REEk ziurtatu du Zubietako plantak ez duela energiarik sortu

Erraustegiari ekainaren 16an ingurumen baimen bateratua eman bazioten ere, energia sareratzeko sistema ez zegoen bukatuta

Zubietako erraustegia, herenegun, kea botatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

Zubietako erraustegiak, urriaren 5era arte behintzat, ez du energiarik sortu. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Gurasos elkartearen gorako helegiteari emandako erantzunaren pasarte batean ageri da Red Electrica Españolaren (REE) oharra. Hain zuzen ere, Espainiako sare elektrikoaren arduradun REEk, urriaren 28an Jaurlaritzari bidalitako idatzian, esan du Neurrien Kontzentratzaile Nagusian ez dela agertzen Ekondakinen instalazioa. «Beraz, ez du energiarik sortu, behintzat, bere likidazioari dagokionez».

REEren oharra, agiriaren pasarte batean. BERRIA

Horrek kolokan jartzen du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) behin eta berriro esan duena. Azkena, Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidenteak joan den ostiralean egindako agerraldian adierazitakoa: «Orain arte 100.000 tona hondakin baino gehiago tratatu dira, eta hortik ia 4 milioi kilowatt-orduko energia sortu da. Horren %84 sistemara bidali da, eta gainerakoa autokontsumorako utzi da».

>Ekondakinen datuak, agirian. BERRIA>

BERRIAk kontsultatu dituen adituak bat datoz, ordea: Zubietako planta dagoen egoeran, saretik plantara elektrizitatea sartzeko eta irteteko erabiltzen den transformadore nagusiaren faltan, oso zaila da Asensiok dioena betetzea. Jarri dituzten instalazio ordezkoek transformadore nagusiaren potentziaren heren bat besterik ez daukate.

Hain zuzen ere, aste honetan jakin da Jaurlaritzak ez diola onartu erraustegiaren kudeatzaile Ekondakini abiatzeko behin-behineko aktaren epemuga luzatzea. Industria Saileko teknikariek akatsak atzeman dituzte plantaren sorkuntza elektrikoaren sisteman, eta, haiek konpontzeko epea azaroaren 15ean amaituta, ez zioten luzatu baimena.

Harrabots handia sortu du gaiak, eta azkenean Industria Sailak baimendu egin dio Ekondakini ordezko ekipoekin jarraitzea, sei hilabeterako. Abiatzeko behin-behineko baimena transformadorea heldu arte ez diola emango jakinarazi du Industriak.

IBBa ere, zalantzan

Gurasos elkarteak uste du irregulartasun zantzu gehiago egon daitezkeela tramite administratiboan. Besteak beste, ingurumen baimen bateratua (IBB) bera baliogabetuta dagoelakoan dago. Jaurlaritzak 2016ko apirilaren 11n eman zion IBBa GHKri, 48 hilabeteko epearekin. Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 2020ko martxoan eta apirilean alarma egoera indarrean izandako denbora kenduta, uztailaren 7an iraungitzekoa zen IBBa. Ekainaren 12an joan zen Zubietako plantara halako instalazioen ingurumen ikuskatzeaz arduratzen den teknikaria, Hipolito Bilbao —Zaldibarko zabortegiaren ingurumen baimenez arduratu den bera—, eta erraustegia martxan jartzeko moduan zela ebatzi zuen. Horrela, Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok ekainaren 16an eman zion erraustegiari IBBa, obrak amaituta zeudela frogatutzat jo ostean.

Bi egun geroago egin zuten plantaren ikuskatzea Jaurlaritzaren Industria Saileko teknikariek, eta instalazioaren sistema elektrikoan bost hutsegite topatu zituzten. Hala jakinarazi zuten ekainaren 19ko aktan. Bost horietatik hiru zuzenduta zeuzkan Ekondakinek abuztuaren 6rako, baina bi falta zitzaizkion dena behar bezala izateko. Hala ere, Industriak abuztuaren 18an eman zion abiatzeko behin-behineko baimena, bi hutsegite horiek azaroaren 15era arte konpontzeko baldintza jarrita. Irailaren 1ean, baina, transformadore nagusia erre egin zen, pizten saiatu zirenean. Gurasosen iritziz, «garbi dago» horren oinarrian zer dagoen: «Uztailaren 7an iraungitzekoa zen IBBa salbatu behar zuten nahitaez, eta horregatik eman zituzten obrak bukatutzat ekainaren 16rako. Baina bi egun geroago joan ziren Industriako teknikariak, eta jabetu ziren obrak ez zeudela bukatuta; besteak beste, instalazio elektrikoan akatsak zeudelako». IBBa iraungitzea kolpe itzela litzateke erraustegiarentzat, proiektua zerotik hastera eta kontratua bertan behera uztera behartuko lukeelako.

Zubietakoa energia balorizazio planta bat da, eta, beraz, IBBaren eraginkortasuna lortzeko, ezinbestekoa du frogatzea balorizazio energetikoa egiteko ahalmena duela. Hau da, ez bakarrik hondakinak erre eta energia sortuko duela, baizik eta, eraginkortasun gutxieneko batekin, energia hori sare elektrikora sartzeko ahalmena duela. Hori egiteko gai ez den instalazio bat ez da energia balorizatzeko planta bat, hondakinak erraustu eta deuseztatzen dituen instalazio bat baizik. Europak hondakinak kudeatzeko jarritako eskalan, zabortegira isurtzearen parekoa, esan nahi baita.

Eta orain zer?

Arantxa Tapiak atzera bota du Gurasosek IBBaren aurka jarritako helegitea, argudiaturik plantari Ingurumen Sailak eman ziola IBBa, obrak bukatuta zeudelakoan. Gurasosek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzeko asmoa du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, haren helegitea atzera bota izanaren aurka. Argudio nagusia: baimena eman ziotela oraindik probaldian zegoen instalazio bati, uztailaren 7an iraungitzekoa zela bazekitelako. Gurasosek salatu du Ekondakinek 40 milioi inguru zor dizkiola GHKri, kontratuak ezarritako epean zerbitzua eman ez izanak dakartzan zigorrengatik. 2019ko urritik behar zuen martxan erraustegiak, kontratuaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.