Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko elkarlana

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Azken urteotan, martxoaren 8an, askok elkar agurtzen dugu, harrotasunez, UxueAlberdik dotore idatzitako bertsoak elkarren artean partekatuz sare sozialetan: «Emakume zuzenak, okerrak, kirtenak, moja txintxoak eta zerrama irtenak, itsusiak, politak, zuri, gorri, horiak, beltzetan beltzenak... konplize ditut eta maite ditut denak».

Konplizitateak eta aniztasun senak badute, desberdinen artean elkar ezagutu zein onartuz, ateak irekitzeko ahalmena; ahizpatasuna sendotzekoa, azken finean. Bertsoek, bestetik, euskal kulturarekin konektatzen gaituzte. Beraz, euskal feminismo errotuaren osagai batzuk zerbitzatuta daude.

Era berean, aliantza, norberaren helburuak lortzen elkar lagunduko duten bi entitateren arteko lankidetza gisa ulertuta, garaiko estrategia soziopolitiko indartsua dela esan dezakegu. Ildo horretan, euskara eta feminismoa dantza kide apartak izan daitezke hainbat pentsalariren aburuz. Horiek horrela, bi mugimenduen arteko aliantzaz aritzeko gogoeta eta ekimenak ugaritzen joan dira azken hamarkadan. Gogoeta horien erdian jarri den galderak honela dio: zein ekarpen egin diezaioke feminismoak euskalgintzari, eta alderantziz?

Feminismoak XXI. mendean aurrerapauso handiak eman ditu, plaza publikora kementsu iritsi da eta agenda politikoetan inoiz ez bezala agertzen ari da. Mugimendu feministak adin eta ezaugarri askotariko emakumeak mugiarazi ditu, gizarteko errealitate plurala jaso du, genero identitate gutxituak edota baztertuak barneratu ditu eta diskurtso sendo bat landu du. Kapitalismoaren baitan hamarkadatan eraiki den paradigma irauli ahal izateko, diskurtso eta gizarte ikuskera feministan gako diren kontzeptu batzuk iritsi dira plazara, hala nola: aniztasuna, desnaturalizazioa, ahalduntzea... eta beste batzuk.

Aniztasuna arlo askotatik ulertzen du feminismoak; izan daiteke soziala, kulturala, ideologikoa, sexu identitateena... Edozein izanik ere, gero eta esparru zabalagora iristen ari da mugimendua, kemenik galdu gabe. Era berean, Euskal Herriko feminismoak mugimendu errotu eta aldi berean askotarikoa izateko bokazioa duela jakinik, alderdi horietan egindako aurrerapenak euskara eta euskal kultura sendotzeko oso baliagarriak izango dira.

Desnaturalizazioa da beste kontzeptu garrantzitsua feminismoarentzat: generoa gizarte kapitalistaren eraikuntza da, eta emakume/gizon bereizketa zein bakoitzari ezarri zaizkien eginkizunak ere bai. Horrek, kulturalki eraikitakoa deseraikitzea eskatzen du, sexu-identitateen aniztasuna geureganatzeko, eta baita emakumearen zein kolektibo gutxituen zapalkuntza amaitu dadin. Hori kontuan izanik, hizkuntzaren eta kulturaren esparrura eramaten badugu—hala nola euskalduna ere ez dela inor jaiotzen pentsatzera—, ondorioztatuko dugu euskalduna norbera egin egiten dela ingurune kultural eta baldintza jakin batzuetan.

Ahaldunduz, emakumeak zein kolektibo gutxituak konturatzen dira era ez-naturalean esleitu zaien paperaz; beraz, jabetuz, kontzientzia hartuz eta ekinez irauliko dute berori. Era horretara, plaza publikoa hartzea ez da inor menperatzeko izango, baizik eta eraldaketa gerta dadin emakume zein pertsona aske eta ahaldunduen bidez. Gainera, interpelazioa tresna eta jarrera baliagarriak direla uste da; eta gatazka kudeatzeko gaitasunak garatzea bilatzen da, berau ekidin gabe. Ildo horretatik, hizkuntza gutxitu batean aritzeko, eta hizkuntza zapalkuntza gainditzeko, hiztunen ahalduntzea, eta asertibitatea, ahalmen handiko erremintatzat har litezke, ezbairik gabe.

Euskalgintzara etorriz, eremu berrietara iritsi eta euskaldunen komunitatea handitu zein sendotzeko beharra handia dela jakin badakigu, euskararen erabilera datuen eboluzio apala lekuko. Horiek horrela, euskalgintzaren eta mugimendu feministaren arteko aliantza fruitu handiak eman ditzakeen aukera izan liteke ezbairik gabe, esparru bakoitzak bere eginkizunak garbi marrazten baditu.

Beraz, euskalgintzak zer marraztu behar du? Lehenik eta behin, euskaldun eta euskaltzale garaikidearen identitatea eta diskurtsoa marraztu beharko lituzke aniztasunetik. Lan horretan, feminismoan arrakasta izan duten gakoak baliagarriak diren eta beregana ditzakeen aztertzea lagungarri izango litzaioke.

Batetik, hizkuntza gizartearen isla dela jakinik, horri aurre hartu eta euskararen sexismoa iraultzeko formulak finkatu beharko lirateke, hiztegi, literatura, hezkuntza material eta antzekoen bidez.

Bestetik, euskaldunen komunitateak galdetu beharko lioke bere buruari zein diren garaiko identitate plural bat sortzeko askotariko balioak (sozialak, politikoak, ideologikoak, kulturalak zein generokoak) uztartzeko gakoak. Nola osatu eta sendotu nahi duen komunitatea.

Aurreko horiek kontuan izanik, garaira eta helburuetara egokitutako diskurtsoa eraiki eta zabaldu beharko litzateke. Halaber, pentsatu beharko litzateke gaur egun euskarak zer emango dion norbanakoari eta zer norbanakoak euskarari.

Amaitu aurretik, beste aliantza emankor bat aipatu nahiko nuke. Kultur ekitaldi ugari daude Euskal Herrian, eta esango nuke zer hobetu handia dagoela bai euskaltzaletasunean, baita feminismoan ere. Adibideetako bat da izan berri den Donostiako Zinemaldia.

Sinbolismoetatik haratago, ausartago jokatu beharko litzatekeela uste dut. Ez litzateke dantza kide makala izango Zinemaldia euskararentzat zein feminismoarentzat. Alderantziz ere bai, jaialdi errotua eta aldi berean garaikidea izateko osagaiak lortuko lituzke; formula kultural berriak topatuko lituzke zazpigarren artearentzat, baita bertako zein nazioarteko jarraitzaileentzat ere.

Plazaratutako ideia ireki hauek guztiek balio dezatela, euskalgintzak eta feminismoak, elkarlanean,eztabaida eta ekimenak uztartuz, aurrera segi dezaten ahalduntzearen bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.