joxerra senar
ANALISIA

Nostalgiaren eta etsipenaren artean

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun

Politikan ez dago inoiz ezer %100ean ziurtatzerik, baina, aurrekariak ikusita, iragarritako heriotza baten kronika izan da Navarra Sumarena. Izan ere, herenegun baieztatu zuen UPNk maiatzeko foru eta udal hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko dela, baina, egiazki, duela urte eta erdi erakutsitako zalantzak berretsi baino ez ditu egin. Izan ere, iazko ekainean, UPNko kongresuaren atarian, Javier Esparzak publikoki adierazi zuen uda hartan erabakiko zutela zer egin Navarra Sumarekin. Planteamendu harekin iradoki zuen UPNk ez zuela begi onez ikusten apustu harekin jarraitzea.

Ikusi gehiago:PPk UPNri bota dio errua

Erabaki hura atzeratu egin zuten, baina sakoneko asmoa aurtengo otsailaren 3an azaleratu zen: lan erreformaren bozketan PSOErekin akordioa erdietsita, UPNk agerian utzi zuen amortizatutzat jotzen dutela proiektu hori eta nahiago duela sozialistengana hurreratu. Arratsalde ero hartan Espainiako Kongresuko korridoreetan PPk eta bere ingurune mediatikoak egindako presioak hauspoturik, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek traizio egin zieten Esparzaren asmoei, eta koalizio barruko arrakala handitu besterik ez zen egin. Pablo Casadok alderdiaren buruzagitza uzteak eta haren ordez Alberto Nuñez Feijook lur hartzeak ez du ezer aldatu. Udan, egoera berriz bideratzeko elkarrizketak izan dituzte bi alderdiek, eta PPk koalizioa errepikatzeko nahia azaldu dio. Dena den, UPNk ez du amu hori irentsi nahi izan, eta azken ukitua eman dio Navarra Sumari.

Mugimendu horrekin, marka propioa berreskuratuko du. Bigarren aldiz, UPNren hizkiak beste proiektu baten barruan xurgatuta aurkezteak etorkizunean beste indar batek 40 urtez pilatutako kapital politikoa ebatsi zezakeen. Bakarrik aurkeztuta, zartada batez arrisku hori desagerrarazten du, eta autonomia propioaren irudia indartu —zerbaitegatik bete ditu Iruñeko karrikak Ez Madrilen ez Bilbon, erabakiak hemen hartzeko irrikan dioten kartelekin—.

UPNren ikuspegitik Navarra Sumak bete zuen (partzialki) bere funtzioa. 2015ean bananduta aurkeztea akats politikoa izan zen: ozta-ozta Ciudadanosek ez zuen parlamentuan eserlekua lortzeko derrigorrezko %3ko langa gainditu, eta ia 10.000 boto zakarrontzira botata eskuineko sektorearen oinari tiroa bota zion. Aldaketaren legealdiko gehiengoa amesgaiztoa izan zen UPNrentzat, eta 2019an gehiengo hura oztopatzeko erreminta izan zen Navarra Suma. Hauteskundeetan, hogei eserleku erdietsi zituen, lau urte lehenago baino hiru parlamentari gehiago.

Alta, horrekin ez da aski. Soziologikoki, eskuina pixkanakako gainbeheran da Nafarroan. UPN zein Navarra Suma lehen indarra dira Nafarroan, bai, baina gobernatzeko gehiengotik gero eta urrunago daude. Azken bi hamarkadetan, hauteskundez hauteskunde, joera da boto kopuruan beherantz doazela: 2003an, 150.976 boto eskuratu zituen UPN-CDN binomioak, eta gobernatzeko gai ziren. 2019an, Navarra Sumak 115.987 boto izan zituen.

Errealitate horren aurrean, UPNk badaki uneotan gobernatzeko aukera erreal bakarra Sarasate pasealekuan, edo zehatzago esanda, Ferrazen datzala. Santos Cerdan Antolamendu idazkariaren sostengu pean, PSOEk babestu egin du legealdi honetan PSNk egindako apustua, eta Madrilen zein Nafarroan EH Bildurekin akordioak erdietsi dituzte. Beraz, oso urrun dirudi aukera horrek, baina otsaileko lan erreformaren akordioak edo hainbat udaletan —Iruñean kasu— sozialistek eskuinaren udal gobernuak ahalbidetu izanak erakusten du akaso ez dagoela hain urrun.

Espainian testuinguru politikoa aldatuz gero, edo —ia-ia 2019an gertatu zen bezala— udazkeneko hauteskunde orokorretan botoak galtzeko beldurrez, PSOErentzat errazago izan daiteke UPNrekin adostea, Navarra Sumarekin baino. Ezin da ahaztu PSNren barruan zenbaitek begi txarrez ikusten dutela egungo apustua, eta nahiago dutela iraganeko entente-a. Uneotan, nostalgikoak gutxiengo dira, baina haize bolada politiko batek alderdiaren beste arima hori indartu dezake. Gainera, soziologikoki elkar ulertze horren aldeko boto sozialistak erakarri nahiko ditu ere bai Esparzak.

Apustuak, jakina, arriskuak ditu. Hasteko, ikusteko dago orain PPk zer indar batzen dituen bere inguruan eta UPNri zenbat boto kentzeko gai den. Gaur- gaurkoz, sektore hori ahul dago: Nafarroako PPn Javier Garcia izendatu dute buru, baina bere lidergoak ez du xarmarik, eta ikusteko dago zer egiten duten Sayasek eta Adanerok. Voxi dagokionez, ez du inongo presentziarik. Intuizioz, eskuin eremuko boto emaileek indar nagusia babesteko joera dute, baina morrontza horretatik ihes egiteko mezua eman behar lukete, arrakasta eduki nahi badute.

Txibitek, gainera, hauteskundeetan PSN UPNren aurretik geratzeko erronka bota du, eta oraingo legealdiko gehiengoaren aldeko apustua berretsi du. Testuinguru konplexu horretan, Esparzak ondotxo daki bere etorkizun politikoa jokoan dagoela. Nafarroako Jauregira heldu ezean, akabo. Harentzat eta UPNrentzat hil ala bizikoa dirudi gobernura heltzea, eta uneotan ia ezinezko irudituagatik 25 jarleku baino gehiagoko gehiengoa lortzeko aukera posible bakarrari heldu diote. Nostalgiaren eta etsipenaren artean egindako apustua dirudi bereak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.