Munduko hainbat gatazkatan berriemaile aritutakoa da Jon Sistiaga (Irun, Gipuzkoa, 1967). Canal+ katearentzat lanak egiten duela bederatzi urte hasi zen —ordainpeko kate horrek Movistarrekin bat egin zuen 2015ean—.
Zubiak dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Pasarterik esanguratsuenak Maixabel Lasaren eta Ibon Etxezarretaren arteko bazkarian gertatzen dira. Nola bizi izan zenuen bazkari hura?
Zubiak topaketa baten istorioa da: adiskidetzearena eta zubiak eraikitzeko saiakera batena. Duintasun istorio bat ere bada, bi aldetatik: biktima gai da bere pertsona maitatuaren bizitza bukatu zuenari begietara begiratzeko, eta aurrean dagoena gai da esateko sentitzen duela eta gaizki egon zela egindakoa. Hilabeteak pasatu ziren bazkari hori grabatu ahal izateko. Kamerak grabatzen hasi zirenean, ni handik joan nintzen.
Pilar Kaltzadak BERRIAn idatzi du dokumentalak deseroso uzten duela ikuslea. Zein da zure begirada?
Gustukoa dut Kaltzadak esan duen hori; uste dut saioa deserosoa izango dela bi aldeentzat. Hainbat urtez, Tabu izeneko saioa egin dut, eta beti gai deserosoak dira. Zubiak ere bai, biktima guztiek ez dutelako egiten Maixabel Lasak egiten duena eta ETAko kide guztiek ere ez dutelako Ibon Etxezarretaren jarrera biktimarekin. Kontuan izan dokumentalean ez dagoela barkamen eskaerarik. Lana ez doa horri buruz.
Bazkarian Etxezarretak eta Lasak aipatzen dute zein urrun dauden euskal presoak euren senideetatik. Zergatik ez diezu ahotsa eman senide horiei?
Lehen atala Juan Mari Jauregiri buruzkoa da. Baina saioak zazpi atal ditu, eta presoen sakabanaketa eta presoen senideen egoera beste atal batzuetan azalduko da.
Saioko elkarrizketatuetako bat Jesus Egiguren da. Harritu al zaitu hark esandakoak?
Zubiak-en Jauregiren lagun gisa agertzen da, labur. Asko dugu grabatua Egigurenekin, eta dezente hitz egin zigun Arnaldo Otegirekin izandako solasaldiez eta Josu Urrutikoetxearekin izandakoez.
Munduko gatazka askori erreparatu eta gero heldu diozu euskal gatazkari. Zer eragin du horrek?
Elkarrizketatu izan ditut FARCekoak, IRAko zuzendaritzakoak, EIkoak, Brigada Gorrietakoak eta talde paramilitarretako kideak. Gatazka guztietan gauza bera gertatzen da. Etikaren ikuspegitik hurbildu nahi nuen gaira.
Santiago de Pablok, David Motak eta Virigina Lopez de Maturanak liburu bat aurkeztu dute asteon ETAk telebistan izan duen trataeraz. De Pablok esan du Miguel Angel Blancoren hilketak eraman zituela kateak ETAri buruz gehiago aritzera.
Blancoren hilketa ETAren akats estrategiko handienetako bat izan zen. Ez ziren jabetu telebista kateak zuzenean aritu zirela gazte baten 48 orduko agonia ematen. ETAk eginak zituen halakoak, baina 1997an telebista kateek bizkor erreakzionatzeko ahalmena zuten. Herri mobilizazio handiak egon ziren, eta haien parrokian ere kontraesanak eragin zituen.
Euskal gatazkak emango du zer esana 2020an ere, HBOk Patria telesaila estreinatzen duenean. Zer iruditzen zaizu eleberria?
Besarkada baten istorioa da, azkenean. Nik Movistar+ plataforman proposatzen dudan saioa Patria bezalakoa da, baina benetako pertsonaiekin. Saioan, isilarazitako biktimei ematen diet ahotsa; esaterako, iraultza zerga eskatu zietenei. Elkarrizketa erabat baketsura iristeko gaude. Baina ezker abertzaleari falta zaio esatea: «Dena kaka bat izan zen, eta ezertarako ez». Biktima bakoitzari, bestalde, pertsona independente gisa begiratu behar zaio.
ETAko kide izandako dezente elkarrizketatu dituzu, ezta?
Bai, hasieran ETA cool bat egon ote zen galdetu diet askori. Kontatu behar da ETAren hasieran ere astakeria batzuk egin zituztela. Ez dituzte aitortu, 1970eko hamarkadako imajinarioa hautsiko lukeelako. Armak hartzen dituen talde orok akats berberak egiten ditu, eta marra gorri berak zeharkatu.
Jon Sistiaga. Kazetaria
«Armak hartzen dituen talde orok akats berberak egiten ditu»
ETAren biktimenganako «gerturatze etikoa» egiten saiatu da Sistiaga 'ETA. El final del silencio' zazpi ataleko dokumental saioan. Movistar+ plataformak estreinatuko du, hilaren 31n; Juan Mari Jauregiri buruzkoa da lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu