Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritziagutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea. Solaskide gizon batek mikrotik kanpo gomendatzea zeri buruz, nondik eta nola hitz egitea komeni zaizun. Zure hitza markatua izatea, emakumearena, eurena unibertsala. Gai jakin batzuk (eta besteak ez) dagozkizula aditzera ematea; hitza lehenengo ematea eraso homofobo bat egon denean edo gaia feminismoari lotutakoa denean; ekonomian, estrategia politikoan edo nazioarteko gaietan hondarreko segundoak uztea, gaiari buruz aritzeko denbora agortu dela adierazten zaizun aldi berean. Erantzun zakarrak jasatea. Aurkezleak zure ibilbidea ez ezagutzea, gizonena goraipatzea. Mintzagai den gaiari buruz iritzia emateko behar beste ez dakizula zuzenean leporatzea. Gizonei hitz aspertuan hizketan uztea, emakumeak errazago etetea. Tertuliakide gizon batek zuganako duen interesari buruzko txantxak entzutea. Mahaikide gizon batekin bikote ona osatzen duzula entzun behar izatea saioa hasi aurretik. Guapa zatozen (ala ez) mintzagai izatea. Solasaldia bukatu ostean beste bi solaskide gizonek elkar goraipatzea, batak besteari eta besteak bati hitz-hartze jakina zenbat gustatu zaion esatea; zuri hitz erdi ere ez. Solasaldian aurkezleak galdera airera botata, beti zure aurretik arrapaladan hitza hartzea. Emakumea izateko zakarra zarela esatea. Femeninoa ez zarela entzutea; hurrena femeninoegia zarela. Zuk hitz egin ostean gauza bera errepikatzea, hobeto esango balu eta bere ideia izango balitz bezala. Zure aurrean esatea beste emakume solaskide batek oso maila eskasa duela. Beste emakume bat goraipatzea, hura bai, zu ez, esan gabe esatea. «Emakume gehiago ez badago emakume prestatu gehiago ez dagoelako da» entzun behar izatea. Kirol jardunen bat egon bada, gizonei horri buruz galdetzea eta zuri ez. Kalean egiten dizuten iruzkin ohikoena makillajeari buruzkoa izatea. Zure inguruak, kazetari gizon lankideek adibidez, kuota bat betetzeko zaudela aditzera ematea.

Eremua zurea ez dela sentitzea. Iritzia emateko gaiei buruz behar beste ez dakizula etengabe presente izatea. Emakume izate hutsagatik bertan zaudela pentsatzea. Txiki sentitzea. Gutxietsia sentitzea. Autoritatea irabazteko ahotsa grabeago jartzea. Balioetsia ez izatearen irudipena. Rola etengabe markatzen dizutela sumatzea. Zeure burua zigortzea gai batean ez duzulako markoa ondo finkatu. Aitortza sozialik ez duzula pentsatzea. Gaizki ulertu daitezkeen hitzak esan dituzulako burua jatea. Ardura indibidualaren gainetik ardura kolektiboa sentitzea. Nekea.

Betaurreko feministak jantzita iritzi-espazioetan parte hartzea oso nekeza da, normalean detektatzeko zailak diren mekanismoak nonahi ikusten baitituzu, kasik eremua ez-bizigarri egiteraino. Politikan gertatzen den bezalaxe, asko dira iritzi-foro edo tertulia ezberdinetan hasi eta gutxi irauten duten emakumeak. Gizonak hor daude, emakumeak bertatik igarotzen dira. Daudenek gutxi irauten badute, askoz gehiago dira eremu horietan parte hartzeari ezetz esan diotenak. Baliteke hedabideen iritzi-espazioa ez izatea berez atsegina inongo izaki kontzienterentzat, baina nabarmena da emakume gisa jardutetik (eta are gehiago emakume sentiaraztetik) malkartsuagoa, eta une batzuetan jasangaitza, dela bidea.

Behin baino gehiagotan aipatzen da emakumeen ugaritzeak zein aldaketa ekarri dion edo ekarriko ote dion politikagintzari. Eta galderak berak eta are gehiago eman ohi diren erantzunek badute abiapuntu oker eta maltzurra, feminitatearen eraikuntzatik, emakume izateko modu araututik, abiatzen direlako, sentibera, menekoa, edo atsegina izatea dagokigula ezartzearekin batera. Espazio publikoan aritzeko desiragarriak diren ezaugarriei buruz hitz egin beharko litzateke, kategoria zurrun eta biolento horietatik at.

Bidaide feministekin esperientziak partekatzean jabetzen zara zeure kasa bizi duzun hori ez dela ez bakana ez eta indibiduala. Eta bizipenei izena jartzen hasten zarenean hasten zara horiek beste modu batean kudeatzen. Gutxiespen sinbolikoak. Arzalpenak (mansplaining). Zilegitasuna kentzea. Sexualizazioa. Iruzurgilearen sindromea. Banalizazioa. Aitakeria. Estereotipazioa. Patriarkatua.

Baina beste modu batera kudeatzea ez da nahikoa. Pentsatzen duzu softwarea ondo desinstalatu duzula, software berri batekin zatozela espazioa hartzera. Baina etengabe ekartzen dizute gogora zure softwarea barik ezarriko dizuten hardwarea dela arazoa, neurrira egindako trajea ezarriko dizutela emakumetasunetik. Zilegitasuna kentzen dizuten neurrian nola puzten diren ikusten duzun era berean. Eta hor irautea ez da makala.

Saio askotako zuzendari eta gidariek egiten dute ahalegin feminista. Barkatu esatea, ahalegin hori gabe betiko mokordo patriarkala irteten da. Eta emakumeak nekatu egiten gara. Eta bata bestearen atzetik uzten goaz. Plaza publikoan diharduten emakumeek orain baino lehen ere garatu dituzte ahizpatasun-estrategiak, eta asko dugu handik ikasteko. Parte hartzearen inguruko akordioak elkarrekin erdietsiz edo ez parte hartzeko irizpideak adostuz, besteak beste. Irauteko baldintzak jarri behar ditugu, beste biderik ez da geratzen. Babes feministaz jarraituko dugu iruten eta irauten. Iruten, irauten eta iraultzen.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: Pilar Kaltzada, Eva Silvan, Maite Ubiria, Maialen Ferreira, Ainhoa Etxaide, Maider Galardi, Iraia Oiarzabal, Gesami Former, Esti Linares eta Leire Regadas.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.