«Oldarraldiaren» aurrean, Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioaren xehetasunak aurkeztu ditu. 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat' izango da leloa

Kontseiluak, euskalgintzako hainbat ordezkarirekin batera, azaroaren 4ko manifestazioa aurkeztu zuen atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo - Arantxa Iraola
Bilbo
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Euskara eskakizunen kontra, eta administrazioan euskaraz jardutea ahalbidetzen duten erabakien aurka ere bai. Ebazpen judizial ugarik auzitan jarri dituzte iragan hilabeteetan euskara garatzeko aurrerabideak. Aspaldikoa da kezka, euskalgintzak hilabeteak daramatza «oldarraldi judiziala» salatzen, eta, iragarrita zegoen eran, azaroaren 4an manifestazio bat egingo da Bilbon, kezka hori agerian uzteko. Manifestaziorako deia egiteko agerraldia egin zuten atzo euskalgintzako hainbat eragilek, Kontseiluak deituta.Eta manifestaziorako leloa jakinarazi zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak: Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat. Aldarri hori gogoan, Bilboko kaleak betetzera deitu zuten. Azken urteotan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izango dela aurreikusi zuten antolatzaileek.

«Euskararen normalizazioa eta biziberritzea helburu duten arauen eta politika publikoen kontrako epai sorta geldi gabe eta amaiezin bat gertatzen ari dela salatu nahi dugu», adierazi zuen Eskisabelek, Euskalduna jauregiaren aurrean. Izan ere, azaroaren 4an manifestazioa hantxetik abiatzea da asmoa, 17:00etan. Bilboko udaletxerainoko bidea izango da, eta han egingo dute amaiera ekitaldia.

Mobilizazioaren atariko, herri eta auzoetan ekitaldiak antolatzera deitu dute: «Hurbileko zein hain ez hurbileko jendeari manifestazioaren berri emateko». Alderdi politiko eta sindikatuei ere bat egiteko eskatu diete. Eragile eta norbanakoek manifestazioaren alde atxikimendua emateko era izango dute Kontseiluaren webgunean.

Agerraldian, gogora ekarri dituzte euskararen kontra ebatzi diren hainbat ebazpen, eta bereziki uztailaren 6koa: egun hartan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalerri euskaldunei euskara hutsez jarduteko bideak estutu zizkien, EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetuta. Erabaki harekin, euskararen normalizazioan aurrerapausoa emateko «tresna sendo bat» indargabetzeaz gainera, «adostasun sozial handi baten kontra» egin zen: halaxe nabarmendu du agerraldian idazkari nagusiak. Gogoratu du erantzun zabala eman zitzaiola ebazpen hari; hain justu ere, uztailaren 13an 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskuetan, epaia salatzeko eta kezka adierazteko. Aurrez, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere agerraldi jendetsu bat egin zuen ebazpenaren aurka.

Kezka aurretik ere bazetorren, hala ere. Eskisabelek berak gogora ekarri du maiatzean egin zutela aurrena manifestazio handi bat egiteko proposamena. Goibururik gabe egin zuten orduan aurkezpena. «Euskaltzale denek eta hizkuntza berdintasunean» sinesten duten guztiek ontzat emango zuten lelo bat nahi zuten, bateratzailea, eta hain justu horretarako ireki zuten «prozesu irekiaren» emaitza da gaur plazaratu duten leloa. Zer esan nahi duten azaldu du. «Euskararekin bat» esanda adierazi nahi dute «oldarraldi eta olatu erreakzionarioen gainetik» euskararen biziberritzean eragiteko eta sakontzeko garaia dela. «Euskaraz bat» aldarrikatuta, berriz, nabarmendu nahi dute euskara «gizarte kohesiorako tresna» dela. Epai anitzek euskara «segregaziorako» tresna gisara erakutsi nahi izan badute ere, bestelako ikuskera dute manifestaziorako deia egin dutenek: «Gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia da».

Erantzun «eraginkorra»

Besteak beste, agerraldian izan dira AEK-ko, Topaguneko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariak. Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendaria eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria ere bertaratu dira, baita Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia ere. «Oldarraldiaren aurrean, erantzun bateratua eman beharra dago», azpimarratu du Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Gizarte eragileak eta eragile politikoak biltzeko beharra adierazi du, erantzun «eraginkor» eta «jendetsua» emateko. «Erakutsi behar dugu hemen badagoela herri bat eta euskaltzale mordo bat, horrelako erasoei erantzuna emateko prest».

Era berean, Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak aipatu du elkarlana sustatu behar dela: «Euskara eta euskal kultura aurrera aterako dira elkarlanean jarduten badugu; hori da manifestazioarekin aldarrikatu nahi duguna». Iñaki Zabaleta Eusko Ikaskuntzako ordezkariak, gainera, gehitu du elkarlan horrek «aktiboa» izan behar duela: «Euskararen inguruko aktibismoa indartu behar dugu».

Zenbat Gara elkarteko Isa Izarzelaia ere agerraldian izan da. Haren ustez, sententziak beste modu bat dira euskaldunak «gutxiesteko, aukerak kentzeko eta nor izateari uzteko». Horregatik, uste du herritarrek manifestazioarekin bat egingo dutela. «Euskaldun moduan, nik uste dut identifikatuko garela. Min egiten digu, eta min hori sentitzen dugu. Euskaldun moduan eta herritar moduan. Txikiagotu egiten gaitu, desagerrarazteko bidean jarriz. Euskara etxe barruko hizkuntza izatera garamatza horrek, intimitatetik kanpo ez erabiltzera. Legearekin topo egin eta legeari dagokion guztia euskaraz egin ahal dugunean, orduan izango gara hiri edo herri euskalduna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.