Irungo Udalak (Gipuzkoa) herriko emakumeei indarkeria matxistari buruz egindako inkesta bat kaleratu zuen atzo. Jasan duten indarkeriaren gainean galdetu zaie Irungo 400 emakumeri. Alardearen inguruko galdera zehatzik egin ez zitzaien arren, beste genero indarkeria molde bat atera du argitara lanak: Irungo emakumeek alarde berdinzalean parte hartzeagatik pairatzen dutena.
Gipuzkoako hiririk handienetan bigarrena da Irun: 62.933 biztanle ditu. Emakumeak soilik kantinera gisa hartu izan dute parte hiriko festetako alardean duela 25 urte arte, baina 1996an hainbat emakume batu ziren alarde berdinzaleago bat egiteko asmoz. Orduz geroztik, gatazka ugari izan dira alarde baztertzailearen eta parekidearen artean.
BERRIAk txostena eskuratu ahal izan du, eta, hor azaltzen denez, galdeketa egin zaien emakume batzuek salatu dute indarkeria matxista pairatu dutela alardeak direla eta, eta, eraso horiek kolektiboan eta publikoki salatu dituzten arren, udalak jarrera «arduragabea» izan duela. Inkestan ez zegoen alardearen inguruko galderarik. Azken galdera irekia zen, norberak nahi zuena konta zezan jasandako indarkeriaren inguruan, eta zenbaitek zuzenean alardeekin lotu dute herrian jasaten duten indarkeria.
Hala ere, txostenean ohartarazi dute litekeena dela emaitzak ezberdinak izatea San Martzial festen inguruan zuzenean galdetuz gero: «Zifra dezente altuagoa izango litzatekeelakoan gaude», adierazi dute azterlanean metodologiaren inguruan.
Azterlanaren arabera, «alardearen testuinguruan pairatu dituzte indarkeria edo eraso bortitzenak elkarrizketatuetako hainbatek: bulkadak, txistuak, irainak, balantzak, ur basokadak eta basoak jaurtitzea, kolpeak, mehatxuak». Horrez gain, txostenean ageri da emakumeak «ezkutuan» jantzi eta atera izan direla erasook eragozteko, eta askok «kalez eta arropaz» aldatu behar izan dutela «beren burua babesteko».
Ikerketaren arabera, komunitatean «oso errotuta» dagoen indarkeria forma da Irungo emakumeek alardearen testuinguruan jasaten dutena, eta «edozein egunetan lagunduko lukeen inguruko jendeak» egun horietan «bizkarra» ematen die erasoak jasaten dituzten emakumeei. Izan ere, azterlanean azaltzen denez, erasotzaileak «udalerriko ezagun edo bizilagunak» izaten dira kasu horietan. Bildutako testigantzek gogor kritikatu dute udalak izandako jarrera, ikerlanean ageri denez: «Eraso horiek publikoki eta kolektiboan salatu dituzten arren, udalaren jarrera erabat arduragabea izan dela salatu dute». Txostenak ohartarazi du egoera ikusita «premiazkoa» dela udalak «esku hartzea» eraso horiek bukatzeko.
Udalak, bere aldetik, adierazi du V. berdintasun plana prestatzen ari dela, eta ohartarazi du «inkestak erakutsitako errealitatea» plan horretan «jasota» geratuko dela. Azaldu duenez, txostena Emakundera, Foru Aldundira eta Espainiako Berdintasun Ministeriora ere bidali dute.
Alardetik harago
Alardearen auziaz gain, Irunen indarkeria matxistari dagokionez emakumeek bizi duten egoera erakusten du dokumentuak. Jaso dutenez, Irungo emakumeen %17,8k aitortu dute indarkeria matxistaren biktima direla edo izan direla, eta %75, 1ek erantzun dute jazarpen edo beldur egoerak bizi izan dituztela espazio publikoan.
Indarkeria matxista
Irungo alardea, indarkeria matxistaren agertoki
Udalak biolentzia matxistari buruz egindako galdetegi batean, hiriko hainbat emakumek aitortu dute bortxa hori jasan dutela alarde parekidean parte hartzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu