Konfinatutako erregina baten eleak

Margarita Angulemakoa Nafarroako erreginak XVI. mendean frantsesez idatzitako 'Heptamerona' liburua euskarara itzultzen hasi dira. Zazpi urteko lana izanen da, eta Booktegin izanen da irakurgai. Urrian lehenbiziko atala irakurriko dute Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Margarita Nafarroakoaren erretratua. JEAN CLOUET.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Itxialdi batean sortu zen. Margarita Angulemakoak 72 ipuin idatzi zituen izurrite baten ondorioz gaztelu batean konfinaturik egon behar izan zuenean, Heptamerona obra klasikoa osatzen duten eleberri laburrak. 1558. urtean argitaratu zen lehenbizikoz liburu hori, eta ia bost mende geroago, beste konfinamendu batek ekarri du mahai gainera. Itxialdian Fito Rodriguez idazleak izandako ideia bati jarraikiz, Margaritak frantsesez idatzitakoak euskarara ekartzea erabaki dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak, eta dagoeneko lehenbiziko liburukia prest dute.

Liburu mardula da Heptamerona, eleberri motzez osatua. Horrek lan handia eskatzen duela eta, zortzi liburuki aterako dituzte, urtero bana, eta liburuki bakoitza bi itzultzaile eta zuzentzaile baten artean onduko dute. Emaitza denen eskura egonen da, gainera, Booktegi egitasmoaren webgunean. Irakurraldi publikoak ere eginen dira Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta grabatu. «Eskaintza aberatsa izango da, kontuan izanda liburuaren kalitatea eta ikuspuntu aurrerakoia, eta egilea Nafarroako erregina dela, figura historiko bat», esan du Aritz Branton Booktegi egitasmoko arduradunak.

Margaritaren bizitzaren azken garaikoa da Heptamerona. Giovanni Boccacciok 1351n idatzitako Dekamerona ipuin bilduman oinarritu zen berea egiteko. Margaritak ehun ipuin idazteko asmoa zuen, hamar egunetarako hamarna, baina, azkenean, 72 baizik ez zituen egin. Zortzi egun kontatzen ditu liburuan: lehenbiziko zazpiek hamarna ipuin dituzte, eta azkenengoak bi.

1549. urtean hil zen Margarita, eta bederatzi urte geroago argitaratu ziren bere eleberri motzak lehenbiziko aldiz. Ez bere izenean, aitzitik. Urtebete geroago jaso zuen aitortza, 1559ko argitalpenean. Batzuek diote ipuin guziak ez zituela berak idatzi, beste batzuei idazteko eskatu omen zizkiela. Ez dago argi, dena den.

Nolanahi ere, Margarita emakume jantzia izan zen, jakintzari emana. Idazlea zen, humanista, eta elizaren erreforma protestantea bultzatu zuen. 1492an sortu zen, Anguleman (Frantzia), eta 1527an Nafarroako erregina bihurtu zen, Enrike Albretekin ezkondu baitzen. Nafarroa osoko azken errege-erreginen semea zen Enrike: Joan Albreten eta Katalina Foixkoaren ondorengoa.

Erregina jantzia

«Ironiaz» eta «kultura handiz» idatziak dira Margarita Nafarroakoaren hitzak, egitasmoaren bultzatzaileen arabera. Luisa Savoiakoa ama arduratu zen Margaritaren eta haren anaiaren heziketaz, eta horretarako irakasle onak bilatu zituen. Heldu ahala, kulturari atxikirik jarraitu zuen Margaritak. Poesia idatzi zuen, baita garai horretan boladan ziren eleberri motzak ere.

Jon Oria historialariak zioen Errenazimentuko «pertsonaia handia» zela, joera neoplatonikoa zuena, eta kultura heziketa bikaina jaso zuela. Bere gortean ez zen kultura adierazpiderik inoiz faltatu: Europako intelektualak berean hartzen zituen. Heretikotzat jotzen zituzten humanistekin harremana izan zuen, eta Nafarroako gortean izan ziren, besteak beste, Gerard Roussel, Clement Marot, Jacques Lefevre d'Etaples eta Joan Kalbino.

Francois Rabelaisek Tiers libre liburua eskaini zion, eta Henri Jondak hitz hauekin deskribatu zuen Nafarroako erregina: «Ongia, zuzentasuna eta edertasuna ezagutzeko irrika zuen, eta giza eta jainkozko maitasun egarri asezina». Aurrerago William Shakespearek Margaritaren gorte hartan kokatu zuen Love's Labours Lost obra, eta bertan ageri da «Nafarroa munduko lilura izanen da» esaldia.

Alde horretatik, Amaia Alvarez NUPeko Zuzenbidearen Historiako irakasleak jakintzaren alor hori nabarmendu du: «Erregina zen, orduan gogoratu dezakegu Nafarroako erregin bezala, baina batez ere izan zen intelektual bat; hala izan zen hezia. Literaturatik zabaldu zuen bere jakintza hori». Obran jorratzen diren gaiak eta ideiek Errenazimentuaren kutsua dutela nabarmendu du.

Jakintza eta kultura horren fruitu izan ziren bere obra literarioak; Heptamerona, besteak beste. Abadia batean elkartzen diren hamar bidaiari dira kontakizun horretako protagonistak: bost gizon eta bost emakume. Denboraldi baten ondorioz han isolaturik geratzen dira hamar lagunak, eta, denbora pasatzeko, bakoitzak istorio bat kontatzen du.

Maitasuna da liburuaren gai nagusia: erromantzeak, desleialtasunak, engainuak, isekak, lizunkeria, eta apaiz eta fraideen lizuntasunari egindako kritika gogorrak agertzen dira. Booktegin dagoeneko irakurgai dagoen bosgarren istorioa horren erakusgarri da. Istorio horretan kontatzen du Nyorteko bi kordelierrek batelari emakume bat bortxatzeko saiakera. Emakumea haiek baino argiagoa izanda, istorioak azaltzen du nola lortzen duen bortxaketa saihestea eta bi kordelierrak epaituak izatea.

Margarita Nafarroakoa emakume aurreratua zela uste dute historialari askok. Batzuek «Frantziako Errenazimentuko Medicisa» dela ere esaten dute. Aipatzekoa da emakume bezala zuen jarrera ere. «Oso ohikoa litzateke liburuan protagonismoa gizonek izatea, eta emakumeak bigarren edo hirugarren mailakoak izatea; baina hemen ez da hori gertatzen. Genero ikuspegitik ere interesgarria da», azaldu du Brantonek. «Emakume batek liburu bat idaztea ere ez da ohikoa garai horretan». Simone de Beauvoirrek esan zuen Margarita Nafarroakoa izan zela «bere sexuaren kausaren alde hobekien lan egin zuen idazlea».

Liburua garaiko humanismoaren eta Errenazimentuaren «pieza gakoetako bat» izan zela uste du Alvarezek. «Erakusten du orduko abangoardiak edo literaturaren munduan zeuden korronte berriak». Horregatik uste du euskarara itzulita Nafarroako Erresumaren literaturako «atal nagusi bat» berreskuratzen dela. «Erresuma zatitu eta gero, hegoaldea geratu zen pixka bat atzean zentzu horretan; Frantzia aurreratuago zegoen humanismoari dagokionean». Konkistatutako Nafarroa horretatik aparte geratu zela dio irakasleak: «Erresumaren abangoardia beste aldean zegoen». Erlijio gerrak gertatzen ari ziren garai horretan, erreforma eta kontraerreforma. Errenazimentuko korronteak, batez ere Iparraldeko Europan garatu ziren, eta Nafarroako Erresumara Margaritaren bidez iritsi zirela azaldu du Alvarezek.

Itzulpenaren erronka

Obra klasikoa da Heptamerona, baina orain arte ez da osorik euskarara itzuli. Toribio Etxebarriaren Ibiltarixanak liburuaren bukaeran Margarita Nafarroakoaren zenbait ipuin ageri dira itzulita, Eibarko euskaran (Gipuzkoa), eta Jean-Baptiste Orpuztanek ere itzuli zituen Margaritaren ipuin batzuk euskarara. Oraingoan, liburu osoa euskaratzea dute helburu. «Ezin dugu hutsune hori utzi; ondare garrantzitsua dela iruditzen zaigu», kontatu du Brantonek.

Obra hori euskarara ekartzea garrantzitsua da ere literaturaren historiaren parte den heinean.«Heptameron, Decameron, Canterburyko ipuinak... horiek denek geroztiko narratiba baldintzatu duen genero batekoak dira: garai hartan nobela esaten zena: narrazio laburrak», azaldu du Josu Zabaleta itzultzaileak. «Jatorri hori ezagutzea inportantea da, nondik etorri zaigun gure historia literarioa. Hori dena jaso dugulako».

Lehenbiziko liburukia Fito Rodriguezek eta Xabier Artolak itzuli dute, eta Zabaleta arduratu da testuak zuzentzeaz eta irizpideak bateratzeaz. Itzulpen prozesuari buruz mintzatu da: «Aspaldikoa denez, pentsa daiteke aspaldiko euskaran egin behar dela, baina hau idatzi zenetik 450 urte joan dira, eta Margaritak garaiko frantsesa erabiliko zuen, bere garaikoentzat idatzi zuen».

Zaila zen irizpide bateratuak zehaztea: «Itzultzen baduzu zure ahotsa ez den batera, zurea ez den euskara batera, koherentzia ematea oso zaila da». Beraz, itzultzaileen antologia bezala egitea proposatu zuen Zabaletak. «Bakoitzak eztabaidatuta eta aurrekoak egindakoa ikusita, har ditzala bere erabakiak». Ez da lan erraza izan, edozein idazkik edo diskurtsok kapa anitz dituelako. «Frantses zaharrean irakurtzen baduzu eta ohituta bazaude, eta irizpide kritiko handi xamarra baldin baduzu, jakingo duzu ikusten testu honen atzean zer dagoen, nola garatu zen erredakzioa».

Izan duten arazo nagusia da ez dutela edizio kritiko «berri-berri» bat aurkitu: «Joan behar duzu frantses zaharrarekin euskara moderno eta euskal irakurle modernoentzat idaztera, zahar ukituekin bada ere. Badakizu hor gauza pila bat galduko direla. Itzultzaileak badaki jatorrizko testua ez duela errepikatuko, ezinezkoa da».

Heptamerona itzultzea erronka handia da, eta denboran luzea izanen da prozesua. Hala ere, gogotsu heldu diote proiektuari Booktegia egitasmoak eta Nafar Ateneoak. Bartonek gogora ekarri du Booktegik 250 liburu eskaintzen dituela dohainik jaisteko. Orain, hau ere batuko zaio eskaintzari: «Gure leloa da guztion liburuak guztiontzat. Kasu honetan, erregina batena ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.