Enpresa guztiek dute urtero beren diru kontuak Merkataritza Erregistroan aurkezteko betebeharra, baina Zaldibarko zabortegiaren enpresaren jabeak, Verter Recycling 2002 SMk, ez ditu orain berri arte aurkeztu 2018koak. BERRIAk eskuratu du 2018ko diru kontuen auditoria, eta horren arabera, ia hiru milioi euroren irabazi garbiak izan zituzten jabeek urte hartan: 2.722.315 euro. Berez, 2019ko uztailaren 31rako aurkeztu behar zituzten kontuak; pandemiagatik, iazko azaro arte luzatu zuten epea, baina geroago eman dituzte argitara. Gainera, ohikoa ez dena, auditorea aldatu zuten 2018ko kontuak aztertzeko. Eibarko Gaurve Auditores taldeak egin du 2018ko azterketa.
Enpresa 2002an sortu zuten, eta zabortegia 2011n hasi zen lanean. Ordutik 2017 bitarteko diru kontuak ezagunak ziren, horiek garaiz argitaratu zituztelako. 2018ko balantzea gehituta, emaitza esanguratsua da: lanean aritu zen lehen zortzi urteetan, 11,29 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen enpresak. Baina 2018ko irabaziak oso nabarmenak dira, zortzi urtez irabazitako guztiaren laurdena urte bakar horretan sortu zutelako.
Zabortegia betetzeko erritmoa bizkortu zen bezala bizkortu ziren irabaziak ere. Zabortegian bota zuten material kopuruaren araberakoak ziren irabaziak: 2012an, 185.000 tona hondakin hartu zituzten, eta 713.000 euroren irabaziak izan zituzten; 2015ean, 285.000 tona hondakin hartu, eta 1.394.000 euro irabazi; 2018an, 540.000 tonarekin, 2015eko irabaziak bikoiztu egin zituzten.
2019ko diru kontuak argitaratu gabeak ditu enpresak, berez iaz aurkeztu behar zituen arren —1.200 eta 60.000 euro arteko isun bat jar diezaiokete atzerapenengatik, berez—. Halere, 2019an 500.000 tona hondakin baino gehiago hartu zituen zabortegiak, 2018an baino 40.000 tona gutxiago, eta estimazio bat eginez, esan liteke 2019an bi milioi eurotik gorako irabaziak izango zituela aise. Ia hamalau milioi euroren irabaziak lirateke, beraz, amildu aurretik metatu zituztenak.
Negozio berezia dira zabortegiak. Hasieran inbertsio handia eskatzen dute martxan jartzeko. Eta bukaeran, erabat betetzen direnean, beste ezohiko gastu bat egin behar da, zabortegia zigilatu eta bazterrak txukuntzeko. Ez dute negozio askok hainbesteko gastua behar izaten bukatu ondoren. Tartean, baina, zabortegien esplotazio gastuak ez dira hainbestekoak izaten, eta irabazi tarte handietarako aukera ematen du horrek. Zaborrak ematen du neurria: zenbat eta zabor gehiago jaso, orduan eta irabazi gehiago, jasotako tona kopuruaren eta materialaren arabera kobratzen dutelako. Eta hori egin zuen Verterrek: irabazi marjinak handitu, zaborra hartzeko erritmoa bizkortuz.
Irabazi tarte handiak
Konparaziorako balio du: 2018an 9,5 milioi euro fakturatu zituen enpresak, eta sei langile baino ez zituen soldatapean (380.485 euroko kostua). Horrek esan nahi du langileekin gastatutako euro bakoitzeko 25 euro fakturatu zituela enpresak, eta 25 horietatik bederatzi euro irabazi garbi bihurtu zirela. Ez dute negozio askok halako irabazi tartea.
Negozioak zituen baldintzapen handiak, berriz —hasierako eta bukaerako inbertsio handi horiek—, ongi bideratuak zituen. Zabortegia martxan jartzeko, hamar milioi euro gastatu zituen; enpresak beretik jarri zituen 3,65 milioi euro, eta gainerakoa maileguetatik jaso zuen. Baina 2018an 200.000 euro eskaseko zorra besterik ez zuen bankuekin. Lur gehienak eta azpiegiturak hipotekatuta zeuzkan, hori bai, berme gisa. Zabortegia ixteko garaian egin beharko zituen obretarako, berriz, 8,5 milioi euroren probisio bat egina zuen 2018an. Pixkanaka dirua gordetzen ari zen.
Diru kontuetan eskasik ez zuen enpresak. Altxortegian 7,9 milioi euro zeuzkan efektiboan. Urtero irabaziak zituenez, jabeei dibidenduak emateko arazorik ere ez zuen izan: 2013an 202.883 euro eman zizkien nagusiei; 2014an, 2015ean eta 2016an, berriz, urtero 405.768 euro. 2017an eta 2018an ez zuen dibidendurik eman, eta kapitalizatu egin zituen irabaziak. Seguru asko, zabortegia betetzen ari zela oharturik, azken gasturako gordetzen ari zirelako.
Hala ere, bada argitu gabeko atal bat, enpresaren kapital funtsetik 1,8 milioi euro atera zituztelako jabeek 2017an. Normalean jabeen artean partitzeko egiten dira halako mugimenduak, baina auditatutako diru kontuek ez dute argitzen diru hori nora joan zen.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere jasotzen zuen jardun horren onura. Sozietate zergaren bidez, eta 2018 arte, guztira 3,7 milioi euro ordaindu zizkion Verterrek Bizkaiko ogasunari. 2018an bakarrik, 768.330 euro.
Gertakizunen talaiatik, deigarria egiten da 2018ko txostenean auditoreak, uste askorik izan gabe, txertatutako esaldi honek: «Arrisku esanguratsurik ez dago». Inor gutxik pentsatuko zuen 2020ko otsailaren 6an zabortegia amildu eta bi langile azpian hartuko zituela. Diru kontuei begiratuta, behintzat, arriskurik ez zen sumatzen.