1.500 filmen euskarazko azpidatziak eskaini dizkiete plataformei

'Azpitituluak.eus'-eko sustatzaileek eskatu dute eginak dauden azpidatziak katalogoetan sartzeko

Azpitituluak.eus atarian 150 filmen euskarazko azpidatziak igo dituzte azkeneko urtean. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
2021. urtea 1.350 filmen azpidatzien katalogoarekin hasi zuen Azpitituluak.eus atariak, eta urtebeteko epean kopurua 1.500era iristeko erronka zuen —nahiz eta bertako arduradunek ez zuten ezagutarazi—. Lortu dute erronka gainditzea: dagoeneko 1.502 film luzeren euskarazko azpidatziak dituzte jasoak eta erabilgarri. Horien artean badira azkeneko urteetako pelikula esanguratsu batzuk: Quentin Tarantinoren Once Upon a Time in Hollywood, Todd Philipsen Joker, Taika Waititiren Jojo Rabbit eta beste hainbat.

Luistxo Fernandez Azpitituluak.eus-eko arduradunetako batek, era berean, zera esan du: «2022. urte honetan azpidatzien alorrean azkenean lege aldetik zerbait gertatzen baldin bada, hemen gaude prest laguntzeko».

Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriari egin dio erreferentzia Fernandezek. Izan ere, zenbait puntu adostu zituzten ERCk eta PSOEk, eta haien artean bazen bat jasotzen zuena edukien bikoizketak eta azpidatziak streaming plataformetan sartu behar direla eginak daudenean —katalanezko, galegozko eta euskarazko bikoizketak eta azpidatziak, alegia—. Tramitazio bidean da legea, baina oraindik ez dago argi puntu hori zer baldintzatan jasoko duten. Are gehiago, plataforma handiek ez badituzte audio eta azpidatzi horiek katalogoetan eskaintzen, horren zaintza nork egingo duen ez dago batere argi. Valentziako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidente Jose Maria Vidalek abenduaren 20an agerraldia egin zuenEusko Legebiltzarrean, eta ohartarazi zuen erkidegoek ez dutela inolako gaitasunik izango plataformen zaintza egiteko. Are gutxiago Hego Euskal Herrian, ez baitago ikus-entzunezko kontseilurik.

Lege berriaren harira, bikoizketarako eta azpidatzietarako fondo bat sortuko dela zabaldu zuten zenbait hedabidek. Fernandezek horren harira hala adierazi du: «Fondo hori sortzen bada, Azpitituluak.eus-eko edukia eskuragarri egongo da. Eta EITBk gauza bera egingo balu bikoizketekin, hainbat hobe». Fernandezek berak Galesko pelikula baten azpidatziak prestatu ditu: Lee Haven Jones zuzendariaren Gwledd filmarenak (2021).

Azpitituluak.eus atarian badira zinemako klasikoen euskarazko azpidatziak: Spartacus-enak (1960), esaterako. Filmin plataforman klasiko horren katalanezko azpidatziak eskura daude, baina ez euskarazkoak. 49 telesailen azpidatziak ere jarriak dituzte Azpitituluak.eus-en.

Bikoizketaren kasuan, antzekoa da egoera. Zinema aretoetan euskarara bikoiztuta eman dute marrazki bizidunetako D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak filma. Baina Netflix plataformara iritsi denean, badago katalanera bikoiztuta ikusteko aukera; euskaraz ez, ordea. Harry Potterren filmak ere euskarara bikoiztuta daude, baina ezin dira HBO Max ordainpeko plataforman hizkuntza horretan ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.