GIDATU DAITEKE ESKURIK GABE?

Fordek 'bluecruise' teknologia Hego Euskal Herriko errepideetan erabiltzeko baimena jaso du, eta Mustang markaren modelo elektrikoa erosten dutenek eskuak eta oinak erabili gabe gidatu ahalko dute baldintza batzuk betetzen dituzten errepideetan. Hala ere, teknologia hori ez da batere merkea.

Forden bluecruise sistema funtzionamenduan, Espainiako errepide batean. FORD.
inaut matauko rada
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Fikzioa badirudi ere, bai, posible da eskuak bolantea ukitu gabe eta oina azeleragailuan jarri gabe gidatzea. Gasteiztik Tuterara edo Iruñetik Vianara batek gidatu dezake besoak gurutzatuta.

Nola da posible? Forden bluecruise teknologiari esker, hala gidatu daiteke, Espainiako Gobernuak joan den astean eman baitzion baimena AEB Amerikako Estatu Batuetako auto markari sistema hori erabiltzeko. Hala, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten errepideetan bigarren mailako gidatze autonomo sistema hori erabili ahal izango dute erabiltzaileek.

Gehienbat autobidetan eta autobietan gidatu daiteke modu horretan. Izan ere, noranzkoak bereiziak dituzten eta alde bakoitzean gutxienez bi errail dituzten errepideetan soilik aktibatu ahalko da sistema, Fordek bluezone deituriko eremuetan. Hala ere, teknologia horiFord Mustang March-E auto elektrikoan soilik dago erabilgarri, urriaren 12tik aurrera saldutako modeloetan.

Antonio Chicote Forden komunikazio arduradunaren arabera, auto hori duten bezeroek 90 eguneko probaldi bat egin ahal izango dute autoa erosi eta lehen urtean, eta gustu hartuz gero, hilabetean 24,99 euro ordaindu beharko dituzte teknologia erabiltzeko.

Automatizazio mailak

Europako Batasunaren araudiaren arabera, sei gidatze autonomo maila daude, eta oraingoz 2+ mailara arteko teknologiak erabili daitezke soilik. Bada, Forden sistemak duen automatizazio maila da hori, bigarren maila aurreratua. AEB Amerikako Estatu Batuetan, Alemanian, Erresuma Batuan, Espainian eta Hego Euskal Herrian ezarri du bluecruise teknologia Fordek orain arte.

Behin autobide edo autobian sartuta, sistema aktibatu egiten da, eta gidariak eskuak bolantetik kendu eta oina azeleragailutik kendu dezake. Hortik aurrera, autoa bera izango da mugimendu horizontalaz eta bertikalaz arduratuko dena: abiadura aldaketak, errailean mantentzea eta trafikoaren araberako gidatzearen moldatzea egingo ditu.

Hala ere, gidariak errepideari begiratu beharko dio une oro, momentu batean ibilgailuaren kontrola berriz hartu behar badu ere. Beraz, nahiz eta gidariak besoak gurutzatu eta belaunak tolestu ahal izango dituen, tentuz egon beharko du. Horretarako, kamerak jarri ditu Fordek autoaren barruan, gidaria trafikora begira dagoen edo ez ikusteko. Despistatuta balego, autoa zaratak egiten hasiko da. Gidariak ezingo du, beraz, liburu bat irakurri, edo pelikula bat ikusten hasi.

Euskal Herriko bluezone-ak

Espainiako Gobernuaren baimena jaso aurretik, Fordek Espainian eta Hego Euskal Herrian bluecruise erabil daitekeen errepide guztiak eskaneatu ditu, teknologia garatzeko. Hegoaldeko errepide nagusietan dago erabilgarri sistema, baina mozketa asko dituzte batzuek. Izan ere, tunelak edo angulu handiko bihurguneak dauden tarteetan eskuak bolantean jartzeko eskatzen dio gidariari sistemak.

Bizkaian eta Gipuzkoan eta Arabaren eta Nafarroaren iparraldean geografia menditsuagoa da, eta errepideek bihurgune handiak dituzte, horregatik daude horrenbeste eten. Chicotek azaldu du tarte horietan sistema ez dela itzaltzen eta funtzionamenduan jarraitzen duela, baina bibrazioen eta zaraten bidez gidariari kontrola berriro hartzeko eskatzen dio. Horrez gain, trafikoan ezohiko gauzak detektatzen baditu autoak, esaterako obra bat, buxadura edo ingurabide bat, sistemak horren abisua emango dio gidariari eta bolantearen eta azeleragailuaren kontrola berriro hartzeko eskatuko dio.

Teknologia garestia

Ford taldearen Mustang markako auto bakarrean erabil daiteke oraingoz bluecruise sistema, March-E elektrikoan. 46.000 eurotik gorako prezioa du auto horrek Hegoaldean, eta, ezaugarrien arabera, 50.000 euroko langa gainditu dezake. Ez da Hego Euskal Herriko edozein pertsonak eros dezakeen auto bat, eta horren jakitun da Chicote. Hala ere, adierazi du diru laguntzekin, deskontuekin eta hobari fiskalekin asko murriztu daitekeela prezioa, eta 40.000 eurotik jaitsi.

Fordek, ordea, ez du teknologia hori modelo horretara mugatu nahi, eta etorkizunean auto merkeagoek ere halako sistemak izatea dute helburu: «Behin teknologia garatuta, pixkanaka modelo gehiagotan ezarriz joango gara, ziur», azaldu du Chicotek.

Mercedesek ere badu automatizazio maila handiko sistema bat, drive pilot izenekoa. Oraingoz Alemanian bakarrik du baimena, eta 5.000 eta 7.000 euro arteko prezioa du teknologiak. 110.000 eurotik gorako prezioak dituzte autoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.