Txema Ramirez de la Psicina

Carabanchel

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Duela 68 urte gertatu zen. Justu gaur bezalako egun batean. Otsailaren 12an, baina 1955ean. Gasteizen, Carabanchel tabernan. Hiriaren erdi-erdian, San Antonio eta Carlos VII.a (egun Florida dena) kaleen ertzean zegoen edaritegi ezagunean. Zapatua zen. Kanpoan, eguraldi makurra: elurra, euria, hotza... Hala ere, bazebilen nahiko jende inguru hartako tabernetan. Gaueko hamaikak pasatxo ziren dena hasi zenean. Bat-batean, tabernan zegoen bezero bat bere ondoan zegoen kuadrilla bateko kideak —den-denak Gasteizen arras ezagunak— banan-banan tirokatzen hasi zen. Ez zituen ausaz aukeratu. Bazekien nortzuk ziren. Bete-betean asmatu zuen bere helburua. Hiru ziplo hilda geratu ziren. Laugarrena ospitalerako bidean. Bosgarrena hamalau egun geroago hil zen. Hiltzailea bera gau horretan bertan hil zuten, Guardia Zibilak prestatu zion segada batean, Gasteizko tren geltokian. Guztira sei hildako. Sei gizon. 29-38 urte bitartekoak; denak oso ezagunak hirian.

Carabanchelgo krimena izan da, gerra zibila amaitu eta gero, Gasteizen inoiz izan den hilketarik handiena. Martxoaren 3koan —1976an— Poliziak bost langile erail zituen, inguruabar zeharo desberdinean. Ia zazpi hamarkada igaro arren, Carabanchel tabernako hilketa, oraindik ere, lanbro artean dago. Isiltasun susmagarri batek inguratu du beti, ahanzturara kondenatuz. Ez aipa, ez altxa harri hori!70 urtetik beherako gasteiztar gehienentzat gertakari hura ia ezezaguna da. Nolatan? Zergatik?

Kaleratu berri den El crimen del Carabanchel liburuak —Julio Corral eta Marian Tarazona dira egileak— gertakaria hizpidera ekarri du berriro. Oso lantzean behin izaten da hori. Izan ere, hilketa hura komunikabideetan agertu den aldiro —eta oso gutxitan izan da hori— hautsak harrotu dira hirian, besteak beste hildakoen senideak bizirik daudelako eta gertakariaren zioak oraindik ere inkognita direlako. Kontuan izan hildako baten aitak—Jose Lejarreta—, alkate frankista izanagatik ere, hainbat sektoreren artean ospe ona duela oraindik ere Gasteizen, blusen alkate bezala ezagutzen baita. Gizonak badu bere izenean kale bat, hiriko zona noblean. Lejarretak memoria historikoaren legearen galbahea gainditu du, Gorka Urtaranen iritziz «alkate frankista izan arren, pertsona ona ere izan zelako».

Nortzuk izan ziren hildakoak? Orduko Gasteizko gizartearen gaina eta bikaina ziren: Jose Maria Lejarreta Garcia de Amezaga (31 urte), abokatua eta aipatutako alkate ohiaren semea; Francisco Santamaria Garagalza (31 urte), epaitegietako prokuradorea; haren anaia Pablo (29 urte), bera ere abokatua Gasteizko udalean; Jose Martinez Muñoz (30 urte), ordezko epailea udalean; eta Julio Cesar Beiztegi Tolosana (38 urte), industrial ezaguna eta lau seme-alabaren aita. Batzuen arabera, elite frankistaren adierazle ziren. Bizitza salbatzea lortu zuen kuadrillako kide bakar Jose Manuel Gomez de Balujeraren aburuz, berriz, hildakoak «apolitikoak» ziren, joera politiko desberdinetakoak.

Eta nor zen hiltzailea? Arturo Santamaria Rioja, 37 urtekoa, bi seme-alabaren aita eta berokuntzako langilea gurasoen enpresan (hildako anaiak ere Santamaria ziren, baina ez zegoen inolako loturarik haien artean). Arturok 1936an, 18 urte zituela, gerran parte hartu zuen boluntario gisara. CNTko miliziano bezala, Santanderreko batailan aritu zen. Sacco eta Vanzetti eta Durruti batailoietan ibili zen Errepublika defendatzen. Santanderretik Bartzelonara joan zen eta handik Frantziara ihes egin zuen. Erbestean ezkondu eta familia osatu zuen. Tiratzaile olinpikoa izan zen eta zenbait sari irabazi zituen. 1947an Gasteizera bueltatu zen eta ez zuen—itxuraz behintzat— agintari frankistekin arazorik izan. Arturo ere familia ezagunekoa zen. Hilketa gertatu zen egunean bajan zegoen. Hilabete eta erdi zeraman gaixo, buruko eta bizkarreko minez. Otsailaren 12an bertan, espresuki kuadrillako baten inguruan galdezka ibili zen, jakin nahi baitzuen zehazki lagun taldea non ibiltzen zen baxoerdiak hartzen.

Hipotesiak. Bertsio ofiziala. Orduko prentsa guztiak bertsio bakarra argitaratu zuen: hiltzaileak buruko nahasmena zuen eta horregatik hil zituen bost pertsona horiek. Kito. Ez zuen aparteko arrazoirik izan. Erotu egin zen. Mendeku politikoari ezin zitzaion inolako aterik ireki, horrexek agerian utziko baitzuen sistema bera zaurgarria zela. Eta garai hartan frankismoaren sistema errepresiboak—ustez— den-dena zuen kontrolpean.

Bertsio ofiziala inor gutxik sinistu zuen, baina inor gutxi ere ausartu zen Gasteizen kontakizun alternatiboa—publikoki bederen— artikulatzera. Hilketa izan eta hamabi egunera, Frantzian, CNT-AITk gaztelaniaz argitaratzen zuen bere organo ofizialean—Solidaridad Obrera— Pedro Rodriguez izeneko batek Gasteizko tragedia lerroburua zuen pieza bat sinatzen zuen. Iritziak eta informazioak nahasten ziren. Bertan atentatuaz hitz egiten zen eta nolabait justifikatzen zen ekintza, esanez «etsiak jotako langile baten emaitza» izan zela. Atentatu antifaxistaren hipotesi hori, orain arte behintzat, ez da inoiz frogatu. Ez bederen erakunderen batek antolatutako ekintza bat bezala. Denborarekin demostratu dena da, ordea, Arturo Santamariaren heriotzaren inguruan frankismoak zabaldutako bertsioa—Guardia Zibilaren elitezko tiratzaile batek tiro bakar baten bidez hil zuela, alegia— guztiz gezurra izan zela. Gerora ezagutu diren lekukotasunen arabera, Santamaria besoak jasota atera zen ezkutalekutik eta orduantxe tiroz josi zuten, baita lurrean zegoela ere. Familiak ez zuen inoiz gorpua ikusi, hilkutxa itxi batean entregatu baitzitzaion. Egindako autopsia bakarrak bertsio ofizialak zioena berretsi zuen; alegia, gorpuan tiro bakarra zuela.

Zergatik gertatu zen Carabanchel tabernako sarraskia? Oraindik erantzunik ez duen galdera da. Industrializazio prozesuaren hasieran zegoen 1955eko Gasteiz ia elebakar behartu hartan 60.000 pertsona bizi ziren. Frankismoak bazter oro kutsatzen zituen. 2023ko Gasteizen 250.000 pertsona bizi gara. 50 hizkuntza baino gehiago mintzo dira. Beste hiri bat da. Beste giro bat dago. Hala ere, zenbait gaik tabu izaten jarraitzen dute. Memoria historikoa hainbeste lantzen den garaiotan, Carabanchel auzia argi eskean da oraindik. Garrasika ari zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.