Azken 25 urteetan sekulako hobekuntza egon da abortatzeko eskubidean. Munduko ia 50 herrialdek abortatzeko legeak leundu dituzte andreen ugalketa eskubideen mesedetan. Emakumeen eskubideen aldeko aldaketa horiek kontinenteka aztertuz, Afrikako herrialdeek egin dute aurrerapen nabariena; nahiz eta soilik kontinente horretako sei herrialdetan den legezkoa abortua. Hain justu, Tunisian, Ginea Bissaun, Beninen, Mozambiken, Hegoafrikan eta Cabo Verden. Baliteke AEBetako Auzitegi Gorenak duela bi aste erabaki zuenak ezbaian jartzea egindako urrats horiek: abortatzeko eskubidea penalizatzea. Washingtongo epaileen erabakiaz geroztik, etorkizuna ziurgabea da emakumeen abortatzeko eskubideei dagokienez.
Center of Reproductive Rights erakundeak munduko herrialde guztien abortatzeko legeen araudiak jasotzen ditu, eta horiek bost multzotan sailkatzen: lehenengo kategorian, abortua guztiz debekatua duten herrialdeak daude; bigarrenean, abortua legezkoa dutenak soilik emakumearen bizia salbatzeko; hirugarrenean, abortua emakumearen osasuna zaintzeko edo babesteko baimendua dutenak; laugarrenean, emakume baten gertuko ingurunea eta egoera sozial eta ekonomikoa kontuan hartzen dituztenak haurdunaldia eteteko modua emateko; eta bosgarrenean, abortatzeko eskubidea legezkoa den estatuak.
Munduan 601 milioi emakumeri aitortzen zaie abortatzeko eskubidea, hots, hamar andretik lauri. Betiere kontuan izanik haurdunaldia eteteko epeek mugatzen dutela eskubide hori, eta herrialde bakoitzaren arabera muga hori desberdina dela. Horiek horrela, estatu gehienetan abortatzeko eskubidea haurdunaldiaren hamabigarren astera artekoa izaten da. Guztira 72 herrialdek dute legedi hori, eta azken 25 urteetan hamabost estatu pasatu dira bosgarren kategoriara: Espainia, Irlanda, Hegoafrika, Albania, Nepal eta Uruguai, besteak beste.
Laugarren kategorian dauden herrialdeetan, alor ekonomiko eta sozialaren araberakoak dira emakumeen abortatzeko eskubideak. Lege horiek interpretazio zabala egiten dute askotariko egoeretan abortuari bide emateko. Egoera horretan daude hamar emakumetik bi. Hirugarren kategorian dauden estatuetan, ez dago emakumeen esku abortatzeko erabakia. Izan ere, eskubide hori andrearen osasunaren eta arlo terapeutikoaren arabera erabakitzen da. Egoera horretan dago hamar emakumetik bat; guztira 225 milioi andre. Bigarren kategorian ere, emakumeek abortatzeko eskubidea dute soilik haien bizia arriskuan dagoenean. 360 milioi andre daude egoera horretan; hamarretik bi, hain zuzen ere.
Lehenengo kategoria horretan daude munduko 24 herrialde, eta abortatzeko debeku horrek 90 milioi andreri eragiten die. EB Europako Batasuneko estatu kideen artean, Malta da bakarra abortua legez kanpokoa duena. Herrialde horretan abortua debekatuta dago edozein kasutan. Amerikako kontinentean zenbait estatu daude lehen kategoria honetan: besteak beste, Dominikar Errepublika, Honduras, El Salvador eta Nikaragua. Azken horretan, abortua ilegala da, eta lege hori urratzeak ondorioak ditu bai emakumearentzat, bai abortua gauzatu duen medikuarentzat: kartzela zigorra da ordaindu beharreko prezioa. Asian, Filipinetan, Laosen, Nepalen eta Iraken dago debekatuta abortatzeko eskubidea. Afrika da legeria gogorrena duena abortatzeko eskubideei dagokienez. Guztira sei estatuk ukatzen die andreei haurdunaldia etetea: Mauritaniak, Senegalek, Sierra Leonak, Kongok, Madagaskarrek eta Egiptok.
Kolonbia azkena
Azken 25 urteetan munduko hamabost herrialdek legeztatu dute abortua, eta azkena Kolonbia izan da. Iragan otsailean, haurdunaldiaren 24. astera arte abortua despenalizatzea erabaki zuen Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak. Geroztik, Latinoamerikako legedirik aurrerakoiena du. Kolonbiak baino lehen, Argentinak eta Mexikok ere egin zuten abortua despenalizatzeko urrats hori.
Haurdunaldia eteteko garaian Afrikak legeria murriztaileena eduki arren, kontinentean urrats garrantzitsuak egin dira 1994tik egoera hori iraultzeko. Urte horretan, Afrikan abortua debekatuta zegoen hamazazpi herrialdetan, eta hamabostetan zen legezkoa soilik emakumearen bizitza salbatzeko. Egun, ordea, seitan dago galarazita abortatzeko eskubidea, eta hamahirutan da legezkoa andrearen bizia salbatzeko. 1994tik, Afrikako hemeretzi estatuk hobera egin dute abortatzeko legeei dagokienez. Hobekuntza horren adibide dira Sao Tome eta Principe, eta Benin. Abortua legezkoa da bi herrialde horietan haurdunaldiaren hamabigarren astera arte.
Emakumeen eskubideak gehien babesten dituen kontinentea Europa da. EBk urrats garrantzitsuak egin ditu abortatzeko eskubidea bermatze aldera. Horietako bat da Europako Parlamentuak iragan urtean aitortu zuenean «abortu segurua izatea giza eskubide bat» zela. EBko estatu gehienetan abortatzea posible da haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan. Europa iparraldeko herrialdeak izan ziren lehenak Europan abortua legeztatzen. Suedian, esaterako, emakume batek haurdunaldiaren hemezortzigarren astera arte abortatu dezake.
Kontinente zaharrean, deigarriena da Finlandian eta Erresuma Batuan abortatzeko eskubidea baldintzatuta dagoela emakume baten gertuko ingurunearen eta egoera sozial eta ekonomikoaren arabera. Hain justu, Erresuma Batuan, 1967ko Abortu Legeari esker, andreek haurdunaldia eteteko eskubidea zuten 24. astera arte; Ipar Irlanda salbuespen. Herrialde horretan debekatuta zegoen abortua ia egoera guztietan. 2019an, ordea, parlamentariek abortua eskubide egiten zuen lege hori baliogabetu zuten, eta haurdunaldia «baldintzarik gabe etetea» legeztatu zuten hamabigarren astera arte. Edonola ere, eskubide hori gauzatzeko zerbitzuak eskasak dira.
Horiez gain, Irlandako Errepublika (2013an) eta Ipar Irlanda (2019an) izan dira EBko azken lurraldeak abortatzeko eskubidea legeztatzen. Atzerapen horren arrazoietako bat erlijioak bi herrialdeetan duen pisua da, bereziki Irlandako Errepublikan duena. Hala ere, Eliza katolikoaren eragina txikituz joan da. Izan ere, 2018an, erreferendum bidez, Irlandako Errepublikako herritarren %66k bozkatu zuten abortatzeko eskubidearen murrizketei amaiera emateko.
Kontzientzia eragozleak
Europak abortuaren aldeko legedia aurrerakoiena duen arren, beste zenbait arazorekin topo egiten dute emakumeek: abortatzeko baliabide faltarekin. Herrialde batzuetan, besteak beste Italian eta Espainian, abortua legeztatuta bai, baina hutsuneak daude hura gauzatzeko baliabideetan. Hori gutxi ez, eta Italian kontzientzia eragozleak deiturikoak daude. Osasun zentroetan lan egiten duten eta abortatzeko eskubidea gauzatu behar dutenak dira horiek, baina haien pentsamoldea dela medio ez dutenak abortatzeko prozesuan parte hartu nahi. Alabaina, haurdunaldia etetearen kontra daude. Italian, ginekologoen %70ek esaten dute kontzientzia eragozleak direla. Ondorioz, herrialde horretan emakumeentzat zaila da abortatzea, ez baitaukate hori egiteko prest dagoen ia inor.
Europan ez bezala, Asian bi mundu paralelo antzeman daitezke abortatzeko eskubideari dagokionez: batetik, Asia iparraldea, Errusiak, Txinak eta Kazakhstanek osatzen dutena, besteak beste; eta, bestetik, Asia hegoaldea. Iparraldeko estatuetan, abortua guztiz legezkoa da. Hegoaldean, ordea, nabaria da mapan urdina ez beste hainbat kolore daudela, eta horrek esan nahi du haurdunaldia etetea baldintzatuta dagoela; hau da, emakumearen bizia salbatzeko edo haren osasuna babesteko dela legezkoa.
Hego Korea eta Thailandia Asia iparraldeko olatu urdinera batu dira, eta abortua despenalizatu zuten iragan urtean. Seulek haurdunaldiko hamalaugarren astera arte legeztatu du haurdunaldia etetea, eta Bangkokek, hamabigarrenera arte. Bestalde, Ekialde Hurbilean, azken 25 urteetan bakarrik bi herrialdek leundu dituzte abortatzeko legediak: Iranek eta Arabiar Emirerri Batuek, hain zuzen ere.
Ozeanian bestelakoa da abortuaren aldeko jarrera. Geroago iritsi da abortuaren aldeko legedia. Izan ere, besteak beste Australian duela hiru urte legeztatu zuten, eta Zeelanda Berrian, duela bi.
AEBetan, atzerapausoa
AEBetatik etorri da azken berria abortatzeko eskubideari dagokionez: Auzitegi Gorenak abortua debekatuta zegoela ebatzi zuen. Geroztik, andreen ugalketa eskubideak ataka larrian daude. AEBetako Auzitegi Gorenak 1973. urtean Roe v. Wade izenez ezaguna den epai historikoan onartu zuen haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala. Ia 50 urteko arau hori indargabetu zuten epaileek duela bi aste, eta, geroztik, abortua ez da eskubide konstituzionala herrialdean. Orain, estatu bakoitzaren esku dago abortuaren inguruko legedia zehaztea. Center for Reproductive Rights erakundearen arabera, «azken 25 urteetan AEBak izan dira, beste hiru herrialderekin batera, abortu legea deuseztatu duen herrialde bakanetako bat».
AEBak ez dira izan andreen eskubideak murriztu dituzten bakarrak. Urrutira jo gabe, Europan Polonia izan da azkena haurdunaldiaren eteteari trabak jarri dizkiona. Bitxia da Varsoviaren kasua. Izan ere, 1932an, Sobietar Batasuneko Polonia izan zen Europako lehen herrialdea abortatzeko eskubidea legeztatu zuena betiere arrazoi medikoengatik eta haurdunaldia krimen baten ondorio izan bazen. 1990etik, ordea, emakumeen eskubide hori mugatu egin da, hein handi batean Eliza katolikoaren eraginagatik. 2020an, Poloniako Auzitegi Gorenak agindu zuen bortxaketa eta intzestu kasuetan soilik eten daitekeela haurdunaldia, edota emakumearen bizia arriskuan dagoenean bakarrik, salbuespen moduan.
Baliteke AEBetatik datorren abortatzeko eskubideen murrizketa uholdeak eragin zuzena izatea kontinente zaharrean, eta Polonia da lehen mehatxua Europarentzat. Varsoviari jarraikiz, Hungaria eta Eslovakia ere emakumeen eskubideak murrizteko bidean daude.