xabier martin
GEURE KONTU

Aernnovaren jatorria dela eta

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe Aernnova beharbada ez zen existituko gaur. Ez da kazetari honen esana, Arantza Tapiarena baizik, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuarena. Baina ez pentsa asteon Berantevillako (Araba) plantako ehun kaleratzeen iragarpenaren harira ahoskatua denik; 2015. urtekoa da, aeronautika enpresak fabrika berean 133 lanpostu kentzera zihoala jakinarazi zuenekoa. Haserre hitz egin zuen Tapiak hedabideen aurrean, Arabako enpresak ia aldi berean, Toledoko plantan (Gaztela-Mantxa, Espainia) 150 lanpostu sortzeko asmoa zuelako. Zerk eraman zuen Tapia hain gordin hitz egitera duela bost urte eta zergatik ez da berdin aritu orain?

Aernnova euskal industriaren abangoardiako ordezkariaren sorreraren nondik norakoetan arakatu behar da Tapiaren hitzen esanahia erabat ulertzeko. Arabako aeronautikaren aitzindari Gamesaren adar bat da Aernnova. 2006ko urte bukaeran enpresa berriaren zuzendaritza partzuergo berri batek hartu zuen; akordioa egin berria zuen Eusko Jaurlaritzarekin: «Taldearen egoitza sozialak, fiskalak eta zuzendaritza efektiboak Euskadin jarraituko dute». Konpromiso hori hartu zuen enpresak. Ana Agirre zen Industria sailburua orduan: «Proiektu honek Euskadin duen konpromisoa eta apustu sendoa» nabarmendu zituen akordioa sinatu zuten egunean. 2006 hartan, Aernnovak «enplegu mailari eusteko konpromisoa» hartu zuen, gainera. Zehatzago oraindik: «Enpleguari kalte egingo lioketen deslokalizazio larriak» ez egiteko konpromisoa agertu zuen jendaurrean.

Ulertzekoa da Tapiaren haserrea 2015eko iragarpenen ostean. «Aernnovaren jokaera salatu nahi dugu, bai Jaurlaritzarekiko, bai instituzioekiko, bai langileekiko»; «ezin gara neutral egon»; eta «xantaia da» esaldiak bota zituen orain dela bost urteko azaroan. Hegazkinen sektorean aritzeari utzi zion Gamesak 2006an, berriztagarrien alorra lehenetsita —orain Alemaniako Siemensen esku—, eta negozio aeronautikoa inbertitzaile talde baten eskuetan geratu zen, Iñaki Lopez Gandasegi buru. Eragiketa aurrera eramateko finantza bazkide bat bilatu zuten Euskal Herritik kanpo: CCM Caja Castilla La Mancha. Harrezkero inbertsio eta jarduera ugari Gaztela-Mantxan kokatzea erabaki du zuzendaritzak. Garai horretan Euskal Herriko finantza bazkide bat lortu izanak enpresaren norabidean nolako ondorioak izango zituen erantzunik gabeko galdera izango da beti.

Orain, berriz, mende batean aurrekaririk gabeko pandemia bat iritsi da mundu globalizatura, eta hegazkinak lurrean geratu dira; leher egindako konpainien inbertsioak eten dira. Eta Tapiak krisi gogor bati buruzko azalpen soilak baizik ez ditu eman gaur arte, enpresei «ahal diren enplegu guztiei eutsita» jarduerarekin jarraitzeko esatearekin batera; «lau edo bost urte» aipatu ditu aeronautikaren merkatuak normalizatzeko beharko duten epeari erreparatuz, eta, bien bitartean, euskal industriaren sektore preziatuenetako bat odolusten ari da, lehen biktimak, beti bezala, langileak direla.

Berantevillan, «galera historikoak» direla eta, ehun kaleratuko dituzte 2021eko hasieran, langileek topatzen ez badute erregulazio prozesua geratzen lagunduko lukeen erakundeen babes sendo bat. Ez du ematen Ekonomiaren Garapeneko sailburua duela bost urteko hordagoa botatzeko tenorean denik, baina ezin da ahaztu hainbeste aldiz goratzen duten kolaborazio publiko-pribatu horren magman urtzen direla batzuetan nahitaezkoak ematen duten erabaki traumatikoak, kasurako 2015ean Aernnovak egin ez zituen kaleratzeen iragarpen hura.

Eta zenbatekoa da Aernnova pribatuak jaso duen kolaborazio publikoaren zenbatekoa? Zazpi milioi eurokoa azken urteotan, EH Bilduk asteon salatu duenez. Horregatik eskatu diote gobernuari, hala koalizioak nola Berantevillako langileek, enpleguaren alde esku hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.