Pin-pan-puk: gurasotasuna eta umeen jabetza

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez, ez da errata. Azken asteetan pin, pan, pun ibili gara gurasoen PINa dela eta. Ultraeskuindarrak eta ultra-ultraeskuindarrak mehatxu perbertitu-leninista berriaz ohartarazten ibili dira. Horren kontra, gurasoek bere Personal Identification Number-a aktibatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Ez dira tentelak, eta hain ohiko bihurtu zaigun akronimoaren gerizpean dantzan eduki gaituzte, jakinda gure barnean PINa gauza ontzat daukagula, PINek gure intimitatea babesten dutelako kanpoko asmo gaiztoko erasoetatik. Baina Alfonso Perez Agote soziologoak zioen moduan, intimoa eta pribatua ez dira gauza bera, eta, jaio berri zaigun PINaren adiera berri honetan, esango nuke bigarrenaz ari garela lehenengoaz bainoago. Eztabaidaren erdian, Ser irrati kateko esatari batek hala galdetu zuen erantzunaren zain geratu gabe: gurasoek PINa badaukate, nork dauka PUKa?

Metaforak ez dira edonolakoak, eta hain eguneroko bilakatu zaizkigun sigla horiek erabiltzerakoan, eztabaida baino liskarra gehiago denaren bultzatzaileek jakin dute gakoa zer puntutan jarri. PINa gurea eta ez beste inorena den zerbaiten erabilera esklusiboa bermatzeko asmatutako dispositiboa da. Hau da, pribatua den hori—etimologikoki «besteentzat ukatua», «besteei despojatua» esan nahi duena— babesteko dispositiboa.

Horrela, umeak, seme-alabak, jabetzaren eremuan kokatzen ditu eztabaidak. Badakigu eskuinak askatasuna eta jabegoa berdintzen dituela, eta gurasoen askatasunaz hitz egiten digutenean berez umeen jabetzaz hitz egiten ari direla, patria potestad-aren adiera zaharrenera eta atzerakoienera gerturatuz.

Erroma zaharreko patria potestad-ak aitaren aginte osoa adierazten zuen domus-a osatzen zuten gauza, animalia eta pertsonen gainean —ahaideak eta zerbitzariak barne—. Etxeko nagusia erabaki ororen buru zen, boterea bere esku zegoen, bizitzarena eta heriotzarena barne. Etxeko pater-ak bere emazteak erditutako umeak seme-alaba bezala onartu edo arbuiatu, lagunei adopzioan eman edo abandonatu zitzakeen. Ziur aski hemen topatuko dugu, mendebaldeko tradizioan behintzat, seme-alaben eta familia osoaren pribatutasunaren adiera muturrenekoa. Egoera hori, ordea, mendeak aurrera egin ahala, arinduz joan da eta familia barruan bai Elizak, bai Estatuak gero eta esku-hartze handiagoa eduki dute. Egun, gurasoen patria potestad—aseme alaben gaineko ahalmena baino ez da; estatuaren ikuskaritzepean gauzatzenden betebeharra da. Antzinako pribilegio hartatik arrasto gutxi geratzen dira, eta gurasoek ia ordezkari rolean esku hartzen dute beraien seme-alabei dagokionez.

Horren adierazle ditugu oraindik ere 60. hamarkadan Australian, Estatu Batuetan eta beste hainbat lekutan kultura gutxituen (edo txikituen) akulturazio programak, non haurrak, beraien mesedetan, jatorrizko familien altzotik atzemanak ziren eta klase zuri ertainen etxeetara eramanak edo barnetegi tristeetan internatuak ziren, gurasoen borondatearen kontra. Eta ez hain urruti ere honakoa: ikus Ken Loachen Ladybird, Ladybird pelikula hunkigarria, non kontatzen digun Margaret Thatcherren gobernu neoliberalaren garaian emakume bati bere bost umeak kentzen dizkioten, banan-banan, ustez ongizaterako beharrezkoak zituzten bizi baldintzak haien ama ezkongabe eta langabetuak eman ezin zizkielako. Laburbilduz, eta hasierara bueltatuz, Ser irrati kateko esatariari erantzunez, esan ahal dugu urteak direla PUK-a Estatuak daukala eta PUK hori adingabekoaren interesaren printzipioa aitzakia hartuta darabilela.

Orduan, hori dena esanda: zer ondoriozta daiteke azken asteetako eztabaida sutsu honen aurrean? Ba, alde batetik, konstatazio bat: eskuinak ohi duen bezala, bere oinarri moralak ukitzen direnean, familia edozein borrokarako arma moduan erabiltzen du. Baina familia hori kolore eta morfologia jakin batekoa da, eredu bakar bati erantzuten diona, singularrez deklinatzen dena. Moral eta ohitura onen zaindari den familia. Izan ere, eskuinak berarentzat gordetzen du familia zer den definitzeko monopolioa.

Baina, bestetik ere, zer pentsatua ematen du tirabira honen protagonistak zeintzuk diren. Estatuak edo familiak, nork du eskubide gehiago? Zein da umeen jabea? Nork defendatzen du hobekien umearen interesa? Bestelako eragile, talde, pertsonek ez al dugu ezer esateko umeen formakuntzaz? Umeen izaera pribatuak ume horren guraso ez garenoi hitz egitea ukatzen al digu? Batzuen PINaren eta bestearen PUKaren artean, besteok ez al daukagu legitimitaterik umeen hazkuntzan/hezkuntzan esku-hartzeko?

Belen Gopeguik Hordago egunkarian duela gutxi idatzitako zutabean, Tony Avila musikari kubatarraren abesti bat aipatzen zuen, non esaten den «arazoa ez da zer nolako mundua ari garen uzten gure seme-alabei, baizik eta zer nolako seme-alabak ari gatzaizkion munduari uzten». Guraso PINaren eztabaida honen erdian, abesti honek ere ematen du zer pentsatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.