«Alarma egoera baliatu dute Talka ixteko»

Aske geratu dira ostiraleko protestan atxilotutako bi lagunak. Talkako kideek ez dakite Ertzaintzak espazioa ixteko agindurik ba ote zuen

Talka espazio feminista, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Gasteizko Talka espazio okupatua itxi egin du Ertzaintzak, behin-behinean bada ere: giltzarrapoz zarratuta esnatu zen atzo egitasmo feminista, Alde Zaharreko Hedegile kalean. «Orain oso mugatuta gaude berriz sartzeko, kalera ateratzen bagara identifika gaitzaketelako. Alarma egoera baliatu dute Talka ixteko. Guretzat beharrezkoa da», adierazi dio kide batek BERRIAri.

Herenegun hasi zen zalaparta Talkaren inguruan. Arratsaldean atea hesi hormaz ixten saiatu ziren «langile batzuk», baina kexuak izan ziren bizilagunen artean, eta alde egin zuten; une hartan ez zegoen inor eraikinaren barruan, baina kide batzuk hurbildu egin ziren. «Ertzainak agertu ziren eta identifikatu gintuzten; mozal legea aplikatzearekin eta usurpazio delitua leporatzearekin mehatxatu gintuzten».

Iluntzean, berriz, Talka defendatzeko protesta bat antolatu zuten: Hedegile kalean paseatzera deitu zuten. Ertzaintza «neurrigabe» aritu zela salatu dute: «Jendearen atzetik korrika hasi ziren. Pertsona asko identifikatu zituzten, baita kalean zihoazen batzuk ere». Bi lagun atxilotu zituzten, desobedientzia leporatuta; atzo aske geratu ziren. Halere, esker onez mintzatu dira auzokoez: «Leihoetara atera ziren Talka babestera».

Espazioaren itxiera legez kanpokoa izan daitekeela ere adierazi du Talkako kideak: «Ertzainei husteko agindua eskatu genien, baina ez zeukaten. Eta agindurik gabe, ezin dute hustu». Hedabide batzuen arabera, ordea, agindua indarrean dago, baina «tentsioa saihesteko» alde egin zuten langileek. «Ez dakigu auzia zertan den», esan dute Talkakoek.

Egitasmo feminista horrek okupatutako bigarren espazioa da Hedegile kalekoa; abenduan sartu ziren hara. «Eraikina udalarena zen, baina Adolfo Dominguez saltokiek erosi zuten, ez dakigu zenbatean. Gerora denda batzuk ireki zituzten, eta handik gutxira, itxi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.