Joan-etorriko arrainen balioa

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Arrain horiek ibaitik itsasora edo itsasotik ibaira migratzen dute, eta haien populazioak arriskuan daude. Adituek babes neurri «bateratuak» eskatu dituzte.

5. Lanproia. Ibaian sortzen da, eta itsasora jotzen du. Ugaltzeko ibaira itzultzen da. ALEXANDER FRANCIS LYDON / BRITAINIAKO UR GEZETAKO ARRAINAK.
Iker Tubia.
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ibaitik itsasora, edo itsasotik ibaira. Ur gazietatik gezetara, edo ur gezetatik gazietara. Diadromoak dira batetik bestera migratzen duten arrainak, hala deitzen zaie. Haien egoera makurtzen ari da, eta geroz eta gutxiago dira isurialde atlantiko osoan. Oraingoan, arrain horiek eragiten dituzten onura ekologiko eta kulturalak aztertu dituzte Europan egindako ikerketa baten bidez, eta emaitzekbaieztatu dute balio handikoak direla. Haien egoera hobetzeko dei bat ere bada ikerketa hori.

Europako Diades proiektua da izokinei, aingirei eta itsas amuarrainei, besteak beste, balioa aitortu diena. Kasu honetan, dirutan neurtu dituzte arrain horiek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoak. Esaterako: AZTIk Gipuzkoan egindako ikerketan identifikatu dituen ekosistema zerbitzuen balioa 25 milioi eurokoa litzateke gutxienez. Proiektua Europa osoan egin da, eta AZTI arduratu da Gipuzkoako ibaiez. Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundea da AZTI.

Arrain diadromoak anadromoak edo katadromoak izan daitezke. Lehenbizikoak errekan jaiotzen dira, baina itsasoan hazi: izokina, kolaka, gaizkata, lanproia, itsas amuarraina... Bigarrenek kontrakoa egiten dute: itsasoan sortu, eta ibaian hazi; aingira da ezagunena. Ugaltzeko, sortu ziren uretara itzultzen dira, eta, hala, zikloa itxi.

Euskal Herrian aurkitu daitezkeen arrain diadromoak kolaka, lanproia, aingira, izokina eta itsas amuarraina dira. Ur gezen eta gazien arteko migrazioa daukate denek ezaugarritzat. Ez hori bakarrik, egoera kaskarrean daude denak, nahiz eta ez duten arrisku bera. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuna da animalia eta landare espezieak arriskuaren arabera sailkatzeaz arduratzen den erakundea, eta, arrain diadromoen kasuan, gaizkata eta aingira arrisku kritikoan daudela zehaztu du.

Egoera azaldu du Estibaliz Diaz AZTIko ikerlari eta arrantza kudeaketa jasangarrian adituak. Berezitasun bat aipatu du lehenik: «Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan, Bidasoaz bestelako arroetan izokinak, kolakak eta lanproiak desagertu ziren. Orain, bueltatu dira, uraren kalitatea hobea delako, eta konektibitatea hobetu delako, ibaietan dauden presak bota direlako». Euskal Herrian espezie horiek ibai batzuk berriro kolonizatzen ari dira, beraz, baina, egoera orokorra hartuta, joera beheranzkoa da.

Izan ere, arrain diadromoen populazioak aztertzeko ezin zaio leku bakar bati begiratu, ez baitira leku bakarrean bizi; ur gazi eta gezen artean migratzen dute. «Populazio bakarra da. Marokoko aingira eta Norvegiako aingira populazio bera dira; ezin da esan leku batean ongi dagoela eta beste batean txarto», zehaztu du Diazek. Horregatik esaten da espezie horien joera beheranzkoa dela.

Populazio horiek Europako isurialde atlantikoan egoera kritikoa dutela ikusita, AZTIk eskatu du nork bere babes neurriak hartu beharrean, tokian tokiko ekintzak eta esku hartzeak egin beharrean, «batera» eta «berehala» jarduteko. «Arrain hauek ez dira leku batekoak. Horregatik dauka zentzua halako proiektu batek: zenbait herrialdetako ikerlari eta kudeatzaileak batzen dituenez, egiten ditugun balorazioak koordinatuta daude», azaldu du Diezek. «Kudeaketan ere saiatu behar dugu neurriak adosten, nor bere aldetik ibili beharrean».

Zerbitzu ekosistemikoak

Aurretik ere jakina zen arrain horien egoera kaskarra zela. Arrain diadromoen zerbitzu ekologikoak aztertzea izan da Diades proiektuaren berritasuna. Zerbitzu ekosistemiko deitzen zaie ekosistemek edo espezieek gizakiei ematen dizkieten onurei. Ñabardura bat egin nahi izan du Diazek: «Espezieek eurek balioa dute, eta, etikoki, babestu beharko genituzke; baina, horrez gain, egia da gizakiontzat ere badutela balioa». Sarri arrantzari baizik ez zaio erreparatzen, baina Diazek argi esan du balio «askoz ere handiagoa» dutela.

Hiru balio mota bereizten dituzte: elikagai, kultura eta erregulazio zerbitzuak. «Zerbitzu kulturalak lirateke aisialdirako arrantza, jaialdi gastronomikoak eta San Sebastian eguneko angulak, baita arlo espirituala ere: esaterako,Ameriketako indiarrentzat espezie espirituala da izokina—». Erregulazio zerbitzuei dagokienez, espezie hauek oso garrantzitsuak dira elikagaien alorrean: «Ibaian eta itsasoan egoten direnez, itsasoan dauden elikagaiak ibaira eramaten dituzte, eta ibaietan daudenak, itsasora».

Diades proiektuaren emaitza nagusiak zabaltzeko atlas interaktibo bat sortu dute sarean, eta http://iwa.diades.org helbidean kontsultatu daiteke. Aztertu dituzten arrainen egungo banaketa ikus daiteke mapan; bai itsasoan, baita Europako kostalde atlantikoko ibaietan ere. Gainera, espezie diadromoei lotutako zerbitzu ekosistemikoen identifikazioa eta lehen estimazio erdi kuantitatiboa ere txertatu dituzte. Maparen azkenengo funtzioa iragarpenarena da. Klima aldaketaren ondorioz sortuko den egoeraren analisi ezkorragoak eta baikorragoak daude. Bada, ikuspegi horien guzien arabera espezie horiek nola eboluzionatuko luketen aztertu eta bildu dute mapan.

Askotariko mehatxuak

Arriskuan diren espezieez hitz egiteko orduan, ohikoa izaten da klima aldaketaz mintzatzea. Hau ez da salbuespena. Klima aldaketa «bereziki kaltegarria» da arrain diadromoentzat, AZTIko ikertzaileak azaldu duenez: «Klima aldaketak gehiago eragiten die: izan ere, itsasoan eta erreketan ibiltzen direnez, klima aldaketak dituen kalteak bi leku horietan jasaten dituzte. Bereziki minberak dira».

Hori ez da espezie horiek duten mehatxu bakarra. Nagusietako bat gehiegizko arrantza da. Arrain horiek ibaietan gora edo behera ibiltzen direnez gero, bidean aurkitzen dituzten oztopoek ere kalte egiten diete. «Gipuzkoan presa asko desagertu ziren. Egiten diren lanei esker, presa botatzean arrainak sar daitezke», esan du Diazek.

Habitaten galerak ere eragin zuzena du arrain diadromoetan. «Aingirek asko maite dituzte hezeguneak, eta horiek desagertu dira, eta erriberako basoa ere desagertzen ari da». Uraren kalitatea faktore garrantzitsua da: «Aingira ez da hain exijentea, baina izokina, adibidez, ez da errekan sartzen uraren kalitatea ez bada ona». Azkenik, espezie inbaditzaileen mehatxua dute: silurua, izokin arrosa, karramarro urdina...

Arrain diadromoen onurak eta mehatxuak kontuan izanda,AZTIk Europako agintariei eskatu die «ardura har dezatela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.