Txema Ramirez de la Psicina

Sanchez Erauskin, lubakiko kazetaria

2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Astearte honetan gertatu da, Gasteizen. Ekitaldi xumea, baina hunkigarria. Liburu baten aurkezpena, La Floridako Ignacio Aldekoa Kultura Etxean. Izenburua: Xabier Sanchez Erauskin. Vida de un rebelde con causas. Kausa ugaridun pertsona izan da, bai, Erauskin. Omendua bertan izan da, baita bere biografo eta adiskidea ere: Jose Felix Azurmendi. Gaixotasun batek hitz egiteko gaitasuna dezente baldintzatu badio ere, Erauskinek oholtzatik adi-adi jarraitu du ekitaldia. Mutu. Gustura baina. Ohiko irriño pikaro-bihurriak lagundu dio ekitaldi osoan. Gertu izan du bere bizitzako konplize, maitale, euskarri eta zaintzaile izan den Mentxu Larrazabal. Baina, nor da Xabier Sanchez Erauskin? Zergatik da bereziki aipagarria gasteiztar xelebre honen ibilbidea?

Itzal luzea du atzean: apaiza Okinan, itsasgizona Ternuan, gizarte-ekintzailea denean, kazetaria —batik bat— Euskal Herrian, unibertsitateko irakaslea EHUn... Konpromisodun pertsona. Beti. Xabier gertutik ezagutzeko parada izan dugunok ondotxo dakigu zein erraza izan den beti berarekin bat egitea. Bere presentziak berak balio kutsagarriak transmititzen ditu: onestasuna, konplizitatea, gardentasuna, konpromiso etikoa eta... txantxarako gogoa.

88 urte beteak ditu. Ezer gutxi aldatu da. Mentxuk aipatzen duen bezala, Xabier despistatu mundiala da, auto-gidari arriskutsua, baina—aldi berean— metodiko ikaragarria bere artxibategian. Itxura narraseko jakintsua. Egitura zurrunetan deseroso ibili den akrata menderaezina.

Liburuaren protagonista Gasteizen jaio zen, 1935eko martxoaren 7an, gerra aurreko giro arras kutsatua sumatzen zen hirian. 40.000 pertsonatik gora bizi ziren «apaiz eta militarren hiri» hartan. Xabier jaio eta hamasei hilabetera, Gasteiz estatu kolpea eman zuten faxisten esku geratu zen. Giro makur hartan hazi zen bera. Etxean bertan pairatu zuen diktaduraren atzaparkada, aita —pentsamolde abertzalea zuen udal albaiteroa— gerra hasi eta berehala preso hartu baitzuten.

Abertzaletasuna eta erlijiotasuna. Bi adar horien bueltan ardaztu zen bere familia. Baita bere patua ere. Xabier giro horren fruitua izan da. Oso emaitza librea, baina. Berak, abitua jantzi eta berehala, erabaki zuen sakristiako giro geldoa baino nahiago zuela Ternuako bakailao-ontzietan sumatzen zen haize bortitza. Urretik urrun. Elitetik aparte. Ponpa eta girgiletik at, Ebanjelioarekiko konpromisoa bere erara ulertuz; itsas-apostolutzan. Bizitza arriskatzen zuten arrantzale onduen ondoan. Gizarteko bazterretan bizi direnekin bat eginik. Haien eskubideak defendatuz, haien aisialdia gozatuz... beren-beregi zegozkion elizkizunak alde batera utzi gabe, noski. Inolako protagonismorik, dogmatismorik edota burokraziarik gabe. Umorez beti. Lotsagabe eta adarjotzaile aparta. Batik bat boteretsuekin. Samurra eta maitagarria behekoekin. Askotan kritika zorrotza erabili du kolore eta usain guztietako hierarkiekin: izan gotzain, ministro, errege edota bere bihotzeko kazetako zuzendaritzarekin.

Izan ere, Xabier Sanchez Erauskin Egin egunkariak Gasteizen izan zuen lehen erredaktore-burua izan zen; kazeta bera sortu zenean, 1977ko irailean, alegia. Ardura desberdinak izan zituen egunkari horretan, baita Punto y Hora aldizkarian ere. Hain zuzen ere, bertoko zuzendaria zelarik, 1983ko apirilean, urtebetez kartzelatu zuten Xabier, ustez «erregea iraintzeagatik». Francoren osteko garaian, iritzi delitu bategatik kartzela zapaldu zuen lehen kazetaria izan zen bera. Egunotan, telebistaz telebista, jantziak urraturik dabilen Felipe Gonzalez orbangabeko presidente ohi hura zegoen orduan Moncloako lemazain bezala. Xabier zigortu zuen tribunal bera dabil orain Carles Puigdemont eta Marta Rovira kartzelatu nahian, «terrorismoa» egotzita. Nola aldatu diren gauzak, kamarada!

Liburuan aipatzen den bezala, seguru asko jende gutxik jakingo du Xabier dela Que se vayan kontsignaren sortzailea edo, gutxienez, publikoki erabili zuen lehena. Leloak copyright-a izango balu, berea izango litzateke. Izan ere, berak —J. Bordegaray ezizena erabiliz— argiratu zuen 1978an Que se vayan liburua Hordago argitaletxearekin. Liburua segituan bahitua izan zen. Hilabete batzuk geroago —Landazuri izengoitiarekin orduan— Que se vayan ya kaleratu zuen Hendaiako Mugalde argitaletxearen aterkipean.

Kartzelak ate batzuk itxi baina beste batzuk ireki zizkion Xabierri. Orduan estutu baitzuen lehendik Jose Bergamin poeta espainiar errepublikazalearekin zeukan harremana. Hark azken hatsa eman artean mantendu zuen publikoki bere konpromisoa liburuko protagonistarekin, baita Euskal Herriarekin ere.

Kartzelak asko markatu zuen Xabier. Bere fazeta poetikoa lantzeko aukera eman zion. Eta horren lekuko izan zen urte batzuk geroago argiratu zuen La cuenta de los pasos (1998, Vosa) poesia-liburua. Liburuak dakarren eskaintza esanguratsua da oso:A vosotros, ciudadanos sin nombre,/ hermanos de las tinieblas / que pobláis las oscuras esfinges carcelarias (Zuei, izenik gabeko herritarrei, ilunpeko anaiei, espetxeetako esfinge goibelak gorpuzten dituzuenoi).

Joan den mendeko 70, 80 eta 90eko hamarkadetan kazetaritzaren ur lasterretan nabigatu genuen kazetariok gertutik ezagutu dugu Xabier. Oraingo kazetari gazteentzat ezezaguna bada ere, Xabier Sanchez Erauskin Euskal Herriko kazetaritzaren historian ohorezko tokia merezi duen profesionala da. Bidegile izan da: egiarekiko konpromisoagatik erreferentea, ahots gabekoei ahotsa emateagatik zigortua eta aginte ororekiko jarrera kritikoa agertzeagatik baztertua. Bere luma, zorrotza bezain fina; bere konpromisoa, sendoa bezain erosezina.

Pello Zubiriak 2006an Larrun aldizkarirako egin zion elkarrizketa antologikoan Lubakiko kazetaria bezala etiketatu zuen. Datozen kazetari belaunaldi gazteek izan dezatela Xabier erreferente, batik bat berak bizitza osoan erakutsi dituen ausardia eta boterea zirikatzeko gogoa.

P.D. Aste honetan bertan etxe honetako Martxelo Otamendik eta Iñaki Petxarromanek Euskal Kazetaritza Sariak jaso dituzte. Zorionak haiei ere. Erauskin, Otamendi, Petxarroman, hiru belaunaldi, hiru erreferente, hiru ardatz. Silvia Intxaurrondok eta Jordi Evolek ere jaso dute aipamena. Zorionak haiei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.