Jocelyn Bell Burnell: ahaztutako dama

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Joan den astean Algortako Correosen bulegora joan behar izan nuen posta-pakete bat jasotzera. Ez nintzen itxarongelan zegoen bakarra, baina ilara egin beharrean, itxaron-zenbakia hartuz kuxkuxeatzeko aukera zabaldu zitzaidan. Hormetako batean liburuz betetako apalategi batzuk zeuden eta, ohi dudanez, zientzia-liburuen bila hasi nintzen. Bai, topatu nituen, eta horietako liburu urdin batek, Ciencia en segundos titulua zuenak, nire begiak jo zituen. Ondoan Matematica en segundos liburua zuen, eta gertu astrologia, horoskopoak eta abarreko tituluak zituzten azal distiratsuko liburuak. Azken horien ukipena saihestuz, Jennifer Crouchek idatzitako Ciencia en segundos liburu urdina hartu nuen, eta orriz orri begiratzen hasi nintzen. Orri bakoitzak aurkikuntza bat, asmakizun bat edo teoria bat esplikatzen zuen. 77. orrira heldu nintzenean, orriaren izenburua honako hau zen: Pulsarrak eta Jocelyn Bell Burnell. Begiak handi-handi egin zitzaizkidan. Ezin nuen sinistu! Orri horren buruan agertzen zen izena Zientzia eta Teknologia Fakultateak eskatuta, urriaren 26an EHUko Doctor Honoris Causa izendatuko duten zientzialari bikainarena da.

Izenburua irakurtzeko astia eman zidan, gehiagorik ez, une horretan postetxeko pantailan nire zenbakia agertu baitzen, eta berehala joan behar izan nuen leihatilara. Posta-paketea jaso eta, nola ez, liburua ere erosi nuen. Etxera heldu bezain laster, liburu urdina erosi aurretik markatutako 77. orritik zabaldu nuen, eta irakurtzen hasi nintzen. Bertan, zientzia modernoaren kontakizun liluragarrienetako bat deskribatzen da: Jocelyn Bellek ezohiko gailurrak antzeman zituen seinale erradioastronomiko batean, baina bere tesi-zuzendariak (Anthony Hewish) giza irrati-uhinen iturri gisa ezetsi zituen. Jocelyn Bellek interpretazio hori baztertu eta gorputz zerutar berri bat aurkitu zuela ondorioztatu zuen. Aurkikuntza hori 1967an egin zuen, doktorego-ikaslea zelarik. Zazpi urte pasa ostean, pulsarraren aurkikuntzak 1974ko Nobel Saria merezi izan zuen. Nobel saria bere tesi zuzendariari eman zioten. Jocelyn ahaztuta geratu zen.

Zientzialari ospetsu askok kritikatu zuten Jocelyn Bellek Nobel saria jaso ez izana. Baina bera ez da sekula horregatik kexatu. Izan ere, 1977an garrantzia kendu zion eztabaidari: «Uste dut oso kasu berezietan izan ezik, Nobel sariak degradatuko zirela ikerketa-ikasleei emango balitzaizkie, eta ez dut uste hau horietako kasu berezi bat denik».

Astronomiak kosmosean dugun lekua erakusten digu eta astroak, gure bidelagunak, ulertzen laguntzen digu. Einsteinen Erlatibitate Orokorraren Teoriak unibertsoaren eskala handia azaltzen digu, eta beste gauza askoren artean, duela 100 urte baino gehiago grabitazio-uhinen existentzia aurreikusi zuen. Uhin horiek berriki detektatu dira lehen aldiz, 2016ko otsailaren 11n, hain zuzen. Jocelyn Bell izan zen uhin horien lehen zeharkako ebidentzia aurkitu zuena. Izan ere, bera izan zen pulsar batek igorritako irrati-seinalea detektatu zuen lehena (segundoko 70.000 kilometroko abiaduran biratzen duen neutroi-izarra), astro-mota berri bat aurkitu berri zuela ondorioztatuz. Sasoi hartan ezezagunak,astro horiek oso bitxiak dira: hain dentsoak dira, ezen Lur planetako gizaki guztiak (8.000 milioi) kanika bateko tamainara konprimatzerik balego, kanikaren eta neutroi-izarraren dentsitateak oso antzekoak lirateke. Bi pulsarrek, batak bestearen ondoan hurbil elkar-orbitatzen dutenean, imajina ezinezko dentsitate horiek benetako laborategi erlatibista bilakatzen dira, eta euren orbitetan gertatzen diren aldaketak grabitazio-uhinen igorpenaz azal daitezke soilik.

Jocelyn Bell hainbat unibertsitatetatik pasatu da, bereziki unibertsitate britaniarretatik, eta Bath Unibertsitateko Zientzia Fakultateko dekanoa izan da ere. Baita Royal Astronomical Society eta Institute of Physics erakunde britaniar ospetsuen buru ere. Gaur egun, oraindik ere ikertzaile aktiboa da, eta hamaika sari jaso ditu: aipatu liburu urdinak dio 2018an Oinarrizko Fisikako Berrikuntzaren Saria eman ziotela, Breakthrough Prize in Fundamental Physics hain zuzen ere. Munduko sari akademiko handiena da, Nobel sariaren irabazleei emandako zenbatekoaren bikoitza baino gehiago. Sari horri XXI. mendeko Nobel saria izena jarri diote komunikabideek. Jocelyn Bellek sariaren 2,3 milioi libera esterlina oso-osorik eman zituen gutxiengo etnikoetako emakumeei eta errefuxiatuei fisikako ikertzaile bihurtzen laguntzeko.

Gure unibertsitate publikoa, EHU, ez da aparteko ikertzaile horrengatik at geratzen. Jocelynek lankidetza estua eskaini dio gure fakultatetik zuzendu den grabitazio arloko proiektu europar bati (COST-Cantata), eta, halaber, parte hartu du Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-erakundeak antolaturiko hainbat ekitalditan, adibidez, Passion for Knowledge.

Beraz, gure ustez, Euskal Herriko Unibertsitateak ikertzaile handi hau Honoris Causa Doktore izendatzeko hartu duen erabakia, batez ere, aitorpen akademikoa da, baina baita, ahal dugun neurrian, justizia-ekintza ere. Eta horregatik, poz eta harrotasun hori euskal gizarte osoarekin partekatu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.