Milan Kundera Txekoslovakian jaio zen, zeina herri txekiarrek (Bohemiak eta Moraviak) eta Eslovakiak osatua baitzen. Moraviakoa zen, Brno hirikoa, eta oso moraviartzat zeukan bere burua. 1989an kendu zen Txekoslovakian bere liburuen debekua. Harrezkero, txekierazko edizio jatorrizkoen berrargitalpenak baimendu zituen, tantaka. Baina betiere, Brnoko (nola ez?) Atlantis argitaletxean.
Kundera nazioartean ospe handiena izan duen eleberrigile txekiarra izan da, eta baita literatura unibertsal garaikidearen idazle gorenetako bat ere; Nobel saria lortu ez izana horren erakusgarri delarik. Txekiatik ihes eginda, Frantzian bizi izan zen 1975az geroztik, eta 1981az geroztik izan zuen herritartasun frantsesa. Erbesteko lehen urteetan, txekieraz idazten jarraitu zuen (1988ko Nesmrtelnost 'Hilezkortasuna' nobela zoragarria nabarmenduko nuke), baina gerora frantsesezko idazle bihurtu zen, nobela eta saiakera generoak landuz.
Harrigarria badirudi ere, Nesnesitelná lehkost bytí 2006an argitaratu zen lehen aldiz txekieraz Txekiar Errepublikan, hau da, Berlingo harresia erori eta hamazazpi urtera. 2007an, Txekiar Errepublikako Literatura Sari Nazionala eman zioten, baina ez zen sari emate ekitaldira joan, osasun arrazoiak argudiatuz. Adierazgarria...
Ikusten denez, Kunderak harreman istilutsua izan zuen beti bere herriarekin. Ulergarria da, beraz, sistema politikoaren aldaketa gorabehera bere herrira bizitzera itzuli ez izana. Komunismoaren ezkutuko paperak argitaratzen hasi zirenean areagotu egin zitzaion ezinikusi hori. Haietako batean salatari gisa agertu zen: gazte bat salatu zuen polizia txekiarraren aurrean. Gazteak hamalau urte eman zituen kartzelan, komunismoaren gehiegikeriak bere nobeletan kritikatuz, aberastutako idazlearen erruagatik.
Euskaraz irakur dezakegu Kundera. Honatx txekieratik zuzenean euskaratutako lanak: Amodio barregarriak ipuin liburua (Erein, 1993), Izakiaren arintasun jasanezina nobela (2009an Literatura Unibertsala bilduman plazaratua). Horiekin batera, bi ipuin, Ni, jainko nahigabetua eta Anuntziatzailea, zeinak aipatuko ez ditudan arrazoiengatik mundu zabalean euskaraz soilik irakur baitaitezke, 2016tik, Armiarma.eus webgunean.
Kunderaren eleberriak hibrido bat dira, non fikzioa sarritan saiakera generora lerratzen den eta baliabide ugari hartzen dituen: ironia, ahots narratiboen ugaritasuna, elementu erreal eta fikziozkoen nahasketa, digresioa, eta abar... Kunderak narratzaile orojakilearen rola hartzen du beti, eta ez du testuan ezer lotu gabe uzten. Hori dela eta, pertsonaiei gertatzen zaiena kontatzeaz gain, pertsonaia horien gogoetak ere eskaintzen dizkigu. Hain da sakona giza izaerari buruzko bere azterketa, ezen irakurleari erraza baitzaio pertsonaia horrekin edo bestearekin identifikatzea eta, zentzu etimologikoan, errukitzea.
IRITZIA
Milan Kundera, jainko nahigabetua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu