Zelenskik onartu du «zaila» dela egoera Kharkiven eta Donbassen

Frantziak handitu egingo du Ukrainari ematen dion laguntza militarra eta humanitarioa. Errusiak esan du hainbat instalazio militar suntsitu dituela eta berrehun soldadu ukrainar hil

Herritarrak giza laguntza eskuratzeko borrokan, Zaporizhzhia hirian, Ukraina hego-ekialdean. ROMAN PILIPEY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko 5,4 milioi pertsonak egin dute ihes Ukrainatik duela bi hilabete pasa Errusiak erasoaldiari ekin zionetik, eta egoerak okerrera egin du herrialdearen ekialdean. Hala onartu zuen atzo Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, eta nabarmendu egoera «bereziki zaila» dela Kharkiv hirian eta Donbass eskualdean: «Donbass suntsitu nahi dute; han bizi den oro hil. Etengabeko bonbardaketa ankerrak dira Errusiaren asmoen froga». Atzo egun osoan bonbardatu zuten Moskuko hegazkinek eremua. Donetskeko Liman barrutia eta Luhanskeko Sievierodonetsk eta Popasna eremuak izan ziren erasoen jomuga. Ez ziren bakarrak izan, ordea. Errusiako iturrien arabera, hamazazpi instalazio militar suntsitu zituzten atzo herrialdean, baita Odesako aireportuari eraso ere, eta gutxienez berrehun soldadu ukrainar hil.

Bien bitartean, oraindik ere Mariupol hiriko Azovstal altzairutegian harrapatuta daudenehunka herritarren egoera «giza hondamendi baten parekoa» dela ohartarazi zuen atzo bertan gotortuta dauden soldadu ukrainarren buruak. Serhi Volina komandantearen esanetan, hirurogei adingabe daude altzairutegian babestuta, tartean lau hilabeteko haur bat: «Hondakin artean eraikitako kontzentrazio esparru bat da». Azken egunetan NBE Nazio Batuen Erakundeak ahaleginak egin ditu Errusiak korridore humanitario bat zabal dezan, altzairutegian babestutako herritarrak atera ahal izateko. Baina Ukrainako armadak jakinarazi duenez, azken orduetan ere «amaigabeak» izan dira bonbardaketak. Zauritutako hogei zibil atera zituzten atzo eraikinetik.

Preso trukea

Errusiak preso hartutako hamalau soldadu ukrainar Kieven esku utzi zituzten atzo. Hala jakinarazi zuen Ukrainako lehen ministrorde Irina Verestxukek. Ez zuen zehaztu zenbat soldadu errusiar askatu zituzten haiek trukean, baina salatu zuen Errusiako tropek herritar ukrainarrak «deportatu» dituztela, «trukerako» erabiltzeko asmoz. Hortaz gain, Ukrainako Gobernuak leporatu zion Moskuri okupatutako eremuetan bildutako «milaka tona labore» Errusiara eraman izana. Nekazaritza ministro Mikola Solskik ohartarazi zuen «elikagai krisia» leher daitekeela Errusiak garia eramaten jarraitzen badu: «Arazoa ez da soilik laboreak eramaten ari direla, baita ere, gerra amaitu ezean, nekazari askok ezingo dutela euren uzta bildu».

Horiek hala, nazioartearen babesa jasotzen jarraitzen du Zelenskik. Frantziako estatuburu Emmanuel Macron izan zuen atzo telefonoz bestaldera. Deia amaitutakoan, Parisek iragarri zuen handitu egingo duela herrialdeari ematen dion laguntza militarra eta humanitarioa.

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroven esanetan, berriz, «gatazka luzatu eta bake negoziazioak oztopatu» soilik egingo du nazioarteak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren erakundeak armak bidaltzen jarraitzeak. Gerra hasi eta lau egunera, otsailaren 28an, hasi zituzten bi aldeek bake elkarrizketak, baina gaur-gaurkoz ez dute emaitzarik eman. Lavroven esanetan, nazioarteak Errusiari jarritako zigor ekonomikoak, «errealitate geopolitiko berria» eta errusieraren estatusa dira mahai gainean dituzten elkarrizketagaietako batzuk. Ukrainak, baina, ukatu egin du halakorik.

Finlandiaren erabakia

Maiatzaren 14rako jakinaraziko du Finlandiako presidente Sauli Niinistok NATOn sartzearen aldekoa den; bi egun geroago, lehen ministro Sanna Marinek jakinaraziko du bere jarrera. Bi buruzagiak NATOn sartzearekin bat baldin badatoz, gobernuak prozedura hasi ahal izango du nazioarteko erakundean sartzeko. Baina Helsinkik ez du bakarrik egin nahi urratsa, eta Suediarekin harremanetan dago, hark ere NATOn sartzeko asmoa jarri baitzuen mahai gainean, Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi eta aste gutxira. Finlandiako Atzerri ministro Pekka Haavistoren esanetan, «oso garrantzitsua da» bi herrialdeek norabide bera hartzea, epe berean.

Suedia eta Finlandia ofizialki NATOko kide ez diren arren, badira nazioarteko erakundearen aliatu, eta horrek azkartu egingo luke bertan sartzeko prozedura. Beste kontu bat izango da dagoeneko erakundeko kide diren estatuek bi kide berriak berresteko prozedura —baldin eta Finlandiak eta Suediak aurrera egitea erabakiko balute—, kasu batzuetan Kongresuaren eta Senatuaren onespena behar baita. Azken urrats hori hainbat hilabetez luzatu liteke, aurtengo urte bukaera edo datorren urte hasiera arte. Ipar Mazedonia izan zen NATOn sartu zen azken herrialdea, 2020ko martxoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.