ETB2ko 'Akelarre' umore saioak uda arte jarraituko du, gutxienez

EITBko LABek salatu du saioak euskaldunak «iraindu» eta «erridikulizatu» egiten dituela astero

Valeria Ros eta Pablo Ibarburu Akelarre programako gidariak. ETB2k ostegun gauetan ematen du. ETB.
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan ikus-entzule askoren ahotan ibili da ETB2ko Akelarre saioa, asteartean Twitterreko kontu anonimo batetik programaren zatiekin osatutako bideo bat zabaldu ostean. Biralizatu egin zen bideoa, eta herritar askok programa eta aurkezlea kritikatu dituzte, euskaldunentzat «iraingarriak» direlakoan. Bideo eta txio hartan ez zen aipatzen programaren abiapuntua hasieratik izan dela Valeria Ros aurkezleak ez dakiela zein joango den platora gonbidatu gisa.

Ikusi gehiago:ETB2ko 'Akelarre' saioak euskal kulturari barre egiten diola salatu dute

El Terrat eta K2000 ekoiztetxeek egindako programa urtarrilaren 12an estreinatu zuten ETB2n, «umorezko show» gisa. Aste Santura arte zuen saioak kontratua, eta aste honetan berritu egin dute: uda arte ziurtatua du jarraipena.

Sare sozialetako kritikak albo batera utzita, zenbait eragilek programaren gaineko salaketak egin dituzte. EITBko LAB sindikatuak esan du «nabarmen» geratu dela saioko zuzendaritzaren eta aurkezlearen «jarrera iraingarria euskaldunekiko zein euskal kulturarekiko». Sindikatuaren arabera, gonbidatuak «estralurtarrak» balira bezala tratatu dituzte sarri. «Euskara hizkuntza gisa erridikulizatu egin dute. Saioak iraindu egin gaitu euskaldunok astero, erridikulizatu, gure herrian arrotz eta exotikoak bagina bezala erakutsi».

LABek gogorarazi du 2017an Euskalduna naiz, eta zu? saioan espainiarrei buruz emandako iritziak «iraingarriak» zirela eta, EITBk komunitate horri barkamena eskatu eta Espainiari buruzko atala webgunetik kendu zuela. «Zer neurri hartu behar ditu saio horrekiko, euskaldunen artean sortu duen samina ikusita?», galdetu du LABek.

Sare sozialetako kritikak zabaldu aurretik, Miramongo estudioetan grabatu ditu asteon Akelarre-ren bi atal: ostegunean eman zutena eta datorren astekoa.

LABek salatu du EITB euskaldunekiko «iraina» eta burla» ahalbidetzen ari dela. «Horren aurrean, neurriak hartzeko eskatzen diogu Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari».

Eusko Legebiltzarrera

Hilabete barru, Aldekoak saioaren inguruko azalpenak eman beharko ditu Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, EH Bilduk hiru galdera egin dizkio auziaz EITBri. «Mingarria da euskal kulturari ikuspegi espainiar batetik begiratu eta irri egitea», adierazi du galderen testuan Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak. Honakoak dira hiru galderak: «Akelarre saioaren ildoa EITBren sorrera legean jasotako printzipioekin bat datorrela uste al du EITBren zuzendaritzak? Zuzendariak ez du uste milaka ikusle minduta senti litezkeela Akelarre saioak Euskal Herriaz eta euskal kulturaz eskaintzen duen ikuspegiarekin? Zer neurri hartuko du EITBko zuzendaritzak?». Kontratua luzatzea izan da EITBren erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.