EZIN EUTSIZKO BEHIN-BEHINEKOTASUNA

Urte askoan gertatu eta handitu da arlo publikoko behin-behinekotasun maila handien arazoa. Behin-behinekotasunarekin, lan eskaintza publikoekin eta urteetan bitarteko gisa ari diren milaka langilerekin zer gertatuko den erabakitzear dagoela, sei euskal sindikatuk grebara deitu dute sektorea.

2018ko ekaineko argazki bat. Azterketa bat BECen, hezkuntza alorrerako deitutako lan eskaintza publikorakoa. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irune Lasa.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Sindikatuek aspalditik salatu dute, euskal administrazioek aitortzen dute, eta Europak berak ere gaitzetsi du behin baino gehiagotan: administrazio publikoetako behin-behinekotasun maila itzelezkoa da. Eta hori guztia ahaztu gabe, lehen arlo publikokoak izan eta azken hamarkadatan azpikontratazio bidez pribatizatu diren zerbitzuak, eta haietako behin-behinekotasun maila.

Gaur egun, Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan langileen %40 inguru ari da behin-behinekotasunean lanean, 65.000 langiletik gora. Hainbestekoa da arazoa, Espainian ere, non badirudi inflexio puntu bat iristear baitago, behin-behinekotasuna murrizteko neurrien inguruan. Besteak beste, Europatik ere eskaera gero eta ozenagoa delako. Eta erabakitzeko orduan, zenbait euskal sindikatuk bat egin dute erakundeei eta indar politikoei presio egiteko, euren aldarrikapenak aintzat hartuak izan daitezen erabakiguneetan, eta batez ere Madrilen egin daitezkeen lege aldaketetan. Hala, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek greba eguna deitu dute apirilaren 22rako, EAEko sektore publiko osoan, behin-behinekotasun mailak salatzeko, langile taldea handitu eta ratioak hobetzeko galdeginez, eta aldibaterakotasuna gehien nozitu duten sailetan langileentzako salbuespenezko kontsolidazio prozesuak eskatzeko.

Kontsolidazioen beharra

Kontsolidazien puntu horrek garrantzi berezia du oraintxe, sindikatuen iritziz, lan eskaintza publiko handiagoek bere horretan bakarrik ez liokeelako konponbide egokia ematen azken urteetatik eratorri den arazoari. Hainbat eremutan, Espainiako Aurrekontuek hala behartuta, euskal administrazioetan ez da ganorazko LEPik egin urteetan, eta hutsuneak behin-behineko langileek bete dituzte. Bost-hamar-hogei urte behin-behinean ari diren bitarteko langile horiekin zer gertatuko da postu horiek eskaintza publikora ateratakoan? Eusko Jaurlaritzak, adibidez, iragarri du datozen lau urteetan 10.000 lanpostutarako LEPak egiteko asmoa duela.

Behin-behinekotasun tasen murrizketarako erabakigune horietako bat Eusko Legebiltzarra da. Hantxe dago tramitean Eusko Jaurlaritzatik Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuko Kidego eta Eskalen legea.

Haren bi xedapen iragankorretan jasotzen da arlo publikoko behin behinekotasuna murrizteko asmo zehatz bat, zeinak aukera zabalduko lukeen LEP lan eskaintza publikoetan txanda bereziak egiteko zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten interinoentzako. Haiek ez lukete proba teorikorik egin behar, nahikoa lukete azterketa praktiko bat gainditzea. Txanda bereziak zabaltzeko aukera, hori bai, behin-behinekotasunak langile zerrendaren %40tik gora hartzen duen administrazioko eremuetara mugatuko litzateke.

Bi xedapen horiek CCOO eta UGT sindikatuen babesa duten bitartean, ELA eta LAB kontra daude, haien iritziz ez direlako nahikoa.

EAJren eta PSEren botoekin, legeak aurrera egin beharko luke Legebiltzarrean. Baina gerta daiteke xedapen jakin horren ezarpenak oztopoa topatzea auzitegietan, gertatzea Poliziaren Legearekin jazotako gauza bera. Otsailaren 18an Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegitea aintzat hartu du, eta baliogabetu du Poliziaren Euskal Legearen hamargarren xedapen iragankorraren bigarren atala, zeinetan, hain zuzen, txanda bereziak aurreikusten ziren zortzi urtetik gorako antzinatasuneko bitarteko langileentzat.

Txanda bereziak, Konstituzionalaren arabera, EPOE Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak dioenaren aurka doaz, han bermatutako konkurrentzia askearen oinarrizko printzipioaren kontrakoak dira, itxiak direlako eta administrazio horrekin loturarik izan ez duen hautagaiei eragotzi egiten dielako parte hartzea polizia lanpostu horietarako hautaketa prozesuan.

Lege batean baliogabetuta, berdina gertatuko al da Kidego eta Eskalen Legeak jasotakoarekin? Besteak beste, horri buruz hitz egin dute, aste honetan bertan egindako bileran, Olatz Garamendik eta Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro izendatu berriak. Sailburuaren arabera, Icetak konpromisoa hartu du bere gain, «administrazioaren zerbitzura ibilbide luzea egin duten bitarteko langileen esperientzia aitortzen laguntzeko». Eta Garamendik jakinarazi du Kidego eta Eskalen lege proposamenari bere horretan eusteko asmoa duela, aldaketarik egin gabe interinoentzat txanda bereziak jasotzen dituzten xedapenetan.

EPOEren moldaketa

Jada hamalau urte dituen EPOEren erreformarako aukera ere zabaldu da Madrilen. Eta hor dago erabakigune nagusia. Izan ere, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak baldintzatzen ditu beste legeak, Poliziaren Euskal Legearekin ikusi den moduan.

Espainiako Gobernuaren asmoa, El País-ek argitaratu duenez, estatutuaren 10. artikulua aldatzea da, arlo publikoan bitarteko langileen mugatzeko, eta muga hausten administrazioak zigortzeko. Asmo horren jatorrian Europaren presioa dago, Europak eskatzen dio Espainiari behin-behinekotasun tasak jaisteko, eta, hain zuzen, arlo publikoan tasa horiek oso handiak dira.

Apirilaren 22rako grebara deitu duten euskal sindikatuek ere nahi dute EPOEren moldaketa, baina beste helburu batekin, eta bizkor, izatea gainera. Nahi dute EPOEk salbuespenezko prozesuentzat tarte handiagoa uztea, administrazioetan behin-behinean aritu diren langile horien egoera aintzat hartzea. Behin-behinekotasunak halako tamaina eta iraupena hartu duen salbuespenezko egoeraren aurrean, salbuespenezko prozesuak ahalbidetzea.

EPOEren moldaketa horrekin soilik lortuko litzateke legezko bermea erkidegoetan erabakitako kontsolidazio prozesuentzat. Eta Madrilgo erabakigune horretan, Espainiako Parlamentuan Pedro Sanchezen gehiengoa eusten duten euskal indar politikoek zeresan handia dutela uste dute ELAk, LABek, CCOOk, Steilasek, SATSEk eta ESKk. Horiei ere galdegiten die greba.

Grebaren deitzaileek Interinok Taldearekin hitz egiten ari direla esan dute. ELAk, LABek, eta CCOOk diote ez luketela ulertuko haiek deialdiarekin bat ez egitea.

Jaurlaritzaren Administrazio Zentralean, Lakuan, eratutako taldeak, ordezkaritza handia lortu zuen 2019ko hauteskunde sindikaletan. Bitarteko langile horiek ez dute bat egitenkontsolidazio prozesuekin; zuzeneko finkotasuna eskatzen dute, Europako auzitegien ebazpenetan oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.