M8: Euskara eta feminismoa. Eztabaida mugimenduan

Periferiatik emandako bultzada

Euskara erdigunean jartzeko pauso ugari eman ditu mugimendu feministak azken urteetan. Andre etorkinekiko aliantzak giltzarri izan dira praktika politikoan; dekolonialitatearen diskurtsoarekin zubiak eraikitzea da oraingo helburua.

Jardunaldietan, Euskaraldiko rolak berreskuratu, eta beste bat gehitu zieten: xuxurlariarena. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Denbora gutxian ohiko bihurtu dira xuxurlak mugimendu feministaren bileretan edo hitzaldietan: aulki ilaren ordena hautsi, eta multzo txikietan esertzen dira andreak, erdi makurtuta, erdi besarkatuta, ahoetatik belarrietara helaraziz beste emakume bat kontatzen ari dena. Xuxurlariena da, hain justu, euskararen erabilera sustatzeko eta bermatzeko mugimendu feministak baliatu duen tresnetako bat. Hizkuntzarena gai pisutsua izan da azken urteetako hausnarketetan eta praktika politikoan. «Lortzen ari gara euskara lotzea zaintzarekin, elkarrekiko aitortzarekin, harrerarekin, eskubide kolektiboekin...», azaldu du Amaia Zufia Bilgune Feministako kideak. Halere, bidea ez da erraza izan, eta funtsezko aliantzak periferian egin dituzte feminista euskaldunek: emakume etorkinekin eta, sarri, dekolonialitatearen inguruko diskurtsoak uztartuz.

Euskal Herriko mugimendu feministarentzat mugarri izan ziren azaroan Durangon (Bizkaia) egindako V. Jardunaldi Feministak. Besteak beste, topaketa hori prestatzeko prozesuan hizkuntzaren gatazkari heltzea eta euskara erdigunean jartzea erabaki zutelako talde feministek. Hala, jardunaldietako mahai nagusietan euskararen presentzia bermatu zuten, hizlarien ahotan zein aldibereko interpretazio zerbitzuaren bidez; gainerako jardunetarako, Euskaraldiko rolak berreskuratu zituzten, baina ahobiziei eta belarriprestei beste figura bat gehitu zieten: xuxurlariena.

Pauso horiek, baina, hamarkada hasieran abiatutako zenbait gogoetaren emaitza izan ziren. «Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa izan da akuilu nagusia», aitortu du Zufiak. Bertako partaide da Itziar Gandarias; urteotan bildutako hausnarketetan eta bizipenetan oinarrituta, hainbat ikerketa lan ondu ditu auziaren inguruan. Azaldu duenez, 2013an irekitze prozesu bat abiatu zuten Mundu Martxan, eta etorkinek osatutako hainbat talde erakarri zituzten: «Bilerak euskaraz izaten ziren beti, eta, migratzaileak sartzean, pentsatu behar izan genuen nola bideratu hizkuntzaren auzia».

Feminista euskaldunek lehendik ere politizatua zuten euskararen zapalkuntza. Bilgune Feministan aspaldi jarri zuten lehentasun gisa hizkuntzaren arloko menderakuntza ikusaraztea, eta, horretarako, bi gaien arteko gurutzaketak landu dituzte, Zufiak dioenez: «Feminismoak uztartu egiten ditu eskubideen aldeko borroka, emantzipazio kolektiboa eta gorputz-bizitza propioen jabetzea, eta hizkuntzak ere hiru elementu horiek biltzen ditu».

Baina feminismotik arrazakeriaren aurka ari diren eragile batzuen artean ere eztabaidagai garrantzitsua da hizkuntza. Gasteizko AMAR talde feminista eta antirrazistan euskara erdigunean jarri dutela esplikatu du Beatriz Umbonek: «Batzuetan hizkuntzaren ikuspegi oso murriztailea izaten dugu: ulertzen da komunikaziorako tresna bat baino ez dela, konturatu gabe euskararen erabilerak izaera politikoa duela komunikazioaz harago». Korapiloak ez die soilik atzerritarrei eragiten. Gandariasek aitortu du beretzat zaila dela euskaraz jardutea: «B ereduaren porrotaren adibidea naiz. Unibertsitate garaian hasi nintzen euskara ikasten, baina nire ingurua oso erdalduna da, eta kosta egiten zait. Euskarak zaurgarritasun egoeran jartzen nau: esfortzu bat eskatzen dit, baina niretzat ere apustu bat da».

«Momentu intimoak»

Ikuspegi hori hedatzeko, Gandariasentzat giltzarri izan da euskararen zapalkuntza ikusten ez zutenei —batik bat Euskal Herrira heldu berriei— urraketa hori azaltzea: «Behin, xuxurlariena prestatzen ari ginela, emakume berri batek esan zigun: 'Zertan ari zarete? Guztiok ulertzen dugu-eta gaztelaniaz!'. Normala da komentario hori: Bilbon bizi den etorkin batek oso euskara gutxi entzun dezake; jakingo du hemen beste hizkuntza bat dagoela, baina ez haren inguruan zer gertatu den. Eta, hori ikusita, guk egin dezakegu purrustada bat bota, edo esplikatu hau gure apustu politiko bat dela, eta nondik datorren. Oso garrantzitsua da harrera ona egitea, baina ez gara egiten ari, eta lan hori egitea guri dagokigu, euskaldunoi, ez dezaten sentitu hizkuntzak baztertu egiten dituela. Euskara ezin da izan aldentzen gaituen zerbait».

Umbon bat dator «pedagogia behar» horrekin. Hain justu ere, Latinoamerikako eta Afrikako emakumeek darabilten teoria dekoloniala baliatzeko aukera aipatu du: «Askotan, haiek ere antzeko egoerak bizi izan dituzte: denek ez dute gaztelania hitz egiten, eta beren hizkuntzekin antzeko prozesuak edo bortitzagoak jasan dituzte».

Hala, espazio feministetan euskaldunek beren hizkuntzan hitz egiteko aukera izan zezaten eta erdaldunek ulertzeko modua izan zezaten, xuxurlarien jarduna hedatzen hasi zen. Sistema horren bidez «momentu intimoak» sortzen direla uste du Gandariasek: «Sara Ahmedek dio politika intimoak behar ditugula, gure arteko distantziak murrizteko, eta sistema horrek laguntzen du. Egia da itzulpena ez dela profesionala, informazio asko galtzen dela eta zurrunbiloa sortzen dela, baina horrek dakar interpreteak ere bere iruzkinak gehitzea, txantxak egitea, barrea eragitea... Eta horrek hurbildu egiten gaitu. Errazena litzateke gaztelaniara jotzea, ekonomiagatik, baina, alde horretatik ere, sistemaren aurkako ariketa bat dela iruditzen zait».

Zailtasun teknikoak eta logistikoak, hala ere, oztopo bihurtu dira batzuetan, eta horrek eragin du espazio batzuetan aldibereko interpretazioa hobestea. Umbonek esan du Gasteizko kolektiboek «nahiko modu sistematikoan» jo izan dutela halakoetara: «Batetik, egoera soziolinguistikoak eskatzen duelako. Eta, bestetik, ohartu zirelako entzumen arazoak dituztenentzat ez zela erosoa xuxurlatzea, zaratarik gabeko giro batean egon behar zutelako; bestela, beste zapalkuntza batean sakonduko genuen».

Zufiak erantsi du xuxurlarien bidez autogestionatu egiten direla komunitatearen hizkuntza premiak. «Kolektibizatu egiten dira, eta, gainera, konplizitateak sortzen dira. Baina, egiturazkoak diren beharrak komunitatean bideratzen baditugu, ez al ditugu gure agendatik kanpo uzten hizkuntza politikarekin lotutako aldarrikapenak? Guk ere eskatu behar dugu euskara ikasteko doakotasuna, migratzaileei euskarazko sozializazioa bermatzea...». Gandariasek gogora ekarri du iazko greba feministarako exijentzien artean ere txertatu zutela euskararen normalizazioa: «Izan ere, zer aukera dute andre migranteek euskara ikasteko?». Umbonek ere aipatu du auzi politikoa desagerraraztearen arriskua: «Hizkuntza gatazka ez da konpontzen xuxurlarien edo interpretazioaren bidez. Pedagogia beharrezkoa da oraindik, euskara erdigunean jartzeko apustuarekiko jarrerak positiboak izan daitezen».

Interpelazioak hunkituta

Elkar ulertzeko bide horretan, ordea, tentsio zenbait izan dira, eta horietako batzuk azalera atera ziren Durangoko jardunaldietan, dekolonialitateari buruzko mahaian: hainbat iruzkinek aurrez aurre jarri zituztenean migratzaileek eta arrazializatuek jasandako kolonizazio prozesua eta euskal hiztunek jasandakoa. Gandariasek onartu du une hark barruak mugitu zizkiola: «Mahai hartan interpelatuta sentitu ginen, baina emakume migratu eta arrazializatuek adierazi zutenak ez du esan nahi gure esperientzia zapaldua ukatzen dutenik. Batzuetan guk interpelatzen dugun bezala, beste batzuetan interpelatuak izatea tokatzen zaigu». Eztabaidaren konplexutasuna agerian utzi zuen tirabira hark, Zufiaren hitzetan: «Bi errealitate, genealogia eta historia horien arteko elkarrizketa ez da hain erraza, eta batzuetan tentsioa sortzen da. Gerta daiteke hortik enpatia sortzea —eta horren beharra dugu—, edo lehiara jotzea».

Izan ere, euskal hiztunek beren burua kolonizatu gisa izendatzeak talka eragin al dezake kolonizazio prozesu bortitzak salatzen ari direnekin? Gandarias: «Dekolonialitate kontzeptua bereganatzen badugu albo batera utziz gu ere kolonizazioaren parte izan garela eta garela, problematikoa izan daiteke; hau da, geure burua zapaltzaile gisa ez ikusteko aitzakia gisa erabiltzen badugu. Guztioi kostatzen zaigu ohartzea eta onartzea aldi berean zapaldu eta zapaltzaile izan gaitezkeela, baina kontraesan horiek landu behar ditugu».

Ildo horretan, oso kritiko mintzatu da Umbon egungo jarrera kolonialekin. «Onartezintzat» jo ditu, adibidez, Juan Sebastian Elkano marinelari egiten ari zaizkion omenaldiak: «Hori ez da soilik kolonialismoa ez aitortzea, baizik eta goraipatzea. Bi kolonialismoak parekotzat jotzen baditugu baina onartzen badugu gure lurraldean kolonialismoa horrela goraipatzea inolako irakurketa kritikorik egin gabe, oso urrun gaude elkar ulertzetik».

Zufiak gaineratu du pribilegioen inguruan hausnartu behar dela: «Europar eta hiritar zuri moduan, ardura bat daukagu, mendeetan hegoalde globalean egindako genozidio, estraktibismo eta esklabizazioaren onuradun garelako, eta gure jendartean dagoen arrazakeriaren parte garelako. Entzun egin behar dugu horrek eragiten duen mina eta haserrea». Ideia horren abiapuntura jo du Gandariasek, eta nabarmendu du entzuten ere ikasi behar dela: «Ez dakigu elkar entzuten: bat hitz egiten hasten denean, bestea defentsiban jartzen da, pentsatuz nola erantzun. Ez dugu entzuten ulertzeko edo enpatia garatzeko; batzuetan, horretarako egin daitekeen gauzarik aktiboena isiltzea da. Aldiz, 'bai, baina' erabiltzen badugu, ematen du bestearen esperientzia ukatzen ari garela, eta zapalkuntzen arteko lehian sartzen gara».

Mugarritik zubi lanera

Hala ere, hizlariek eztabaida garatzeko aukera ikusten dute. Azaroko jardunaldietan dekolonialitateari buruz mahai nagusi bat antolatu izana abiapuntu bat da hirurentzat. Baina hemendik aurrera, zer? Zufiak uste du batzuetan hausnarketa ildo bakoitzak bide propioa egin beharko duela: «Guk ere aztertzeko eta osatzeko daukagu Euskal Herrian gertatutako barne kolonizazio honek nola eragin digun emakumeoi. Asmatu behar dugu espazioetan, denboretan eta terminoetan». Umbonek ezinbestekotzat jo du zubi lanerako prestutasuna gailentzea: «Dekolonialitatetik elkar ezagutzea, deserosotasunetik aliantzak eraikitzea eta erresistentziak partekatzea». Eta Gandariasek ohartarazi du aniztasuna konplexua dela: «Gogorra da, kudeatu egin behar da, eta, horretarako, baliabideak behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.