Memoriaren Eguna. Iñaki Arzak. Elkarriko militante ohia

«Ohartu gabe, gatazkari aurre egiteko jarrera bat sortu genuen»

Iñaki Arzak «elkarrizketarekin eta akordioarekin» engaiatu zen Elkarri gizarte mugimenduaren bitartez, 1990eko hamarkadan. Eusko Jaurlaritzaren eta Gogora institutuaren aitortza jaso zuen atzo.

IÑAKI ARZAK.
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Gogora institutuak omenaldia egin zieten atzo iraganean bakearen aldeko mugimenduetan aktiboki parte hartu zuten pertsonei eta mugimenduei. Horietako bat izan zen Iñaki Arzak (Irun, Gipuzkoa, 1956): 1992an, Elkarri gizarte mugimenduaren sorreran parte hartu zuen, eta hango militantea izan zen mugimendua 2006an desegin zen arte. «Irtenbidea zein izan zitekeen irudikatu genuen».

Zergatik egin zenuen bakearen alde mobilizatzeko hautua?

Elkarrizketarekin eta akordioarekin engaiatu nahi nuelako. Hondarribian bizi naiz, eta, han, Elkarriren tailerrak antolatzen hasi ginen bi mezu horien bueltan. Garai hartan elkarrizketaz edo akordioaz hitz egitea zerbait berria zen, eta gu norabide horretanhasi ginen bidea egiten.

Nola oroitzen duzu Euskal Herriak orduan zuen egoera?

1990eko hamarkadan indarkeria nagusi zen Euskal Herrian. Gatazkak ez zuen irtenbiderik, eta argi nuen elkarrizketaren eta akordioaren aldeko ahalegin bat egin beharra zegoela.Apurka-apurka, Elkarriren bitartez, beste herritar askorengana iristea lortu genuen. Hiztegi edo diskurtso propio bat sortu genuen, eta irtenbidea zein izan zitekeen irudikatzen hasi ginen.

Gizartea oso zatituta zegoen orduan. Nolakoak izan ziren hastapen horiek?

Hasierak ez dira inoiz samurrak izaten. Baina zailtasunak normaltasunaren barruan ikusten genituen, egoera ez baitzen batere erraza, ez alde batekoentzat ez bestekoentzat. Gogoratzen dut Hondarribia pankartaz betetzen genuela, eta lan eskerga egiten genuela, sinetsita baikeunden hori zela jorratu behar genuen bidea. Pixkanaka gero eta herritar gehiago batu zen gure tailerretara, eta beste herri batzuetan ere hasi ziren antolatzen. Hasieran olatu txiki bat zena handituz joan zen.

Pertsonalki nola eragin zizun bortizkeria garaiak?

Elkarrin militatzen hastearekin batera, ohartu nintzen giza eskubideen dimentsioaz, indarkeriak sortzen zuen sufrimenduaz, biktimek pairatzen zuten minaz... Aurretik kontuan hartzen ez nituen hainbat gauzaz jabetzeko balio izan zidan begirada zabaltzeak, eta ohartu nintzen indarkeriaren erabilerak sorrarazten zuen saminaz.

Zein garrantzi izan zuen zuretzat Elkarrin militatzeak?

Elkarrizketa eta akordioa akuilu izan ziren niretzat.Elkarrin jabetu egin ginen gatazkaren konplexutasunaz, eta kontzeptu berriak erabiltzen hasi ginen: besteak beste, bake prozesua eta hirugarren espazioa. Ohartu gabe, gatazkari aurre egiteko jarrera bat sortu genuen. Eta bide batez, mugarriak jartzen ahalegindu ginen bidea ibili ahal izateko. Jarrera eraikitzaile bat izan genuen, hitza erabiltzea ez baita aski botila beti erdi beteta ikusteko, positibotasuna ere landu egin behar delako.

Gatazkak sufrimendu handia eragin zuen urte haietan. Zein gertaera geratu zaizu memorian iltzatuta?

Asko daude. Enrique Casasen eta Miguel Angel Blancoren hilketak bereziki gogorrak izan ziren.

Zure ustez, herritarren mobilizazioek zein garrantzi izan zuten gatazkaren konponbidean?

Askotan esaten da euskal gizarteak ezikusiarena egin duela zenbait gertaerarekin, baina, nire ustez, gizarte honetan jende askok lan eskerga egin du konponbidearen alde. Gizartearen zati baten ahaleginak asko lagundu du.

Eusko Jaurlaritzaren eta Gogora institutuaren omenaldia jaso duzue Memoriaren Egunean.

Horrelako aitortzekin burura datozkit bidean geratu direnak[isildu da une batez, hunkituta].Hainbeste ahalegin egin dutenekin gogoratzen naiz. Oraindik bada bidea egiteko, baina egindako lanaz asko ikasi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.