsi eta 40 mutilen artean hiru neska sakabanatuta ikusteak inpresioa ematen du.

Atzera egin dela uste duzu?

Bai, arlo batzuetan bai; beste batzuetan aurrerapausoak ematen dira. Matematikan, adibidez, datuetan ikus daiteke diferentzia handitzen ari dela. Zergatik? Matematikariek adimen artifiziala, data science eta halako arloetan lan egiten dutelako gehienbat. Horrek emakumeak aldentzen ditu.

Prestakuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten duten ikasleen kopurua jaisten ari da gizonetan ere?

Orokorrean gazteetan jaitsiera nabarmena izan da ingeniaritzan, teknologian eta halako arloetan. Egia da azken urteetan berriz ere igotzen ari dela, baina askok ez dakite ikasketa hauen ondoren zein arlotan lan egin dezaketen. Espektatibak oso konkretuak izaten dira: bideojokoen programazioa, matematika irakasle... eta aukerak oso zabalak dira. Bestalde, jendeak uste du ikasketa hauek zailak direla, oso azkarra izan behar dela ingeniaritza bat ikasteko. Berdin gertatzen da Lanbide Heziketan: familia teknologikoek ez dute hainbeste harrerarik, eta are gutxiago emakumeen artean.

Zailtasun handia dute ikasketa hauek?

Samurrak ez dira, baina ez dakit zein ikasketa den samurra. Interesa izan behar duzu, eta gustuko baduzu, gehiengoa gai da ikasketa hauek egiteko. Ez da jenio bat izan beharrik.

Garapen teknologikoa alor guzietan aipatzen da. Zergatik ez dago interesik?

Irteera profesionalen eta espektatiben aldetik, oso profesio erakargarriak dira, lana lortzeko aukerak eta soldata onak direlako, baina gazte gehienek ez dute burua horretan. Ezjakintasuna ere badago, gazte askok ez dituztelako ikusten aukera guztiak. Kirola gustuko baduzu, hor ere zientzia eta teknologia asko dago. Teknologia ikasita, ez duzu zertan ordenagailu baten aurrean egon egunero. Badago jendea basoan lanean, itsasoan, kalean, taldeka...

Esan duzunez ikasketa teknikoenetan ez dago emakume askorik gizonen aldean. Zer neurri har daitezke egoerari itzulia emateko?

Arazoa konplexua da, eta arrazoi asko daude atzean; beraz, ekintzak arlo askotan egin behar dira. Familiekin eta eskolekin lan egin behar da txiki-txikitatik sortzen diren oztopoak aurreikusi eta neurriak jartzeko. Bestalde, gizartean ikusarazi behar da emakumeek zientzia eta teknologietan dugun egitekoa, eta balioa eman behar zaio. Emakumeak Zientzian eta halakoak ere garrantzitsuak dira, erakunde asko elkartzen direlako.

STEAM [zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika] hezkuntzan buru-belarri sartu zara. Zer onura ditu hezkuntza mota horrek?

Teknologiak inguratuta bizi gara; geroz eta gehiago dago gure eguneroko bizimoduan, baita ikusten ez duguna ere: adibidez, algoritmoak. Hori dela eta, horretan oinarrizko ezagutzak izan beharko genituzke; etorkizuneko herritarrek ezagutu behar dute teknologiaren funtsa. Beti irakatsi dizkigute kimikaren oinarriak, fisikarenak, matematikarenak... inguruan ditugulako. Gaur egun teknologiaren oinarriak ere ezagutu beharko genituzke.

Artea ere sartzen da STEAM ekuazioan. Ez daude hain bereizirik artea eta zientzia?

Zientzien eta letren arteko banaketa egiten jarraitzen dugu, baina nik uste dut askotariko diziplinak erabili behar ditugula; ez dira bateraezinak. Zientzialaria izan daiteke humanista eta artea landu dezake. Informatika arlo guztietan garatu daiteke; garatu dezaket artearen, musikaren edo literaturaren bitartez. Geroz eta diziplina gehiagotan jantzia egon, are hobeto. Teknologian aritzen ez direnak ere jantziak egon beharko dira zientzietan eta teknologietan. Bereizketa hori apurtzeko lanean ari gara.

Nola ezar daiteke STEAM hezkuntza gaur egun nagusi den ereduan?

Ikastetxeek hausnarketa egin behar dute hasiera-hasieratik zientzia eta teknologia curriculumean eta ekintzetan nola txertatu ikusteko, teknologia eta zientziak beste alor batzuekin integratu behar direlako. Garrantzitsua da irakasleen formakuntza, familien sentsibilizazioa eta ikastetxeek plan bat egitea. Ekintza puntualak egin beharrean, estrategia oso bat behar da.

Inspira STEAM programaren bidez, neskek zientzia eta teknologien alde egitea nahi duzue. Nola lor daiteke?

Zazpigarren aldia egin dugu Euskadin. Neskekin eta mutilekin lan egiten dugu, biek izan dezaten ikuspegi hori, eta mutilek ezagut dezaten emakumeen errealitatea alor honetan. Mentoreak daude, zientzian eta teknologian lan egiten duten emakumeak. Aurten 146 mentore daude Euskadi osoan. LH 6. edo DBH 1. mailetako geletara joaten dira, eta, sei saiotan, beren lanak ezagutarazten dituzte eta identifikatu diren oztopoak lantzen dituzte, nesken interesa sustatzeko; adibidez, estereotipoak. Muina da hurbileko erreferenteak izatea.

Deustuko LearningLab taldean, besteak beste, pentsamendu konputazionala garatzeko jolasak landu dituzue. Nola egiten da hori?

Pentsamendu konputazionalaren garapena lantzeko metodologiak eta baliabideak sortu ditugu. Pantailak txertatzen ari dira eskoletan; batzuetan gehiegi ere bai. Pentsatu genuen teknologia purua den gai bat teknologikoak ez diren metodoekin lantzea; entxuferik gabeko informatika: arkatza eta paperarekin, post-it--ekin, kartekin eta abar. Jolasak beste modu erakargarri bat dira. Paulo Garaizarrek karta jokoak sortu ditu kontzeptu teknologikoak lantzeko: kode bitarra, eragiketa aritmetiko logikoak, SQL lengoaiaren galderak egiteko aukera...

Nola irakats daiteke teknologia modu analogiko batean?

Informatikaren atzean dauden kontzeptuak egunerokoan erabiltzen dira. Pentsamendu konputazionalaren oinarriak dira abstrakzioa, deskonposizioa, algoritmia eta patroien errekonozimendua. Deskonposizioa da problema handi bat hartu, zatitan banatu, zati bakoitzaren ebazpena egin eta piezak elkartuz joatea. Kontzeptu hori landu daiteke teknologiarik gabe: sukaldean, adibidez. Algoritmoa da jarraitu behar diren pausoak errezeta egiteko, eta deskonposizioa, errezeta konplexua banatzea; gauza bakoitza alde batetik egin eta dena elkartu gero. Informatikan eta teknologian egunero erabiltzen ditugu bi kontzeptu horiek, baina baita bizitzako alor askotan ere. Horregatik, uste dugu pentsamendu konputazionala lehen eta bigarren hezkuntzara eraman behar dela, ez teknologoak sortu edo hezteko, baizik eta teknologia eta ezagutza horiek erabilgarri direlako beste alor batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.