COVID-19aren bigarren olatua iritsi zenetik, Bizkaiko zahar etxeetan 24 egoiliar hil ditu birusak. Bizkaiko Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuenez, azkeneko bi egunetan beste hiru erabiltzaile zendu dira izurriak jota. Eta bigarren olatu horren indarraren berri ematen du azken orduetan Hego Euskal Herrian detektatutako kasu kopuruak. 936 positiboren berri eman zuten, atzo, administrazioek; hau da, bezperan baino 73 gehiago dira. 12.128 PCR proba egin zituzten herenegun Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; ostegunean baino 219 test gehiago. Nafarroan hiru pertsona hil dira gaitza dela eta. Foru gobernuaren arabera, 82, 79 eta 72 urte zituzten zendutakoek.
Lurraldeka, Araban izan ezik, gainontzekoetan gora egin dute, positiboek bezperako datuekin alderatuta. Bizkaian 406 kasu atzeman dituzte —bezperan baino 49 gehiago—; Gipuzkoan 223 kasuren berri eman zuten —ostegunean baino sei gehiago—; eta Nafarroan 191 izan dira kasuak —bezperan baino 25 gehiago—. Araban 114 detektatu dituzte PCR probaren bidez; hau da, ostegunean baino zortzi gutxiago.
Kontrara, ospitaleratze kopuruak behera egin du. Administrazioek jakinarazi zuten 59 pertsona erietxeratu zituztela, ostegunean, Hegoaldean. Atzo plazaratutako datuen arabera, herenegun 45 ospitaleratu zituzten. Bestalde, pertsona bat gutxiago dago ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan: 58 ostegunean, eta 57 herenegun.
Ospitaleratuta daudenen artean, Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarrak dira hamazazpi. Azken orduetan 127k eman dute positibo PCR proban, eta, aldundiaren arabera, lurraldeko bederatzi zentrotan detektatu dute positiboren bat. Kasu gehien Barrikako zentroan erregistratu dituzte: 30 guztira.
Egoiliarrez gain, Bizkaiko zahar etxeetako langileak ere kutsatuta daude. Aldundiaren esanetan, 92ri detektatu diete birusa, eta beste 77 bakartuta daude.
Birusaren bigarren olatua Arabako adinekoentzako zentroetan ere sartu da. Foru aldundiak atzo jakinarazi zuenez, Gasteizko Elorri zahar etxeko 11 egoiliarrek positibo eman dute aste honetan egin dizkieten PCR probetan. Horiei gehitu behar zaizkie aldundiaren menpeko beste bi zentrotan ostegunean detektatutako hiru kasuak: bat Txagorritxun, eta bi Arizanabarran. Halere, Araban agerraldi nabarmenena, orain arte, Zuiako zahar etxean gertatu da; azken datuen arabera, 28 pertsona daude kutsatuta: 25 egoiliar eta hiru langile.
Indurain, Leitzan
Leitzan (Nafarroa) abuztuaren 26tik irailaren 2ra 39 kasu detektatu zituztela eta, atzo PCR probak egiten hasi ziren, kiroldegian, herrian bizi diren 15 urtetik gorako pertsonei. Agintariek espero dute 2.500 bat test egitea guztira. Gaur dira probak bukatzekoak. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria Leitzan izan zen, atzo, Carlos Artundo Osasun zuzendariarekin batera. Mikel Zabaleta Leitzako alkatearekin bildu ziren, eta hitz egin zuten, Nafarroako Gobernuaren arabera, agerraldia dela-eta herrian joan den ostegunean ezarritako neurriez. 15 egunez egongo dira indarrean ostalaritzari eta espazio publikoaren erabilerari eragiten dioten neurriak, baina egoeraren bilakaeraren arabera aldatu ditzakete.
Beste bi agerraldiri buruzko datuak ere man zituen atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Mungiako (Bizkaia) taberna batean egondako bezeroen artean 604 PCR egin dituzte, eta, oraingoz, 31k positibo eman dute. Irungo (Gipuzkoa) taberna batean gertatutako agerraldiaren harira, 889 PCR egin ditu Osakidetzak, eta zazpi dira, oraingoz, positiboak.
Koronabirusa
Bizkaizko zahar etxeetan beste hiru egoiliar hil dira birusak jota
Beste 936 positiboren berri eman dute Hego Euskal Herrian; bezperan baino 73 kasu gehiago dira. Nafarroan adineko hiru pertsona zendu dira COVID-19aren ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu