Espainiako Kopako finala. Atletico Madril 1-2 Reala

Ametsa egia bihurtuta

Realak Espainiako Kopa irabazi du, partida oso on eta ahaztezin batean Atletico Madril mendean hartuta. Nahikarik sartu du gol erabakigarria

Realeko jokalariak, bigarren gola ospatzen. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE.
ainara arratibel gascon
Granada
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Estherrek (15. min.). 1-1: Kiana Palaciosek (19. min.). 1-2: Nahikarik (61. min.). Epailea. Martinez Medrano. Txartel horiak: Atletico Madrileko Tunkarari; eta Realeko Chiniri eta Iraiari. Bestelakoak. 17.550 ikusle inguru Granadako Los Carmenes futbol zelaian, tartean Realaren 1.500 bat jarraitzaile.

Reala Espainiako Kopako txapeldun da. Gonzalo Arkonadaren jokalariek euren eta zale askoren ilusioa eta ametsa egia bihurtu zuten atzo Granadan (Espainia), Los Carmenes futbol zelaian, eta hizki larriz idatzi dute beren izena taldearen historian, Atletico Madril ahaltsua mendean hartuta: 1-2. Emaitzan ez ezik, jokoan ere. Izan ere, lehen minutuetatik harago, partida izugarria jokatu zuen talde txuri-urdinak. Fisikoki sekulako ahalegina eginez, talde bat izanez, eta erasoan denboraldian erakutsi duen ausardia berretsiz. Eta jokaldi eder batean Nahikarik biribildu zuen ametsa 60. minutuan, boleaz. Litekeena da talde txuri-urdinarekin jokatuko duen azken partida izatea.

Ondo lehiatzea eta Atletico Madril estu hartzea zen txuri-urdinen helburua, eta lehen minutuetan salbu, hala egin zuten.Une erabakigarrietan, gainera, zortea alde izan zuten, eta behar zenean agertu zen Mariasun Quiñones atezaina. Hala, amestutako omenaldia egin zioten Sandra Ramajo kapitainari. Taldea utziko du, emakumezkoen taldearen lehen titulua jaso berritan.

Granada are gehiago jantzi zen txuri urdinez, eta zaleek TxoriaTxori abestuz hasi ziren titulua ospatzen. Gaua luze joan da haientzat, eta gaur itzulera gozoa izango dute. Gipuzkoara iritsi arteko bidea motz egingo zaie. Historia bizi izan baitzuten atzo. 1987tik Realak ez baitzuen titulurik irabazi, Romaredan, Zaragozan (Espainia). Orain, Los Carmenesek hartuko du lekukoa Realaren historian.

Historia partidako lehen unetik hasi zen idazten Reala. Izan ere, jakina zen Atletico Madrilen aurka sufritu egin beharko zuela. Ludmila da Silvaren abiadura baliatzen hasi zen Espainiako taldea. Reala, berriz, baloiaren atzetik korrika, eta lerroak batuta izaten ahalegintzen. Erasoan, berriz, ahal zuenean irteten zen kontraerasoan Nahikariren eta Nerea Eizagirren bidez, baina Lola Gallardoren atean aparteko arriskurik sortu gabe.

Atletico Madril nagusi zen, eta ekinaldi horietako batean ailegatu zen lehen gola. Kenti Roblesek erdiratu, eta Estherrek egin zuen gola. Aurreko igandean hiru egin zituen aurrelariak Zubietan, eta atzo harena izan zen lehena, 16. minutuan.

Abantaila horrekin bazirudien Atletico Madrilek are patxada handiagoarekin jokatu ahal izango zuela. Gertu izan zuen 2-0ekoa Amanda Sampedroren urrutiko jaurtiketa batean. Baina Realaren gola iritsi zen orduan, Kiana Palaciosek egin zuen berdinketa, urrutitik jaurti eta Lola Gallardoren huts baten ostean (19. min).

Baloiak ozta-ozta gainditu zuen gol arrastoa. Baina Realak behar zuen hauspoa izan zen, eta irabaztea posible zela ikusteko arrazoia. Aldatu egin zen hortik aurrera partida.

Reala denboraldi osoan zehar erakutsi zuen joko bizia egiten hasi zen. Aske sentitu zen zelaian. Hala, 1-2koa ez zuen urruti izan Nerea Eizagirrek, berriro ere Lola Gallardok huts bat egin eta gero. Atezainak gaizki aldendu zuen baloia, eta Eizagirrek gertu izan zuen gola.

Lehen zatian bezala, Atletico Madril estutzen hasi zen, baina Realak sufritzen jakin zuen, eta bere aukera baliatu zuen. Nahikarik gol ederra sartu zuen, Palaciosek erdiratu eta Bañosek buruz ukitutako baloia bikain errematatuta. Hortik aurrera, berriro ere hortzak estutu zituzten txuri-urdinek. Eta horretan ere txapeldun izan ziren, Atletico Madrilek aukerak izan arren, titula etxera ekarri baitute. Historia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.