Gola. 0-1: Manu Garciak ( b.a.24. min.).Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Alaveseko Wakasori; eta Realeko Pardo, Merino eta Zubeldiari.
Bestelakoak. 18.509 ikusle Mendizorrotzan.
Eraginkortasunak, kalitateak eta sendotasunak erabaki ohi dituzte futbol partidarik gehienak. Hala ere, batzuetan, zortea bihurtzen da epaile. Esaterako, hala gertatu zen atzo Alavesek eta Realak Mendizorrotzan jokaturiko derbian. Txanpona kanpokoen aldera erori zen: Manu Garciak bere atean eginiko zoritxarreko golak eman zien garaipena. Etxekoek ez zuten halako zigorrik merezi izan, baina alferrik izan ziren haien ahaleginak.
Aurreko jardunaldian, ongi jardun zuten bi taldeek. Hala, hamaikakoan aldaketarik ez egitea deliberatu zuten Abelardo Fernandezek eta Imanol Alguacilek. Alaveseko teknikariak albiste txarra jaso zuen partida hasi aurretik, Takashi Inuik min hartu baitzuen beroketa lanetan. Japoniarrak orkatilako arazoak izan ditu azken asteetan, eta atzo mina sentitu zuen berriz ere. Paulino De la Fuentek bete zuen hutsunea aulkian.
Derbiek izan ohi duten lehia eta bizitasuna izan zuen norgehiagokak. Hasieratik estutu zuten elkar bi taldeek. Alavesek oso presio aurreratua egin zuen, eta, ohiko legez, joko zuzenaren eta Jonyren deabrukerien bidez saiatu zen gipuzkoarrei min egiten. Realak, berriz, joko landuagoa egin nahi izan zuen lehen zatian, erdilarien kalitateaz baliatuta. Bada, bi taldeek modua topatu zuten aurkariaren ahaleginak ezerezean uzteko, eta, ondorioz, ia aukerarik sortu gabe joan ziren aldageletara. Atera behin ere ez zuten jaurti.
Hori horrela izanik, golik ez ikustea litzateke normalena. Harrigarriki, baina, Realak baloi bat sareratzen asmatu zuen, zortea lagun: Manu Garciak atera desbideratu zuen Willian Joserek areaz kanpotik eginiko jaurtiketa okerra, eta Pacheco ezustean harrapatu (23. min). Kolpetik behar bezala altxatu zen Alaves. Baloia bizi mugitzen eta bi hegaletatik barneraldi arriskutsuak egiten hasi zen. Horietako batean, banakoa egitear izan zen Baston. Martinen erdiraketa ateko zuloan ehizatzear egon zen aurrelaria, baina Zalduak zapuztu egin zuen etxekoen poza bere burua lurrera boteaz.
Alavesen setioa
Lehen zatiko amaieran, egoera baretzea lortu zuen Realak, baina atsedenak berpiztu egin zuen Alaves. Kemenez beterik itzuli zen aldageletatik, lehia ahalik eta azkarrena berdintzeko intentzioz. Gogor estutu zituen kanpokoak, derbia ia bakarrizketa bihurtzeraino. Ezker hegaletik eskuinera mugitu zen Jony, eta, lehen zatian bezala, haren oinetatik pasatu ziren etxekoen jokaldirik onenak. Gogotik ahalegindu zen banakoa egiten, eta Callerik, Wakasok, Guidettik eta Ximok ere izan zituzten aukerak.
Haatik, guztiek Rullirekin egin zuten topo. Atezain argentinarrak maiz pizten du zaleen haserrea, baina atzokoan hark eutsi zien aurkariaren oldarraldiei. Hura gabe, ezinezkoa zukeen atzo Realak hiru puntuak lortzea. Bigarren zatian ez zuen egoera behar bezala kudeatu; apenas izan zuen jabetza luzerik, eta kontraerasora ere ez zen gehiegi atera. Alta, eman zion lan apur bat Pachecori: atezainak luzatu onak egin behar izan zituen Willian Joseren eta Pardoren jaurtiketa indartsuak gelditzeko (66. min eta 76. min).
Azkenean, markagailua ez zen gehiago mugitu. Orain, 47 punturekin dira bi taldeak, Espanyolekin berdinduta, eta Europan sartzeko aukerarekin segitzen dute. Ordea, sentipen ezberdinak utzi dizkie atzoko derbiak: itxaropena piztu zaio Realari, eta itzali Alavesi. Realak, bide batez, lehen postuan bukatu du Euskal Herria Txapelako sailkapenean eta Eibarren aurka jokatuko du finalean.
Alaves 0-1 Reala
Zorteak erabaki du
Realak Europako ametsa berpiztu du Manu Garciak bere atean sartutako gol bati esker. Rullik eragotzi du berdinketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu