Euskaltzaleen Topaguneak 25 urte

Aterki bat euskaltzaletasunari

Euskara elkarteen baturatik sortu bazen ere, mugimendu izaera hartu zuen Euskaltzaleen Topaguneak 2012an. 25. urteurrena ospatuko du gaur Donostian, gaurko erronketan begia jarrita

Euskararen Egunaren harira Elgoibarren 2015ean eginiko egitasmo bat. BARREN.EUS.
Julen Aperribai.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskaraldirako prestaketa lanen itzalean ospatuko du mende laurdena Euskaltzaleen Topaguneak, ezinbestean. 25 urte dira orduan Euskara Elkarteen Topagunea izendatutakoaren eratze batzarra egin zutela, Durangon (Bizkaia). Martxan ziren euskara elkarteak ordurako ari ziren euren arteko artikulazioaz eta elkarlanaz hausnartzen, eta hainbatek identifikatua zuen behar hori egituratu egin zuen Topaguneak, 1997an.

Federazio moduan sortutakoa mugimendua da egun, eta ekinbide propioak abiatzeko gaitasuna irabazi du, baita ikuspegi nazionalean ere. Izan ere, azken batzar nagusian jakinarazi zuen zazpi herrialdeetan dituela bazkideak. 75 elkartek osatzen dute Topagunea, eta 15.000 bazkidetik gora ditu.

1990eko hamarkadan hasi ziren ugaritzen euskara elkarteak, baina lehenago sortu ziren lehenengoak. Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkarteko kide zela ezagutu zuen garai hura Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. «Detonatzaile» batzuk izan ziren 1980ko hamarkadan, haren arabera, eta horietako bat izan zen AED Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartearen sorrera, 1984an: «Lortu zuen talde sendo eta zabal bat, euskararen inguruan ardaztua eta jatorri ideologiko eta soziopolitiko oso desberdineko jendea biltzen zuena». Gauzagarria zen «eredu praktiko bat» ikusarazteko balio izan zuen AEDk, Amonarrizen esanetan. Mugarria izan zen, halaber, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-ek 1991n argitaratutako Un futuro para nuestro pasado: claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas liburua. «Oinarri zientifiko eta filosofiko bat eskaintzen zion egiten ari ginenari», Amonarrizen esanetan. «Hizkuntza komunitatea trinkotzea» giltzarritzat jo zuelako, batetik, eta hori euskara elkarteen «lehen helburua» izan zelako; eta, bestetik, «bizi ikuskera» bat ere bazuelako Txepetx-en teoriak: «Konektatzen zuen euskararen aldeko mugimendua eta borroka mundu hobe baten eraikuntzarekin».

Txepetxen oinarri horien gainean zer eta nola garatu hausnartzeko, Adorez eta atseginez mintegia egin zuten hainbat euskaltzalek Eskoriatzan (Gipuzkoa), eta hori ere inflexio puntutzat dauka Amonarrizek. Ez alferrik, ondoko urteetan izan zen euskara elkarteen loraldia, eta areagotu ziren harremanak horiek moduren batean egituratzeko ere, «mugimendua Euskal Herri osora hedatzeko, lan eraginkorragoa egiteko eta administrazioarekiko harremanetan solaskidetza bat izateko».

Euskararen erabilera jomugan, «hutsik edo behar bezala landu gabe zeuden eremuak euskarak okupatzea» zuten helburu euskara elkarteek, Amonarrizek azaldu duenez, eta, batik bat, herri komunikabideak sortzera jo zuten. Horrez gain, aisialdia, kulturgintza eta lan mundua euskalduntzeko dinamikak ere abiatu zituzten, besteak beste.

«Mailakatua» izan zen 1997an elkarteak antolakunde batean egituratu arteko prozesua, Amonarrizek gogoan duenez, eta, egungo ikusmiratik, «luzea eta konplikatua» izan zela dio, baita «tentsioak» izan zirela ere.

Tamaina bertsuko jauzia egin zuen Topaguneak 2011n. Kongresua egin zuen, eta ondoko urteetarako oinarriak zehaztuko zituen Euskaldunon elkarteen oinarriparrak dokumentua onetsi zuten bertan. «Egitekotzat hartu zen euskal hiztunen komunitate osasuntsu eta iraunkorra indartzea eta elikatzea, eta hortik hizkuntza komunitatea artikulatzea mugimendu bat sortuz», azaldu du.

«Norabidea ezarri zen, eta subjektu bihurtu ginen, aktore; eragin egin nahi genuen», zehaztu du Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Aldaketa horren jarraipena izan zen, besteak beste, Tokikom herri komunikabideen bateragunea eratzea, 2012an. Ordura arte komunikabideen pisua euskara elkarteek hartu zuten, eta bereizi egin ziren. Halaber, Topaguneak nazio mailako dinamikak indartu zituen. Egiteko moduetan ez ezik, izaeran ere eragin zituen aldaketak kongresu hark. «Apustu nabarmena egin zen euskaratik urrun dauden horiekin zubiak eraikitzeko», esaterako, Iziarren arabera. Euskaraldia izan daiteke ahalegin horren adierazpiderik agerikoena.

Zalantza berriei leku

Berria azkar zahartzen da, ordea; are, azken hamarkadan. Egungo egoerara egokitzeko, hirugarren kongresua egingo du Euskaltzaleen Topaguneak 2023ko udazkenean. «Mugimendua eraberritu da, jende gazte asko sartu da, eta egokia iruditu zaigu printzipioak berrikustea eta baita, eraldaketa nahi duen mugimendu moduan, geure buruak eraldatzea ere».

Militantzia eredua berrikustea eta partaidetza modu eraginkorrak sustatzea izango da askatu beharreko korapilo bat, orain arte izan den modu berean. Kezka horiek beste gizarte mugimenduek dituztenekin «koherentzian» ikusten ditu Iziarrek: «XXI. mendean bete-betean murgilduta dagoen gizarte mugimendu bat izanda, beste edozein gizarte mugimenduk dituen kezka, arazo eta jardunbide antzekoak ditugu».

Bogan dauden mugimenduek egindako ekarpenez bustitzea ere izango da erronka, Amonarrizek azaldu duenez. «Duela 30 bat urte euskara elkarteak sortu zirenean, oso egoera soziopolitiko jakinean sortu ziren, eta horrek eragin zuen euskara ardatz bakarra izatea. Hor badira aldaketak. Intersekzionalitateaz hitz egiten da, herrigintzaz... Bestelako egiteko molde batzuk egon daitezke hor». Era berean, erdal munduak euskararekiko duen jarrera lantzeko beharra ere ikusten du. Nafarroan hasiak dira horretan, zehaztu duenez, euskararekiko «aldekotasuna» indartzeko asmoz, eta handik kanpo ere «interesa» piztu du egitasmoak, haren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.