Lan harremanak eta digitalizazioa. Kaleratzeak

Ostikada digitalaz kaleratuak

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.

Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. CCO.
inaut matauko rada
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Kasu batzuk salbuetsita, kaleratzea da langile orok iristea nahi ez duen momentua. Arrazoia edozein dela ere, langileentzat beti da gogorra lanpostutik kanporatua izatea. Legeak garbi dio kontratua eteteko gutuna idatziz helarazi behar diola enpresaren ordezkariak langileari, edo burofax baten bidez, langileak erabakiaren berri izan duela ziurtatzeko.

Ikusi gehiago:AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Teknologiaren bilakaerak komunikatzeko modu berriak ekarri ditu lan harremanetara, eta horien bidezko kaleratzeek gora egin dute. Dena den, Juanjo Lopez CCOOko aholkulari laguntzaileak dio halako kasuak ez direla ohikoak. Enpresa gehienek aholkularitza legal handia dute, eta egin behar dituzten urratsak «ondo» egiten dituzte. Hala ere, halako kasu gehienak enpresa txikietan eta negozio familiarretan gertatzen direla azaldu du: «Arauz kontrako kaleratzeak, idatziz egiten ez direnak, beti gertatu dira. Enpresa txiki eta familiarretan batez ere, zeinetan familiakoa ez den langile bat dagoen, eta harremana gaiztotzen bada, ugazabak edozein astakeria esan eta despeditu zaitzakeen».

Antzeko iritzia du Irati Sienrak, LABeko Zerbitzu Pribatuetako kideak. Berretsi du halakoak ez direla ohikoak, eta, gertatzekotan, mezu bidez esaten dietela kaleratu egin dituztela, baina ondoren postaz entregatzen dietela jakinarazpena: «Izan dudan kasu batean, langile bati Whatsappez esan zioten bota egin zutela, eta ondoren kaleratze gutuna jaso zuen».

Ziurtasunaren beharra

Espainiako Langileen Estatutua irmoa da kaleratzeko moduen inguruan. Batez ere, argi geratu behar delako langileak badakiela despeditua izan dela. Izan ere, kontratua eteteko gutuna jasotzen duenetik, hogei egun baliodun ditu epaitegietara jotzeko eta erabakiaren aurkako helegitea jartzeko.

Ikusi gehiago:Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Gauzak hala, bi modu daude langileak jakinarazpena jaso duela ziurtatzeko: eskura gutun bat ematea, edo burofax bat bidaltzea. Hori dela eta, whatsapp mezuak, deiak, bideodeiak, SMSak edo posta elektroniko bidezko mezuak ez dira nahikoa kaleratzearen berri emateko.

Gizarte Segurantzaren SMSa

Sindikatuetako abokatu biak bat datoz ez dela oso ohikoa langile bat Whatsapp edo posta elektroniko bidez kaleratzea. Halere, biek nabarmendu dute langile batzuek Gizarte Segurantzaren SMS mezu baten bidez jakin dutela kaleratuak izan direla.

«Askotan, Whatsapp edo posta elektronikoz esan beharrean, langileei ez diete jakinarazten kalera bota dituztela, eta gero izaten dute erabakiaren berri, Gizarte Segurantzaren SMS batek jakinarazten dienean baja eman dietela», azaldu du Sienrak.

Lopezek ere antzeko kasuak jorratu izan ditu: «Iritsi izan zaigu jendea esanez: 'Aizu, oporretan nago, eta baja eman didate Gizarte Segurantzan'. Enpresak aurrez jakinarazi gabe ematen du baja, eta kotizatzeari uzten dio langileak. Horrek esan nahi du enpresak kontratua eten duela, eta horrek bidea ematen digu guri salaketa bat jartzeko».

Ikusi gehiago:Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.