Ardoa sobran dago. Errioxa sor-markako ardogileek goraino beteak dituzte upelak eta biltegiak, eta ezin hustu dabiltza. Ekoizpen handiak izan dituzte azken urteetan, baina ez dira kapaz izan ardo hori guztia saltzeko. Desoreka eragin du horrek sektorean. Eta kezka. Arazoa, dena den, ez da berria; ardo onduaren gisan, egoera pixkanaka joan baita korapilatuz azken hamarkadan. Baina pandemiak, batetik, eta Ukrainako gerrak, bestetik, are gehiago larritu dute orain. Neurriak hartu beharrean dira.
Ines Baigorri ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko zuzendariak aitortu duenez, lehenago ere gertatu izan zaie litro gehiegi ekoitzi eta merkaturatu ezinik ibiltzea, «ziklikoa» izaten baita hori; baina ohartarazi du aldea inoiz ez bezalakoa dela oraintxe: «Biltegietan dagoen stocka ikaragarri handia da, eta ez gara gai saltzeko». Gaur-gaurkoz, Errioxa sor-markako upategiek 937 milioi litro dituzte biltegietan pilatuak.
Krisia eragin duten arrazoiak «bat baino gehiago» direla nabarmendu du, baina, sor-markako kontseilu arautzailearen «erabaki okerrak» jarri ditu bereziki jomugan elkarteak. Baigorriren hitzetan, zuzeneko eragina izan du sor-marka bezero jakin bati bideratu izanak; zehazki, «prezio txikiagoak» nahi dituztenei. Halaber, azken urteetan mahasti kopurua ere «esponentzialki» handitu dela salatu du, eta gaitzetsi mahastizain txikien, ertainen eta handien arteko desoreka ere «gero eta nabarmenagoa» dela.
UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko Jesus Bauzaren hitzetan ere, krisia ez da kolpetik sortu: «Ohartarazi genuen egoera hau etorriko zela». Mahasti kopuruan egin du azpimarra, batez ere. Izan ere, haren ustetan, azken urteetan gehiegi landatu dira, eta inoiz baino gehiago daude orain. «Mahasti hektarea gehiegi dago, eta urtetik urtera kopurua haziz joan da. Egin kontu: 1985. urtean 40.000 hektarea inguru genituen, eta 2020an 66.000 pasa ditugu. Ekoizpenean izan den aldea izugarria da».
Azaldu du, dena den, desoreka hori handitzen lagundu duten kanpo faktoreak ere izan direla: COVID-19aren pandemia, ekoizpen gastuak garestitzea, ekonomiaren egoera bera... Eta ohartarazi du horrek guztiak ardoa edateko modua aldatu egin duela. «Kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin dira, eta horrek ere ez du laguntzen. Ardoaren kontsumoaren etorkizuna gero eta konplikatuagoa da». Espainian bakarrik, ia %9 jaitsi zen ardoaren kontsumoa iaz, esaterako.
Argi gorriak
Egoera horrek argi gorriak piztu ditu sektorean, eta ezinbestean neurriak hartu beharrean izan dira arduradunak. Izan ere, Arabako Errioxako upategien arazoa horren handia ez bada ere —upategiak txikiagoak dira, eta ekoizten dutena saltzen dute gehienetan—, biek ala biek argi dute modu batera edo bestera denei eragingo diela krisiak. Baigorri: «Handiari kolpetik eragiten dionean, gu atzetik goaz». Eta, katean, halaber, mahastizainak.
Astelehenean egin zuen, bada, Errioxa sor-markako kontseilu arautzaileak neurriak adosteko bilera. Erabaki zuen, besteak beste, datozen bi urteetan ekoizpena murriztea. Hala, 2023ko eta 2024ko mahats bilketen errendimendua %90era jaitsiko dute mahats beltzaren kasuan, hura izaten ari baita gehien kaltetua salmentei dagokionez.
ABRAko zuzendariaren hitzetan, ordea, ez da nahikoa, eta ez du arazoaren erroa konponduko. «Mahats bilketa pixka bat murriztu da, baina oso gutxi». Bereziki kritiko azaldu da jatorri izenik gabe eta kalifikatu gabeko ardoa, mahaiko ardoa esaten zaion hori egiteko baimenduko den mahats kopurua soilik %1 jaitsiko delako. «Ez du zentzurik gure upeltegiak hustea beste upeltegi batzuk betetzeko gero, eta merkatua jada kalifikaziorik ez duen ardoa merkeago batekin saturatzeko, geure buruari lehia eginez. Arazoa alde batetik besterapasatzea dela uste dugu», adierazi du.
Bat dator Bauza ere: «Ezin dugu hori onartu». Ekoizpena are gehiago txikitzea proposatu du UAGAk ere, baina bilketa murriztu ordez, mahatsaren eraldaketaren kopurua jaistea nahiko luke. Izan ere, kasu horretan, mahastizainek jasango luketen kaltea txikiagoa litzateke. «Biltegiak husten ez baditugu, ezingo ditugu lehengai berriekin bete. Eta lehengaia ez jasotzeak mahastizainari eragingo dio zuzenean».
Destilazioa, irtenbide ona
Aldiz, Bauzak egoki iritzi dio aurreko urteetako ardoa destilazio bidez murrizteko aukerari. «Positiboa da», adierazi du, ardoa merkatutik «desagerraraziko» lukeelako. Alkohola bereiztean datza destilazioa, izan ere, gero industriarako edo kosmetikarako osagarri bilakatzeko. Dena den, prozesu garestia da, ardogileek ere ekoizpen gastuak ordaindubehar dituztelako.
Baigorriren iritziz ere, irtenbide egokia da destilazioa. Proposamen hori egin zion ABRAk kontseilu arautzaileari ere: 30 milioi litro destilatzea. Hala egin zuten 2021ean ere izurritearen ondorioz saldu gabe geratu zitzaien ardoarekin. Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker egin zuten orduan Arabako Errioxako upategiek eta txakolindegiek, hain zuzen ere. «Errepikatu ahalko ote dugu!».
Kontseilu arautzaileak laguntza eskatu zien erakundeei, eta Baigorrik adierazi du ari direla Jaurlaritzarekin hizketan dagoeneko. Gobernuko iturrien arabera, ordea, oraingoz ez dago aurreikusita; egoera aztertu beharko litzateke aurrena.
Nolanahi ere, ABRAko zuzendariak aurrera begirako neurriak hartzea galdegin du: mahastiak kentzea, esaterako. «Noski, ezin da goizetik gauera aldatu dena. Baina txipa aldatu behar da, eta, gutxienez, aukera posible guztiak aztertu behar dira».
UPELAK HUSTU EZINIK
Inoiz baino ardo gehiago dute Errioxa sor-markako ardogileek biltegietan. Ekoizpena ezin saldu ari dira. Arabako Errioxako upategien arazoa ez da horren larria, baina egoerak haiei ere eragiten die. Arazoari errotik heldu beharraz ohartarazi dute, eta neurri gehiago hartzea galdegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu